Euskal Herriko Itzulia historiako hirugarren etenetik bueltatuko da gaur. Duela 97 urte jokatu zuten lehenbizikoz, baina 1931-1934 bitartean ez zuten antolatu, eta, 1935eko ekitaldiaren ondoren, 36ko gerra garaian ez zen egin. 1969an antola zuten berriro, eta, ordutik, lehenbiziko etena izan du iazkoa, COVID-19aren pandemiak eragindakoa. 97 urte eta 59 ediziotan, etxeko txirrindulariek bederatzi bider irabazi dute. Mariano Cañardo erriberritarrak lortu zuen lehenbizikoa, aurten 91 urte, eta Ion Izagirre ormaiztegiarrak itxi zuen garaipenen zerrenda, duela bi urte, jokatu zen azkenekoan. Euskal ziklismoaren hamargarren garaipena ikusteko aukera hagitz garesti egonen da, bertze behin nazioarteko tropeleko izarrak izanen baitituzte kontrario etxeko errepideetan.
Garaipenak herrialdeka zerrendatuz gero, espainiarrek lortu dituzte Itzuli gehien, hamasei guztira, eta bigarren daude euskal herritarrak, bederatzirekin. Italiarrak dira hirugarren, zazpi garaipenekin. Nahiz eta euskal herritarrek etxean korritu, nazioarteko lehiakidetza gogorrari aitzin egin behar izan diote beti, lehenbizikoz egin zutenetik. Horren erakusgarri, 1924-1935eko aldi hartako zortzi Itzulien erdiak irabazi zituzten lehenago edo geroago Frantziako Tourrean ere gailendu ziren txirrindulariek —Nicolas Frantz luxenburgotarrak, Mario De Waele belgikarrak bi bider, eta Gino Bartali italiarrak—, eta ekitaldi haietako podiumetan ere Frantziako Tourreko irabazleak sailkatu ziren —Henri Pelissier frantziarra bigarren 1924an, Andre Leducq herrikidea bigarren 1927an eta 1928an, Lucien Buysse belgikarra hirugarren 1927an, Frantz hirugarren 1929an…—.
Zazpigarrenean, lehenbizikoa
Cañardo izan zen lehiakide horiek garaitu ahal izan zituen lehenbiziko euskal txirrindularia, 1930ean. Hirugarren egina zuen behin, De Waeleren eta Leducqen gibeletik (1928), eta bi urte geroago Antonin Magne frantziarraren aitzinetik irabaztea lortu zuen. 1930ean, irailean korritu zuten Itzulia, eta, bi hilabete lehenago, Magnek hirugarren egina zuen Frantziako Tourrean —hurrengo urtean irabazi egin zuen Tourra, eta 1934an berriz ere nagusitu zen munduko lasterketa handienean—. Cañardok azken etapan irauli zuen sailkapen nagusia, Donostia eta Bilbo artekoa irabazita.
Nafarrak Tourrik ez zuen irabazi, baina halako ziklisten mailan lehiatzeko gai zen. Hura da II. Mundu Gerraren aitzineko garaian lorpenik nabarmenenak dituen euskal txirrindularia, Roger Lapebie baionarraren ondoren. Harekin batera, Tourra lehen hamarretan bukatu zuen lehenbiziko euskal herritarra izan zen Cañardo, 1934an —hirugarren izan zen baionarra; bederatzigarren, erriberritarra—. Handik bi urtera, Tourrean postua hobetzea lortu zuen —seigarren izan zen—, eta 1937an etapa bat irabazi zuen. Espainiako Vueltan, bigarren izan zen 1935ean, itzuli horren historiako lehenbiziko edizioan, baina Cañardoren izena bereziki lasterketa bati lotuta dago: Kataluniako Voltari. Zazpi bider irabazi zuen, gaur egun oraindik inork hurbiltzerik ere izan ez duen marka. Hain zuzen, Katalunian hango txirrindularitzaren txapeldun handitzat dute Cañardo. Izan ere, 13 urte zituela Bartzelonara joan zen bizitzera; han egin zen txirrindulari, eta Katalunian bizi izan zen hil arte, 1987an, 81 urterekin.
Santamarina, aro modernoko lehenbizikoa
1936an galdutako Itzulia 1969an berreskuratu zuten, gaur egungo egutegiarekin, apirilean. Parte hartzea goi mailakoa izan zen lehenbiziko ediziotik. Berreskurapenekoaren irabazlea horren adierazle: Jacques Anquetil, Frantziako bortz Tour irabazi zituen lehenbiziko txirrindularia, baita hiru itzuli handiak irabazi zituen lehenbizikoa ere.
