Urteko sari nagusien erdiak baino gehiago irabazi ditu Sebastian Vettelek. Herenegungoa zazpigarren garaipena izan zuen,beste guztiak baino nabarmenagoa.Hori hala dela ikusteko, aski da Fernando Alonso bigarren sailkatuari atera zion aldeari erreparatzea: minutu erditik gorakoa, tartean Segurtasun Auto bat izan zelarik. Azken hiru lasterketetan garaipena lortu du alemaniarrak, mota guztietako zirkuituetan. Monzan ez zuen aurkaririk izan, eta Singapurren ere ez. Edonon da nagusi Red Bull autoarekin. Irabaztea gozoa bada ere, horrela irabaztea ohitura bilakatzen denean lehiak erakargarritasuna galtzen du, bai ikusleentzat, bai gidariarentzat beretzat ere.
Vettelek guztia lortu du Red Bullekin; ezin da zalantzan jarri laugarren urtez jarraian munduko txapeldun izango denaren nagusitasuna. Asteburu honetan Singapurren egin duena txapela kentzeko modukoa izan da, gauza bat irabaztea baita eta beste bat aurkariak birrintzea. Dagoeneko ez du ezer gehiago erakutsi beharrik Red Bullen. Horregatik, Vettelek beste helburuak bilatu beharko lituzke, bere garaian Schumacherrek egin zuen bezala. Kaiser-ak aurretik bi titulu bakarrik irabazita heldu zion Ferrari berpizteko erronkari, baina han bilakatu zen benetako txapeldun.
Italian asko maite dute Alonso, baina Ferrarin daramatzan lau urteetan aurkari beraren aurrean amore eman behar izan du. Vettelek, berriz, helburu berria behar du, benetako erronka. Eta Ferrarik aldaketa behar du, lau urtean emaitzarik eman ez duen egitura hori berrantolatu.Sasoi bukaera zatekeen une egokia, datorren urteko aldaketa tekniko sakonekin batera.
Vettelek pauso sendoa eman du laugarren titulurako bidean
Erakustaldia eman du Singapurren, eta agian erronka berriak bilatu beharko lituzke etorkizunerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu