Ikuskizunaren berme bihurtu da Euskal Herriko Itzulia. Aurreko bi aldiek munduko probarik erakargarrienen artean kokatu dute. Bukaera apoteosikoa izan zuen 2019an, Ion Izagirreren iraultza tarteko, eta iaz Primoz Roglic izan zen azken etapan lasterketa hankaz gora jarri zuena. Esloveniarrak bi garaipen lotzeko erronkari helduko dio bihartik aurrera. Faborito garbia da.
Hasteko, bihar 7,5 kilometroko erlojupekoa jokatuko da Hondarribian. Indarra ez ezik, teknika ere erabakigarria izango da, herri barnean ariko direlako. Garaipena segundo apur batzuen kontua izango da, eta lehen aldeak zabalduko dira faboritoen artean. Biharamunean egun lasaiagoa izango dute, Leitza eta Viana artean. Saiorik luzeena izango da ?207,9 kilometro?, eta hortzak zorrotz izango dituzte errematatzaileek eta iheslariek.
Hurrengo egunetan ere, helmugaraino iristeko aukerak edukiko dituzte abenturazaleek. Ibilbidea hautsia izango da; beraz, tropelaren kontrolak ezingo du hertsia izan. Onenek belarriak tente eduki beharko dituzte Laudio eta Amurrio artean jokatuko den etapan, baita Gasteizetik Zamudiora bidean ere. Ostiralean, berriz, Zamudiotik abiatuko dira, eta Mallabian egongo da helmuga, 800 metroko horma batean. Aurrez bost mendate eta aldapa ugari igoko dituzte.
Lasterketa azken egunean erabakiko da. Etaparik motzena izango da ?135,7 kilometro?, baina baita gogorrena ere, 4.000 metroko desnibela baitu. Bi aldiz igoko dira Arratera, eta, iaz bezala, mendate mitikoan txapela jantzi nahiko du Roglicek. Pogacar egon ezean, Remco Evenepoel (Quick Step) izango da Jumbo Vismako lemazainaren mehatxu nagusia. Izen asko ageri dira koska bat beherago: Julian Alaphilippe (Quick Step), Jonas Vingegaard (Jumbo Visma), Sergio Higuita eta Aleksandr Vlasov (Bora), Adam Yates eta Dani Martinez (Ineos), Enric Mas (Movistar)… Euskal herritarrei dagokienez, esperantza Pello Bilbao (Bahrain) eta Ion Izagirrerengan (Cofidis) egongo da jarria.
Atariko, atzo jokatu zen Miguel Indurain saria. Eguraldia tarteko, ibilbidea laburtu zuten, eta Warren Barguil (Arkea) gailendu zen.
Ikusi gehiago:Markel Irizar: «Estrategia da Roglici irabazteko modu bakarra»
Euskal Herriko Itzulia
Zirraragarri dator berriro
Bihar hasiko da Itzulia, Hondarribian, eta oso lehiatua izatea espero da. Roglic da faborito nagusia, baina beste hautagai asko dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu