Lehengo lepotik burua. Binakako Txapelketan lehen fase bikaina egin zuten Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak, eta berdin ekin diote finalaurrekoetako ligaxkari. Gasteizko Ogeta pilotalekuan 22-14 hartu dituzte mendean Jokin Altuna eta Julen Martija, eta lehen puntua lortu dute.
Erritmo biziko partida izan da, tentsio handikoa. Kolpeka jardun dira bi bikoteak, eta tartea zabaldu duten lehenengoak Altuna-Martija izan dira (6-9). Lehen atsedenaldi luzearen aurretik, ordea, urdinek olatua hartu dute, eta sei tanto egin dituzte jarraian (12-9). Hortik aurrera, hobeak izan dira. Zabaleta agintzen hasi da, eta Etxeberriak bikain amaitu ditu tantoak. Zenozkoak binaka jokatu duen norgehiagoka onenetakoa izan da gaurkoa. Azkenean, 22-14.
Atzo, ligaxkako lehen jardunaldiko beste partidan, pronostiko guztiak hautsi zituzten Artolak eta Imazek, eta lehen puntua eskuratu, 19 eta 5eko partziala egin ondoren (22-13). Lehen fasean distiratsu aritu arren, presioak eta urduritasunak nabarmen eragin zien Jakari eta Mariezkurrenari.
Ikusi gehiago