«Sinesten segi behar dugu»

Joaquin Caparros kargutik kenduta, Petar Vasiljevic da Osasunako entrenatzaile berria. Jokalariengan «konfiantza osoa» duela azpimarratu du serbiarrak

Luis Sabalza Osasunako presidentea eta Petar Vasiljevic entrenatzailea, atzo, prentsaurrekoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
enaut agirrebengoa
Iruñea
2017ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Anabasa da nagusi Osasunan. Ligan amiltzear da, eta hori gutxi balitz bezala, berriro ere entrenatzailez aldatzea deliberatu zuten atzo Iruñeko taldeko agintariek. Joaquin Caparrosekin ezinean zebilen taldea. Azaro hasieran iritsi zen, Enrique Martin ordezteko, eta zenbaki zinez penagarriak pilatu ditu: zortzi lehiatan, zazpi porrot eta garaipen bakarra. Hartara, ezin daiteke esan zuzendaritzaren erabakia ezusteko handia izan denik. Espainiarraren lekuan Petar Vasiljevic jarri izanak, ordea, aho bete hortz utzi ditu zale gorritxoak. Teknikari profesional legez esperientziarik ez duen arren, orain arte kirol zuzendaria izan dena eseriko da Osasunaren aulkian.

Erabakiaren zioak azaltzeko,prentsaurrekoa eman zuten atzo han Luis Sabalza presidenteak eta Vasiljevicek berak. Agintaria izan zen hitza hartzen lehena. Iragarri zuenez, serbiarra «sasoia bukatu bitartean» ariko da entrenatzaile lanetan, eta Jon Andoni Goikoetxea eta Alberto Carmona arduratuko dira kirol zuzendaritzaz. «Agian onartu beharko dugu erratu egin ginela Joaquin Caparros ekarrita. Uste genuen bera zela pertsonarik aproposena. Baina ez zen Vasiljevicen lehen aukera», aitortu zuen.

Egoera horretan, Vasiljevic bera da ordezkorik egokiena Sabalzaren aburuz. «Bera da talde honetan gehien sinesten duena». Hitzok berretsi egin zituen serbiarrak, eta azpimarratu berak ekarri zituela jokalariak, berak ezagutzen dituela ondoen, eta «konfiantza osoa» daukala berengan. «Sinesten jarraitu behar dugu. Norabide berean arraun egiteko unea da». Teknikari berriak aitortu zuen «zaila» izan dela Caparros kargutik kendu behar izatea, baina, orobat, azaldu zuen erabaki hori hartu beharra zegoela. «Aldaketa baten beharra zegoen, dena egongo baita jokoan urtarrilean».

Horren harira, Sabalzak adierazi zuen taldearen egoera gertutik ezagutzen duen pertsona bat aukeratzea zela onena, hala denborarik ez galtzeko. «Ezin genituen hogei egun itxaron entrenatzaile berriak taldea ezagutu arte. Urtarrila oso garrantzitsua da». Hala, lanari berehala ekin nahi dio entrenatzaile berriak —atzo 18:00etan zen jokalariekin biltzekoa—. Haren hitzetan, funtsezkoa da Osasunak bere identitatea berreskuratzea. «Borroka, grina eta arima falta zitzaizkion taldeari. Badakit egoera zaila dela, baina ezaugarri horiek nahitaez erakutsi behar ditugu».

Entrenatzaile gisa duen esperientzia faltaz galdetuta, adierazi zuen eskarmentua baduela jokalari, idazkari tekniko eta kirol zuzendari gisa, eta beharrezko tituluak badituela. Haren esanetan, «intentsitatez eta lehiarako grinaz» hornitu nahi du taldea. «Hurrengo partidan arerio zauritu baten kontra ariko gara, etxean, eta lehiakor eta grinatsu aritu beharra daukagu». Horrez gain, iragarri zuen talde teknikoa dagoen bezala geldituko dela.

Tentsio handia agerraldian

Entrenatzaile aldaketak neguko merkatuan izan dezakeen eraginari dagokionez, Sabalzak behin baino gehiagotan nabarmendu zuen Caparros kargutik kendu arren, fitxaketak egiteko diru kopuru bera izango duela klubak. «Gastu hori aurrekontuan sartuta zegoen. Ez dago arazorik». Hori bai, Caparrosi ordaindu beharreko kitapenaz ez zuen azalpen handirik eman nahi izan.

Prentsaurreko osoan zehar arnastu zen tentsioa, baina nabarmen areagotu zen Vasiljevici partida adosteetan izandako ustezko inplikazioaz galdetu ziotenean. «Horrek ez du ezer esan nahi», esan zuen Sabalzak, itaunak asaldatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.