Natxo Gonzalez. Surflaria

«Ur azpian bi olatu pasatzeari diot beldurra»

Big Wave World Tourrean aritu den europar bakarra izan da Natxo Gonzalez bizkaitarra, eta partaide gazteena ere bai. Azken hilabeteetan Kanaria Uharteetan zehar ibili da itsasaldi handienen atzetik. Olatu handiak ditu pasio eta bizibide.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Sopela
2016ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Goizero, jaiki, eta mundu osoko itsas iragarpenak aztertzen ditu. Barinatxa hondartzan elkarrizketatu du BERRIAk, bi egunera Indonesiara joateko hegazkin txartelak hartu edo ez zalantzan. Txartelak erosi zituen, bai, baina helmuga Txile hartuta.

Gogoan al duzu hartu zenuen benetako lehen olatu handia?

Bai, Galean izan zen, hiruzpalau metroko itsasaldi garbi eta indartsuarekin. 13 urte inguru izango nituen. Lagun guztiek olatu bana hartu ostean, bakarrik geratu nintzen itsas zabalean. Berehala,olatualdi eder bat sartu zen. Ez nintzen ausartu lehen olatua hartzera; bigarrena bai. Primeran aritu nintzen surfean ur masa lodi hartan.

Alde handia dago olatu handietan aritze hutsetik bizimodua hortik atera nahi izatera.

Txilen harturiko olatu batek surfaz neukan ikuspegia aldatu zidan guztiz. Punta de Loboseko surf gune ederrean izan zen, Pichilemu herrian. Olatu oso handi batean, hasierako jaitsiera primeran egin, eta kamioi bat kabi zitekeen tutu erraldoi eta bortitzean sartu nintzen. Ezin da azaldu ur masa basati haren barruan ikusi eta sentitu nuena, estasi natural baten antzeko zerbait. Erori eta astindu handia hartu arren, argi ikusi nuen aurrerantzean olatu erraldoi eta borobilak hartzera bideratu nahi nituela nire gogo eta ahalegin guztiak; ofizio bihurtuz gero, berriz, zoragarri.

Abenduan Peahi Challenge txapelketa ospetsuan hartu zenuen parte. Hogei orduko bidaia Hawaiiraino, eta badakizu munduko olaturik bortitzenetakoa dela. Nola egiten diozu aurre egoerari?

Gogorra da. Etxean barealdi batekin harrapa zaitzake horrelako itsasaldi batek, olatu handien txipa nahikoa jaitsia duzula. Abisatzen dizute itsasaldia bi egunera iritsiko dela Hawaiira, eta zu etxean egon zaitezke lasai asko, lagun batekin kafe bat hartzen edo auskalo zertan. Behin abisua jasota, nire burmuina etengabe hasten da lanean, itsasaldia barruraino sartzen zaizu, obsesio moduko zerbait bihurtzen da.

Izan al zenuen txapelketa baino lehenago olatua aztertu eta frogatzeko astirik?

Ez. Azken orduko hegaldi bat hartu, eta txapelketa bezperan iritsi nintzen Hawaiira, 22:00etan. Zuzenean ohera sartu nintzen, bainalehertuta egon arren ezin izan nuen lorik egin; ordubete bakarrik. Jaiki, gosaldu, eta lehiakideontzat prestatua zuten itsasontzira eraman gintuzten.

Zer topatu zenuten?

Itsasoan sekulako haizea zegoen, eta olatuak oso handiak ziren, erraldoiak. Mentalizatuta nindoan, lasai, konfiantza handiarekin. Nire txanda baino minutu batzuk lehenago Carlos Burlek eroriko oso gogorra izan zuen, eta ontzira igotzen lagundu behar izan nion, zeukan pasadarekin ez baitzen horretarako ere gai. A zer panorama, txanda animoso hasteko!

Surfline.com hedabide ezagunak The epitome of optimism oina jarri zion bigarren olatuan izan zenuen erorikoaren argazkiari. Nola gogoratzen dituzu segundo haiek?

Galdera egiten ari zinen bitartean, oilo ipurdia jarri zait! Indar guztiarekin egin nuen arraun, eta, zutik jarri orduko, surf taula osoa aireratu zitzaidan. Halere, olatua jaisteko asmoari eutsi nion, ohola nire burua baino gorago zegoela ohartu nintzen arte... Akabo! Oxigeno bonbonekin puzten den igeri jaka neukan jantzita, eta, horri esker, arazorik gabe atera nintzen ur azpitik.

Billy Kemper irabazleak esan zuen: «Surflariok sekulako gozatua hartu dugu, eta denok itzuli gara bizirik etxera. Hori da axola duen gauza bakarra». Himalaiara egindako espedizio batetik ateratako esaldia dirudi.

Bai, hala da. Jawseko txapelketa historikoa izan zen, surfean arituziren olatuen tamainarekin ordura arteko mugak hautsi baitziren. Ordea, itsas baldintza horietan izandako edozein erorikok ondorio oso larriak izan ditzake, eta gutako edonori egokitu dakioke albokoaren bizia salbatzen laguntzea. Horrek oso berezia egiten du olatu handietan aritzen garen surflarion arteko harremana.