Euskal garaileen artean, Luis Pedro Santamarina gallartarrak hartu zuen Cañardoren lekukoa, 1970eko Itzulia irabazita. Urte horretan podiumeko hiru postuak bete zituzten euskal herritarrek, inoiz gehiago lortu ez den marka —Santamarina txapeldun, Jesus Aranzabal bigarren eta Andres Gandarias hirugarren—.
Itzulia irabazi zuen bigarren euskal herritarra bizkaitarra izan bazen ere, probintzia horretako ziklistek ez zuten etaparik irabazi 1973ra arte, Javier Elorriagak Iruñea eta Lekunberri (Nafarroa Garaia) artekoa irabazi zuen arte. Ordura arte, 1924ko ekitaldiaz geroztik, gipuzkoarrek, nafarrek eta lapurtarrek lortu zituzten garaipenak —lapurtarren kasuan, historian lortu duten bakarra, Sauveur Ducazeaux miarriztarrak 1935ean, Baiona eta Donostia artekoa esprintean irabazita—. Helmugan besoak altxatu ahal izan zituen lehenbiziko euskal ziklista, gipuzkoarra izan zen: Ricardo Montero ordiziarra, 1928an, Bilbo eta Gasteiz artean jokatu zuten lehenbiziko etapan. Arabarrek, berriz, 1980ra arte esperatu behar izan zuten —Felipe Yañezek Zornotzan (Bizkaia) irabazi zuen arte, 128 kilometro ihesean bakarrik egin ondoren—. Nafarroa Behereko eta Zuberoako inork ez du etaparik irabazi Euskal Herriko Itzulian —Pierre Cazaux donapaleutarrak 2010ean parte hartu zuen, eta Marcel Queheille zalgiztarrak korritu zuen garaian (1957-1963) ez zen Itzulirik egin—.
Euskal herritarrek guztira 51 etapa irabazi dituzte; hau da, 1924tik lehiatu diren 339 garaipen partzialen %15. Garaileak nazioka sailkatuz gero, bigarrenak dira, espainiarren gibeletik (73 garaipen) eta italiarren aitzinetik (47 garaipen). Laugarren dira frantziarrak, urrutiago (32 etapa). Euskal herritarrek 24 ziklistaren artean irabazi dituzte 51 etapak, eta garaipenen banaketan bi izen nabarmendu behar dira: Txomin Perurena eta Miguel Mari Lasa, oiartzuarrak biak. Perurenak 11 etapa irabazi zituen sei itzulitan —1969 eta 1976 artean—, soilik Sean Kelly irlandarrak berdindu ahal izan duen marka. Lasak, berriz, sei irabazi zituen guztira, baita Itzuli bat ere, 1974koa. Bi oiartzuarrek egundoko marka egin zuten edizio hartan, jokoan izan ziren sei etapetatik bortz irabazi baitzituzten —Perurenak lau, eta Lasak bat—.
Bi gipuzkoarren arrakasta urte horiei bi bizkaitarrek eman zieten erreleboa 1980ko hamarkada hasieran: Julian Gorospek eta Marino Lejarretak. Gorospek 1983ko Itzulia irabazi zuen, 23 urterekin, aitzineko urtean bigarren egin ondoren. Lejarretak, berriz, 1980. eta 1985. urteen artean bortz bider bukatu zuen hirugarren sailkapen nagusian. Podiumen marka Alberto Contador espainiarrak du, seirekin —lau aldiz irabazi, eta aldi banatan bigarren eta hirugarren—, eta haren gibeletik gehien igo diren lau txirrindularien artean dago Lejarreta, bortzekin; baina berezitasun batekin, Itzulia inoiz irabazi gabe podiumera aldi gehienetan igo den ziklista baita. Berrizko txapeldun handiaren palmares bikainak duen arantza da Itzulia, inoiz ez irabazteaz gain, ez baitzuen lortu etaparik zakuratzea.
Gorospe, errepikatu duen bakarra
Podiumera Lejarreta adina aldiz igo den lau ziklista horietako bat da Gorospe —Jose Antonio Gonzalez Linares eta Laurent Jalabert dira bertze biak—. Mañariakoak Itzulia bi aldiz irabaztea lortu zuen, 1990ekoan ere gailendu baitzen. Hori egin duen euskal herritar bakarra da. Gorospek bigarren Itzulia eskuratu baino bortz urte lehenago bertze euskal herritar batek irabazi zuen: Peio Ruiz Cabestanyk, 23 urte zituela, Greg Lemond txapeldun handi estatubatuarrari sailkapen nagusian 29 segundoko aldea aterata.
