Iragan astean Alaves eta Barakaldo kanporatuak izan ostean, hiru dira Espainiako Kopako final-hamaseirenetan arituko diren Euskal Herriko taldeak: Athletic, Reala eta Osasuna. Bada, gaur jakin dute nor izango duten aurkari kanporaketa horretan. Athleticek UD Logroñesen aurka neurtuko ditu indarrak, Realak Ponferradina izango du kontrario, eta Tenerife izango da Osasunaren aurkaria. Partida bakarrera izango dira kanporaketak, eta urtarrilaren 3 eta 5 artean jokatuko dira. Hiru euskal taldeek etxetik kanpo jokatuko dute, egokitu zaizkien kontrarioak kategoria apalagoetan ari baitira lehiatzen.
Espaniako Superkopa jokatuko duenez, Athletic lehen bi kanporaketetatik salbuetsita egon da. Jakina zen talde zuri-gorriari Espainiako Federazioko Bigarren Mailako aurkari bat egokituko zitzaiola—garai bateko Hirugarren Maila—. Izan ere, maila horretako lau talde zeuden ontzian, eta Athleticekin batera, beste hiru talde egongo dira salbuetsita lehen kanporaketak jokatzetik. Bada, UD Logroñes egokitu zaio Ernesto Valverderen taldeari, eta Las Gaunasen jokatuko du. Bidaiari erreparatuta, erosoena egokitu zaio, eta, Gabonetako oporraldia bete-betean dela jokatuko dela kontuan hartuta, zale zuri-gorri dezente bertara daitezke hara.
Athletic gaur egungo Kopako txapelduna da. 40 urteren ondoren, aurreko sasoian altxatu zuen berriz ere garaikurra, Sevillan, Mallorcaren aurka jokatutako final gogoangarrian. Hala, gabarrak Bilboko itsasadarra zeharkatu zuen berriz ere. Talde zuri-gorriak berriz egin nahiko nuke balentria, eta hala azken denboraldietan Kopan egin duen lan onari segida eman. Izan ere, 2008-2009ko denboraldiaz geroztik sei finaletan izan da, eta hainbatetan iritsi da finalerdietara.
Helburu hori lortzeko lehen urratsak erosoa dirudi, UD Logroñesek hiru kategoria beherago jokatzen baitu. Baina Errioxako taldeak hainbat balentria egin ditu. Adibidez, lehen kanporaketan Eibar utzi zuen kanpoan, eta bigarrenean Lehen Mailako talde bat: Girona. Penaltietan izan zen azken hori. Sergio Rodriguezek zuzentzen du taldea, Realeko jokalari ohiak, eta Euskal Herriko hainbat jokalari ditu: Alvaro Mateo, Julen Monreal, Andoni Ugarte, Yasim Iribarren, Beñat Almandoz, Imanol Sarriegi etea Alexander Gualada. Ligan hirugarren dago bere multzoan, Getxoko Arenasen eta Eibar B-ren atzetik.
Realari maila bat goragoko aurkari bat egokitu zaio, Espainiako Federazioko Lehen Mailakoa —garai bateko Bigarren B maila—: Ponferradina. El Toralin zelaia bisitatuko du, beraz, Imanol Alguacilen taldeak. Realak kolpea hartu zuen aurreko sasoian Kopan, finalaren atarian Mallorcak kanporatu baitzuen. Horrek utzitako arantza ateratze aldera, bidea egiten ari da txapelketan talde txuri-urdina. Jove Español utzi zuen kanpoan lehen kanporaketan, 0-5 irabazita. Baina bigarrenean, majo sufritu zuen Conquense azpiratzeko. Luzapenean lortu zuen, Brais Mendezek sartutako gol bati esker: 0-1
Conquenseren antzera, aurkari deserosoa da Ponferradina, batez ere etxean. Zaleek bete egiten dute El Toralin. Hain zuzen ere, Reala B-ren multzo berean dago ligan Espainiako taldea. Lehen jardunaldian jokatu zuten elkarren aurka, eta txuri-urdinak 0-1 nagusitu ziren, Mikel Rodriguezek sartutako gol baten bidez. Oraintxe seigarren dago ligan, Reala Bk baino hiru puntu gutxiagorekin. Euskal Herriko jokalarien artean Markel Lozano eta Andoni Lopez nabarmendu behar dira.
Bigarren Mailako aurkaria izango du aurrean Osasunak: Tenerife. Pepe Melek zuzentzen duen taldea. Azken-aurreko dago sailkapenean, eta zortzi puntura dauka salbazioa. Mel denboraldi honetako bigarren entrenatzailea da aulkian, eta jada zabaldu da hura kargugabetu dezaketela. Bertan, Osasunan aritutako bi jokalari daude: Maikel Mesa eta Enric Gallego, baita Txantreako jokalari ohi Diarra ere.
Osasunak nagusitasunez gainditu zuen Kopako lehen kanporaketa Chiclanaren aurka: 0-5. Baina izerdi dezente bota behar izan zuen iragan astean Ceuta kanporatzeko, etxeko taldea 2-0 aurreratu baitzen, eta Osasunak hiru gol egin zituen partidako azken 10 minutuetan. Oraingoan ez du halako sustorik nahi, eta, duela bi urteko finala gogoan —Real Madrilen aurka galdu zuen Sevillan—, txapelketan aurrera egiteko beste urrats bat egiten saiatuko da.