«Reala uzteko tentazioa izan dut udan»

Carlos Velak aitortu du beste talde batera joateko gertu egon dela udan, eta ez du baztertu hori neguko merkatuan egiterik

Carlos Vela, lurrean, Sportingen aurka jokatutako partidan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jon eskudero
Donostia
2015eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Taldearen jardunarekin nahiko lan ez, eta Realak izango du aurrerantzean burua non hautsi. Izan ere, Carlos Velak ezustean harrapatu zituen atzo Zubietako prentsa aretoan bildutako kazetariak. Besteak beste, zera adierazi zuen taldeko izarretako bat denak: Reala uztea burutik pasatu zaiola udan, eta ez duela baztertzen neguko merkatuan egitea. «Fitxaketen merkatua irekita dagoen bakoitzean, arriskua dago beste bideren bat hartzeko, eta nik tentazioa izan dut udan. Talde dezente aritu dira ate-joka, orain arteko gehien, baina Realean jarraitzen dut, eta orain hori da garrantzitsuena». Halere, badirudi erabaki hori hartu duela inongo talderen eskaintzak ez duelako guztiz gogobete. «Amerikako Estatu Batuetatik dei interesgarri bat jaso nuen, denetan tentagarriena —San Jose Earthquakes taldearena—. Etxetik gertuago egotea beti da pozgarria, eta zalantzak izan nituen, baina kito. Ez zen ezer pasatu, eta iragana atzean utzi behar da».

Velaren esanetan, Jokin Aperribai Realeko presidenteak badaki zeintzuk diren jokalariaren nahiak, uda osoa elkarrekin hizketan igaro dutelako. «Etengabekoa da bion harremana, eta asko hitz egin dugu udan. Ez nion eskatu alde egiten uzteko, bestela jokatzeari uko egingo niola eta. Ez. Halakorik ez da gertatu. Baina egia da elkarrekin asko egon garela». Horregatik, Aperribaik galtzak bete lan izango du aurrerantzean jokalari mexikarra Realean eusteko. «Fitxaketen merkatua irekita dagoen orotan zabaltzen dira ateak. Oraingoz, abendura arte Realean egongo naiz, baina gero zer gerta daitekeen inork ez daki. Ikusiko dugu».

Zalantzak edukitzea «normala» da, Velaren esanetan. Bosgarren denboraldia du jada talde txuri-urdinean, eta lagun zahar asko ez ditu ondoan. Antoine Griezmann, Gorka Elustondo eta Eñaut Zubikarai, kasurako. «Pena da haiek hemen ez egotea. Harreman bikaina genuen. Haien falta sumatzen dut, eta une batzuk zail egin zaizkit, baina oraindik ere lagun on asko dauzkat taldean. Pozik nago». Taldekideekin ez ezik, Donostian ere gustura dago, baina aitortu zuen sarritan «buruari buelta asko» ematen dizkiola. «Askotan pentsatu dut ziklo baten bukaera iritsi ote zaidan, baina oraindik ez dut halako erabakirik hartu. Hala suertatzen zaidanean, taldez eta hiriburuz aldatuko naiz, baina orain Realean dut burua. Ilusioa badaukat».

Horiek horrela, nolako Vela ikusiko ote dute zale txuri-urdinek? «Ni serio ari naiz lanean daukadan onena emateko. Konpromiso handia daukat Realarekin, eta eguneroko lanean dago sekretua. Pertsona gisa, lehengo berbera naiz, eta jokoari dagokionez ere, mailarik onena hartzea dut helburu. Saiatzen ari naiz». Izan ere, belauneko ebakuntza egin eta gero, sasoi betean jarri ezinik dabil mexikarra. «Denboraldi-aurrera minez etorri nintzen, eta oraindik ere ez nago ongi. Ez dut gozatzen zelaian. Pixkanaka hobetzen ari naiz, eta espero dut lehenbailehen daukadan onena ematea». Velarik onena berriro ere ikusteko aukerarik izango ote den? «Ez dakit zer den Velarik onena. Nik esan dezakedan bakarra da erruz saiatuko naizela taldeari laguntzen».

Bada, guztien laguntza eta bultzada beharko du Realak orain arteko irudi txarra iraultzeko. Velaren esanetan ere, «taldea gaizki» baitago. «Gezurrik ez dut esango. Reala ez dago ongi, eta emaitzek adierazten dute hori. Sasoi hasiera kaskarra egin dugu, eta gure esku dago aldatzea. Jokalariok elkartuta gaude, eta hori oso garrantzitsua da. Joko sistemari dagokionez, hainbat iritzi egon daitezke. Era batera edo bestera jokatu, guk badakigu balio duena irabaztea dela». Eta horretarako «talde egokia» du Realak, haren ustez. «Denok dakigu jokalari on asko ditugula eta taldeak gehiago eman dezakeela, baina zelaian erakutsi behar da. Bada garaia dinamika aldatzeko».

Fitxaketen harira, inbertsio handia egin du Realak, eta Velak uste du zuzendaritzak asmatu duela. «Guztiak ere oso onak dira; batzuek lehenago ere erakutsia zuten hori, eta orain denon artean saiatu behar dugu Reala hobea egiten». Jonathas eta Bruma Velaren jokora egokitzeko fitxatutako jokalariak al diren galdetuta, berriz, esan zuen ez duela uste taldea apropos haren neurrira egina dagoenik. «Niri ez dit inork eskatu, behintzat, iritzia fitxaketak egiterakoan. Garrantzitsuena da elkarrekin ongi moldatu eta irabazten hastea». Izan ere, sasoiko lehen garaipenak taldeari konfiantza emango lioke, haren ustez. «Espanyolen aurka aukera ona izango dugu. Anoetan jokatuko dugu, eta bizitasunez zelairatu behar dugu».

Epe motzera Velaren laguntza izango du Realak, baina luzera ez da erraza izango. Bulegoetan izango da zeregina etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.