1990eko Itzuliak mugarri bat ezarri zuen, edizio arrakastatsua izan baitzen euskal herritarrentzat, eta, hain zuzen, urte luzetan ez baitzen halakorik errepikatu. Gorosperen garaipenaz gain, bortz urtean lehenbiziko aldiz bi euskal herritar igo ziren podiumera —Miguel Indurainek hirugarren bukatu zuen—, eta 1974az geroztik etxeko txirrindulariek etapa gehien irabazi zituzten aldia izan zen: hiru. 2002ra arte ez ziren bi gertakari horiek errepikatu. Etapetako bat Gorospek irabazi zuen —haren palmareseko laugarrena—, eta bertze biak, berriz, Fernando Martinez de Gereñuk eta Indurainek. Indurainen hori da nafarren azken etapa garaipena.
1990eko hamarkada orain arteko antzuena izan da, Itzuliak osoki hartu dituen hamarkadak kontuan hartuz gero. Sailkapen nagusian garaipenik ez —Mikel Zarrabeitiaren eta Abraham Olanoren hirugarren postuak, emaitzarik onenak; 1992an eta 1996an, hurrenez hurren—, eta zakuan bi etapa baino ez: Fede Etxabek 1993an Ibardinen irabazitakoa, eta Agustin Sagastik hurrengo urtean Bera (Nafarroa) eta Azpeitia (Gipuzkoa) artean lortutakoa —Euskadi Fundazioaren historiako lehen garaipena—.
Mende hasiera oparoa
XXI. mende hasieran, ordea, 180 graduko aldaketa bat gertatu zen, neurri batean Euskaltel-Euskadi taldearen garapenak eragindakoa. Lehenbiziko aldiz, bi urtez jarraian etxean gelditu zen Itzulia, Aitor Osak 2002an eta Iban Mayok 2003an irabazitakoekin. Bietan, gainera, euskal herritarrek hiruna etapa irabazi zituzten: 2002an, Osak bat eta David Etxebarriak bortzgarren etapako bi sektoreak; 2003an, Mayok lehen etapa eta bortzgarreneko bi sektoreak. 2004an, berriz, garaipena ez, baina 2002an bezala bi euskal herritar izan ziren podiumean: Mayo bigarren, eta David Etxebarria hirugarren —Etxebarriak bigarren egina zuen 2002an, Osaren gibeletik—.
Aitor Osa liderraren maillot horiarekin, 2002ko Itzuliko azken etapan, Elgoibarren jokatu zen erlojupekoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Urte horietako euskal zikloiaren ondoren, ordea, bertze idorte aldi bat hasi zen, 1990eko hamarkadakoaren parekoa. Bortz urte igaro behar izan ziren euskal herritar batek etapa bat irabazi arte —David Herrerok, 2008an—, eta bertze zazpi hurrengora arte —Landak 2015ean Aian (Gipuzkoa) lortutakoa—. Sailkapen nagusian, berriz, sei urtean etxeko inork ez zuen podiuma zanpatu —Beñat Intxausti bigarren izan zen arte, 2010ean—, eta bertze bortz igaro ziren euskal herritar bat berriz ere goiko mailaren batean ikusi arte —2015ean, Ion Izagirre hirugarren izan zenean—.
Irakurri gehiago: Valverde gaztearen garaipena
Joan den hamarkadaren bigarren erdia, ordea, emankorragoa izan da. Inportanteena, Itzulirik irabazi gabeko aldirik luzeena bukatu zela, Izagirreren garaipenarekin. Gainera, 2015az geroztik, soilik 2016an ez da egon euskal txirrindularirik podiumean —Izagirrek, irabazteaz gain, hirugarren egin du hiru aldiz, eta 2018an Landa bigarren izan zen—, eta hiru etapa garaipen lortu dituzte —Landak bi, eta Omar Frailek azkena, duela hiru urte—. Gaur, 23 euskal txirrindulari izanen dira Bilboko irteeran, ia mende beteko euskal palmaresa gizentzeko prest.
Omar Fraile Eibarren etapa irabazten, 2018an. Euskal ziklisten azken etapa garaipena da Itzulian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU