Olatu ona hartu du Realak. Azken zazpi partidetatik sei irabazi dituzte txuri-urdinek, eta horrek balio izan die Espainiako Kopan aurrera egiteko, Europan norabidea zuzentzeko eta ligan Europako postuetan sartzeko. Seigarren dira jada Imanol Alguacilen mutilak, Leganesi 0-3 irabazi ostean.
Hasierako hamaikakoa zehaztu samarra du jada Oriokoak. Gaur berrikuntza nagusia Sergio Gomez izan da erasoan, ezker hegalean. Leganes indartsu zelairatu da, baina bisitariek azkar hartu dute aurrea markagailuan, 13. minutuan. Kubo jokoan sartu da eskuin hegalean, beste aldera bidali du baloia Gomezentzat, Sucicek ederki utzi du pasatzen haren erdiraketa, eta Brais Mendezek bultza bakarrik egin behar izan du. Taldearen jokaldi zoragarria izan da.
Lehen zatian bigarrena sartzeko aukera ezin hobea ere izan du Realak, baina Sucicek ez du asmatu Oiartzabalen jokaldi eder bat bukatzen. Dmitrovic atezainak geldiketa ikusgarria egin dio. Leganes ere gerturatu da Realaren areara, baina ez du hiru zutoinen artera errematatu.
Asko sufritu gabe
Bigarren zatian, bai. Oscarrek buruz abagune ona izan du, baina are hobea izan da Remiroren erantzuna. Lehen minutu horiek izan dira Realaren pattalenak. Gainera, Aihenek eta Zubimendik min hartuta utzi dute zelaia. Atzean, ordea, zoragarria izan da Zubeldiaren eta Aguerden partida.
75. minutuan aulkitik Becker eta Barrenetxea sartu ditu Alguacilek, eta donostiarrak Realaren bigarren gola sartu du ukitu duen lehen baloian, aldaratze batean. Ezkerrez egin duen errematea zutoinaren ondotik sartu da. Eta dena erabakita zegoenean, Barrenetxeak berak eman dio azken gola sartzeko pasea Oiartzabali. Duela 26 urte hil zuten Aitor Zabaleta Madrilen bertan, eta hari eskaini dio gola kapitainak.