Nola kudeatzen duzu beldurra? Bada bereziki izutzen zaituen zerbait?

Beldurrak ez, errespetuak egon behar du beti hor. Olatu batek harrapatu eta urpean bueltaka naukanean, nahikoa lasai egoten naiz. Hori asko landu daiteke igerilekuan, apneak eginez.

Ur azpian bi olatu pasatzeari diot beldurra, adibidez: lehenengoarekin oso azpiraino joan, denbora luzez egon, eta bigarren aparra etortzerako arnasa hartzeko denborarik ez izateari. Belarrietan kolpe bat hartu eta orekaren nozioa galtzeko arriskuak ere izutzen nau, urpean bueltaka nora joan ez dakidala geratuz.

Apirilean Namibian izan zinen Kepa Acerorekin, Skeleton Bayn. Nolatan?

Skeleton Bayko olatua azken urtetan aurkitu den olaturik onena da. Hiru kilometro inguru da luzean, eta, ur ertzetik begira jarrita, ez dira ikusten olatuaren hasiera eta amaiera. Ez sinestekoa da. Afrika mendebaldean itsasaldi interesgarri bat ikusi nuela esan nion Kepari, eta, hiru egunera, berak deitu zidan Namibiara joateko proposamenarekin. Etxean barealdi luzea iragarria zutenez, harekin joatea erabaki nuen.

Zein faktore baloratzen dituzue azken momentuko txartel garestiak erosi, hegazkinean ordu piloa pasa eta horrelako surf-guneetara joateko?

Itsasaldiaren tamaina eta norabidea, haizeak nondik joko duen eta zer indarrarekin, lekura iristeko zenbat denbora behar den, bidaiaren kostua... eta, orain, bidaiak izan dezaken interes komertzialari ere dezente erreparatzen diogu. Munduko beste puntan, olatu izugarriak hartu badituzu, baina ez baduzu dokumentu grafikorik, ez zara tokian bertan egon. Esperientzia pertsonala hor dago, eta beti egongo da; ordea, profesionala zarenean, guztiak izan behar du errentagarritasun bat, eta, gaur egun, babesleentzat garrantzitsuak dira gure bideoen Interneteko bisitak eta abar.

Namibiako bidaian handik bertatik argitaratu zenuten bideoa, olatuak hartu eta ordu gutxira. Arrakasta dezente izan zuen sarean.

Bai, ondo pentsatu eta antolatutako zerbait izan zen. Espero bezala, itsasoa norabide onarekin sartu,eta bi egunez etengabe aritu ginen surfean: lehenengoan hamabi orduz eta bigarrenean beste sei orduz, itsasoa bare geratu zen arte. Arratsaldean bideoa editatzeari ekin genion Kepak, Igor Bellido zinegileak eta hirurok. 05:00etan amaitu genuen edizioa, gaupasa eginda. Interneterako konexio eskasa genuenez, bideoak lau ordu behar izan zituen sarera igotzeko. Bagenekien amerikarrek bideoa guk baino lehenago egiten bazuten zaila izango zela gureak sarean sona izatea, eta bideoa bat-batekotasun horrekin argitaratzearen alde egin genuen.

Skeleton Bayko olatua ondo zukutzeko teknika handia behar dela diote surflari profesional askok. Hain zaila da?

Bai, nik ezagutzen ditudan olatuetatik zailenetakoa, eta beldurra ere ematen du. Abiadura bizian datorren tren batera martxan igotzea bezala da: indar handiarekin egin behar da arraun, olatua airean jaitsi, eta hasieratik abiadura hartzen hasi. Olatu batzuk hartu ere ezin genituen egin. Hori bai, gai izanez gero, olatuak sei tutu sakonetik gora egiteko aukera ematen du. Nire bizitzako olatu onenak hartu nituen Namibian.

Aurten izan al duzu saio gogoangarririk etxean?

Bai. Olatu oso bortitza topatu dugu hemen, Bizkaian, eta Hawaiin baino beldur handiagoa pasa nuen. Bi lagunekin batera itsasoratu nintzen, uretako motor edo beste inolako segurtasun neurririk gabe. Astakeria galanta.

Surf gunearen inguruan dauden arroka, itsaslaster eta abarrengatik, zaila da uretara salto egiteko momentu egokia bilatzea. Olatu edo aparren batek harrapatuz gero, alboan dagoen arroka erraldoi batera bota zaitzake. Hartu genituen olatuak ez ziren oso onak izan, baina pasatutako tentsio uneengatik dut gogoan saio hura. Gehiegi arriskatu genuen.

Zer helburu dituzu aurrera begira? Noraino iritsi nahi duzu?

Orain bizi naizen bezala urte askoan segitzea nahi nuke, itsasaldi handi eta ederrenei jarraika. Oso gaztetik mundu guztian barrena ibili naiz, eta horrek asko lagundu dit nire izaera eta balioak eraikitzen. Egunen batean beste lanen batean hasi beharko banu, ez nuke kexarik izango, orain arteko bizipenak nirekin izango baititut beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak