Reala 2-0 Las Palmas

Realak garaipen erosoa lortu du Las Palmasen kontra

Talde txuri-urdina 2-0 gailendu da, Suarezek bere atean sartutako gol bati eta Beckerren gol ikusgarriari esker. Hala, beste jardunaldi batez seigarren postuan jarraituko du, Europa liga jokatzeko adinako postuan.

Sheraldo Becker Las Palmasi sartutako gola ospatzen. GORKA RUBIO / FOKU
Sheraldo Becker, Las Palmasi sartutako gola ospatzen. GORKA RUBIO / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko maiatzaren 4a
17:30
Entzun

Asteburuetako plazeretako bat izan ohi dira bazkalosteak. Aste barruko zurrunbilotik at, jendeak lasai egoteko aukera du. Realaren zaleentzat halakoxea izan da gaurkoa. Izan ere, aspaldiko partez, talde txuri-urdinak garaipen lasai eta eroso bat lortu du Anoetan. 2-0 hartu du mendean Las Palmas, Suarezek bere atean sartutako gol bati eta Beckerrek sartutako gol ikusgarri bati esker. Surinamgo aurrelaria izan da partidako onena, min handia egin baitu bere abiadura baliatuz. 

Hala, etxeko lanak egin ditu Imanol Alguacilen taldeak, eta beste jardunaldi batez seigarren postuari eutsiko dio, datorren sasoian Europa liga jokatzeko aukera emango dion postuari. Presioa Betisek, Valentziak eta Vila-realek izango dute bihar, irabazi beharra baitute txuri-urdinengandik ez aldentzeko.

Aurrealdean aldaketak egin ditu Imanol Alguacilek, eta 4-4-2ko marrazkiaren alde egin du. Kubo eta Barrenetxea utzi ditu aulkian, besteak bete. Haien ordez, Brais Mendez eta Becker aritu dira hegaletatik, eta goian Oiartzabal eta Andre Silva. Min hartutako Zubimendiren tokian Turrientes aritu da; Pachecok jokatu du, berriz, Zubeldiaren tokian. Azkoitiarra zigortuta zegoen txartel pilaketagatik. Teknikariari ondo atera zaio apustua. 

Dena den, hasiera ez da ona izan. Realari kostatu egin zaio jokoan sartzea eta Las Palmasen defentsako egituran zuloak topatzea. Las Palmas, berriz, eroso zegoen, baloia ukituz, presarik gabe. Aurretik jartzeko abagunea ere izan du. Perronek jaurtiketa  ona egin du area ertzetik 16. minutuan, eta Remirok esku onak atera ditu baloia kornerrera bidaltzeko. Aukera horrek suspertu egin du Reala. Beñat Turrientesek hartu du partidaren aginte makila, eta haren aginduetara haziz joan da talde txuri-urdina. Beasaindarrak beste norgehiagoka on bat jokatu du, eta bikain bete du Zubimendiren tokia. 

Realaren lehen abisua Merinok eman du, 23. minutuan. Buruz langara bidali du baloia. Dena den, epaileak baliorik gabe utzi du jokaldia, jokoz kanpo zegoelakoan. Imanolek zuzentzen duen taldea atzean sartuz joan da aurkaria, eta 33. minutuan iritsi da gola. Beckerrek bikain aurkitu du zuloa eskuin hegaletik. Haren erdiraketak pare bat jokalarirengan jo du, eta azkenean Suarezek sartu du gola bere atean. Zoria alde izan dute jokaldi horretan txuri-urdinek, baina, zelaian ikusten ari zena kontuan hartuta, merezi zuten aurretik jartzea. Gola kolpea izan zitekeen Las Palmasentzat, Baina ondo erantzun du, eta bizpahiru aldiz gerturatu da Remiroren atera. Aukerarik argiena 44. minutuan izan du. Moleirok pase sakon neurtua eman dio Marvini, eta bakarrik geratu da Remiroren aurrean. Atezainak gelditu ona egin du. 

Ia segidan iritsi da Realaren bigarren gola, 46. minutuan. Berriro ere Becker izan da protagonista. Brais Mendezen pase bat jo du, eta bitan pentsatu gabe, ia angelurik ez zuela, erremate ikusgarria egin du eskuinez, ia ondoko marratik. Valdes atezainak ezin izan du ezer egin. 2-0ekoarekin, eta norgehiagoka ondo bideratua zuela joan da aldageletara talde txuri-urdina.

Partida, kontrolpean

Bigarren zatiari estutuz ekin dio Realak, eta denborarik gehiena Las Palmasen zelaian jokatuz. Beste erritmo batean jokatu dute txuri-urdinek minutu horietan, eta Beckerrek berriro ere min handia egin du bere hegaletik. Realak gertu izan du hirugarren gola, Oiartzabalen erremate batean. Baina ez du lortu. Korner batean, haatik, Pachecok gola sartu du 51. minutuan. Epaileak, ordea, baliorik gabe utzi du, erdiko atzelaria jokoz kanpo zegoelakoan. Lehen ordu laurden bizi horren ostean, eta aldaketak tarteko, partidak erritmoa galdu du.

Reala eroso aritu da, eta kontrolpean izan du neurketa. Las Palmas, berriz, ahalegindu da Remiroren atera gerturatzen. baina aparteko arriskurik sortu gabe. Moleirok izan du bisitarien aukerarik garbiena, eta Barrenetxeak Realarena. Baina emaitza ez da aldatu. Partida amaieran pozik zen Imanol Alguacil. «Bolada txarrean ailegatu den arren, Las Palmas aurkari ona da, eta ez zen erraza partida hau jokatzea eta irabaztea. Pozik noa halako ordutegi batean Anoetara etorri diren 30.000 zaleengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.