Oporretan da Irene Paredes (Legazpi, Gipuzkoa, 1991). Futbolaz deskonektatzeko eta etxekoez eta lagunez gozatzeko aprobetxatu nahi ditu hurrengo asteak. Denbora izango du, gainera, PSGrekin liga irabazi izanak ekarri duena barneratzeko.
Egun batzuk pasatu dira PSG-rekin liga irabazi zenuenetik. Nola sentitzen zara orain?
Egia esan, oraindik ez dut denbora askorik izan lortutakoa barneratzeko: ia sinetsi ezinda nago. Izan ere, ia hurrengo egunean Espainiako selekzioarekin joan behar izan nuen. Baina oso-oso pozik nago. Kostata bada ere, Lyonen nagusitasunez amaitzea lortu dugu, eta hori handia da. Ez da erraza halako talde baten morrontzarekin amaitzea, dagoen lehiakortasunarekin. Denborarekin joango gara balioa ematen lortutakoari.
Gol bat sartu, eta kapitain moduan titulua altxatzeko aukera izan zenuen partida erabakigarrian.
Egia esan, oso berezia izan zen. Sekula ez zitzaidan suertatu titulu bat altxatzea, eta hasieran ez nekien zer egin. Baina, berehala, taldekideak inguruan nituen, eta denek ederki ospatu genuen.
Denboraldi oro esaten zenuen Lyonetik gero eta gertuago zeundetela, eta azkenean lortu duzue.
Hala da. Guk barrutik argi genuen hori: posible zela. Lyon munduko talde onenetarikoa da, eta artean detaile txikiengatik ari zitzaigun ihes egiten liga irabazteko aukera. Gogorra da hori, batez ere animo aldetik. Izan ere, zeure buruaren gaineko konfiantza galtzeko arriskua dago. Baina multzoak buelta eman dio horri, gogor jarraitu du lanean, eta azkenean iritsi da.
Inoizko multzorik onena zenuten denboraldi honetan?
Nik uste dut aurten oso hamaikako indartsua izan dugula. 11-12 jokalarik jokatu ditugu partida gehienak. Baina ni iritsi nintzenean ere, oso jokalari onak zituen taldeak: Vero Boquete, Shirley Cruz, Cristiane... Baina nik uste dut aurten gakoa izan dela taldeak dituen talentuzko jokalari gazteek aurrerapauso bat eman dutela. Denboraldiz denboraldi esperientzia hartuz joan dira, eta uste dut heldutasunera iritsi direla. Bestalde, nabarmenduko nuke joko aldetik ere oso maila ona erakutsi dugula, eta erregulartasun handia izan dugula. Hori ere garrantzitsua izan dela uste dut. Ziurrenik, denboraldiko partidarik kaskarrenak Bartzelonak Txapeldunen Ligatik kanporatu eta hurrengo astean izan ziren.
Txapeldunen Ligan ere Lyon kanporatu zenuten. Bere ohiko mailaren azpitik ibili da?
Egia da bi jokalari garrantzitsu izan dituela min hartuta: Ada Hegerberg eta Griedge Embock. Baina, halako taldeetan, edozein jokalarik sekulako maila dauka. Uste dut guk egin dugunari eman behar zaiola meritua, lan handia baitago atzean. Justua izan dela uste dut: merezita izan gara txapeldun. Oso denboraldi gogorra izan da, gainera, COVID-19a tarteko: testak, burbuila mantendu beharra...
Txapeldunen Ligako finalerako ez sailkatzea izan da geratu zaizuen arantza?
Bai, dudarik gabe. Ilusio handia genuen horrekin; are gehiago Lyon kanpoan utzi eta gero. Konfiantza handia eman zigun. Bartzelonak oso ondo baliatu zituen bere aukerak, eta ez Parisen, ezta Bartzelonan ere, guk ez genuen gure partidarik onena egin. Gauza txikietan antzeman genuen hori, eta halako taldeek ez dute barkatzen. Baina ez diot horri erreparatu nahi, baizik eta lortu dugunari balioa eman. Historia egin dugu PSGrentzat, lehen aldiz irabaziz.
Pertsonalki zer izan da zuretzat denboraldi hau? Beste urrats bat egin duzula uste duzu?
Horretarako egin dut lan, baina beste urrats bat egin dudan edo ez esatea ez dagokit niri. Nik esan dezakedana da hasieratik oso ondo sentitu nintzela; ez dut aparteko arazo fisikorik eduki, eta taldearen bolada onak ere asko lagundu dit.
Eta hemendik aurrera zer? Paris utzi, eta Bartzelonara joan?
Zurrumurruak hor daude. Zail ikusten dut Parisen segitzea: aukera gutxi dago horretarako. Baina ekainaren 30era arte dut kontratua, eta ordu arte ez dut ezer esango. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Baina joanez gero, asebeteta joango naiz. Urte ahaztezinak izan dira, eta ez naiz batere damutzen duela bost urte hartu nuen erabakiaz. Pertsona eta futbolari moduan hazi egin naiz, eta horretan jarraitu nahi dut.
Liga irabazi ez bazenu, aukera handiagoa legoke Parisen jarraitzeko?
Argi dago tituluak irabaztea oso polita dela. Hona etorri nintzenean, amets horrekin etorri nintzen. Oso burugogorra naiz, eta horretarako egin dut lan lehen egunetik. Lortu dut, eta argi dago lanaren fruitua eta saria izan dela, eta horrek aurrera jarraitzeko indarra eta motibazioa ematen du. Baina tituluak ez dira dena futbolean, eta erabakiak ez ditut horren arabera hartzen.
Lortu duzunaren ondoren, non eta nola bilatzen dira motibazio berriak?
Niretzat garrantzitsuena egunerokoan disfrutatzea da. hori da nire motibaziorik garrantzitsuena. Ez baduzu disfrutatzen, zaila da motibatuta egotea eta hobetzen eta hazten segitzea. Hori oinarri hartuta, uste dut oraindik ere hobetzen eta hazten segitu dezakedala.
Zure moduko jokalari batek zertan hobetu dezake?
Denean. Tekniko-taktikoki, psikologikoki, fisikoki eta futbola ulertzeko orduan oraindik badut zer hobetua.
Aste honetan egin da ofizial Espainiako emakumezkoen liga profesionala izango dela hemendik aurrera. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Albiste ona da, baina aurretik eman behar zen pauso hori. Hala ere, oraindik lehen pausoa da. Legea aldatu da, hori da oinarri, berme bat ematen dizu. Baina orain gauzatu dadin lan egin behar da. Pixkanaka bagoaz aurrera, eta serio eta zentzuz lan egiten segitu behar dugu.
Realaz, Athleticez eta Eibarrez gain, Alaves ere Lehen Mailan ariko da datorren denboraldian. Zer hausnarketa eragiten dizu horrek?
Pozgarria da oso. Erakusten du nolako lan ona egiten ari den emakumeen futbolaren inguruan Euskal Herrian.
Irailean ama izango zara. Pozik, ezta?
Bai. Bikotekideak eta biok buruan genuen familia bat osatzea, eta iritsi da unea. Gogoz eta irrikaz gaude etapa berri hau asteko ama moduan.