Osasunak nahiago du puntuak hirunaka batu, banaka baino

Gorritxoek azken hiru partidak berdindu dituzte, eta irabazi egin nahi dute gaur, Espanyolen zelaian (14:00, DAZN). Sailkapeneko aldea zelaian islatzen saiatuko da: zazpigarren dago, Espanyol baino 11 postu gorago. Moncayola eta Moi Gomez gabe ariko da.

Vicente Moreno aginduak ematen partida batean. Bere talde izandakoaren aurka arituko da gaur. JESUS DIGES / EFE
Vicente Moreno aginduak ematen partida batean. Bere talde izandakoaren aurka arituko da gaur. JESUS DIGES / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko abenduaren 14a
05:05
Entzun

Puntuen emariak ez du etenik Osasunan. Ligako azken sei partidetatik bakarrean gelditu da esku hutsik Nafarroako taldea: Real Madrilen aurka izan zen (4-0). Estropezu egin ondoren, zutitu egin da berriro, eta saria lortu du hurrengo hiru partidetan. Nahi baino murritzagoa izan da, ordea. Irabazteko aukera izan zuen Vila-realen, Sevillaren eta Alavesen kontra, baina markagailuan aurretik jarri arren, azkenean irabazi ez. Horrek eragina izan du sailkapenean. Nolanahi ere, gora begira ari da oraindik: zazpigarren dago. Bada, aurrera egiten saiatuko da gaur, Espanyolen zelaian.

Lanen erdietara iristeko hiru neurketa gelditzen zaizkie Lehen Mailako taldeei, eta Osasunak ondo bideratua du denboraldiko helburu nagusia lortzea. Izan ere, 11 puntura ditu jaitsiera postuak. Horixe da, hain justu, Espanyoli ateratzen dion aldea. Kataluniarrak putzuan sartuta daude, eta premia handiarekin iritsiko dira gaurko norgehiagokara. Osasunak ere badu beharra, lau jardunaldi kateatu baititu irabazi gabe. Estutasunik gabe ariko da, ordea. Ilusioa hauspotzeko nahi ditu puntuak, eta ez galbidetik libratzeko. Alde handia dago batetik bestera. Txapeldunen Ligako postuak urrundu egin zaizkie gorritxoei, baina Realaren eta Vila-realen uberan daude. Gaur irabaziz gero, bosgarren bukatuko dute eguna.

Ez da erronka makala, bisitari gisa soilik Anoetan irabazi baitute orain arte. Sadarren baino beldurtiago aritu izan dira besteren zelaian, eta bost gol sartu dituzte bakarrik. Horietako bat Sevillari sartu zioten, joan den astean. Garaipena gertu ikusi zuten tarte batez, baina aurkariak berehala berdindu zuen neurketa. Etxeko azken bi partidetan ere, abantaila alferrik galdu du Vicente Morenok gidaturiko taldeak. Ezin izan du irabazi, Vila-realen aurka bi golen aldea izanagatik, eta Alavesen kontra behetik gora egin arren. Kosta egiten zaio partidak erabakita uztea, eta horrek, batez ere, defentsako hutsegiteekin du zerikusia.

Erasoan, ordea, ziurtasunak eta zalantzak nahasi zaizkio azken jardunaldietan. Golak bermaturik dauzka, Ante Budimirren bolada ikusgarriari esker. Kroaziarrak kontagailua hutsean zuen lehen bost partiden ondoren, baina hamar gol sartu ditu hurrengo 11 neurketetan. Tarte horretan, Osasunak hamasei gol sartu ditu denera. Kroaziarraren eragina sekulakoa izan da. Hirugarren dago Ligako golegile onenen sailkapenean, eta haren goraldia ez da soilik denboraldi honetako kontua: hemeretzi gol sartu ditu urtea hasi zenetik, Mohamed Salahk (Liverpool) eta Vinicius Juniorrek (Real Madril) adina. Atea zulatu zuen kataluniarrei eginiko azken bisitan ere, 2023an. Sekulako konkorra atera zitzaion bekain ondoan, kolpe baten ondorioz.

Moncayolak, berriz, Espanyolen zelaian sartu zuen lehen gola Osasunaren lehen taldean, duela bost denboraldi. Gaur, ordea, ez du jokatuko, zigortuta baitago –Moi Gomez, berriz, min hartuta dago–. Gol hura ezohiko postu batean egin zuen garinoaindarrak: hegalean aritu zen. Eta ez litzateke harritzekoa izango laster berriz ere alboko marratik gertu jokatzea, Bryan Zaragoza min hartuta dagoenez gero. Hutsune bat sortu da ezkerreko hegalean, eta Vicente Morenok zenbait aukera dauzka esku artean. Alavesen aurka, bi irtenbide erabili zituen: lehen zatian, Abel Bretones ipini zuen Bryanen tokian; eta bigarren zatian, berriz, taldea bi aurrelarirekin aritu zen, eta Aimarrek jokatu zuen ezker hegalean. Ikusteko dago nor hautatzen duen gaur gorritxoen teknikariak.

Iraganarekin topo

Espanyol hainbestean aritu zen lehen bost jardunaldietan, baina eskasia handia izan du geroztik: bi partida irabazi, eta galdu egin ditu beste guztiak. Duela bi aste 3-1 menderatu zuen Celta, etxean, eta garaipen horri jarraipena eman nahiko dio gaur. Etxetik kanpo ezinak jota dabil, baina etxean itxura hobea eman ohi du. Hamahiru puntu ditu, horietatik hamabi etxeko partidetan eskuratuak. Hori bai, Osasuna azkenaldian nahiko ongi moldatu da Espanyolen zelaian: bertan jokaturiko azken zortzi lehietatik bakarra galdu du. Kontrara, lau bider izan da irabazteko gai.

Vicente Morenok bi denboraldi egin zituen Espanyolen, eta «partida berezia» izango dela esan zuen atzo. Bere talde izandakoaren inguruan, «eraso azkarrak» egiteko gaitasuna azpimarratu zuen. Osasunak, berriz, irabazteko «beharra eta gogoa» omen du. «Berdindu egin ditugu azken hiru partidak, irabazteko modukoak izan arren. Buruan garaipena daukagu bakarrik».

ESPANYOL-OSASUNA

Espanyol. Joan Garcia, Tejero, Cumbulla, Cabrera, Olivan; Kral, Smith, Lozano; Puado, Cardona eta Cheddira.

Osasuna. Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz; Torro, Iker Muñoz, Aimar Oroz; Ruben Garcia, Abel Bretones eta Ante Budimir.

Epailea. Cordero Vega.

Lekua. RCDE Stadium.

Ordua. 14:00 (DAZN).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.