OLINPIAR JOKOAK

Agertokirik paregabeenean

Gaur hasiko dira Parisko Olinpiar Jokoak. Lehen aldiz, hasiera ekitaldia ez da estadio olinpikoan egingo, baizik eta Sena ibaiaren inguruan. Sei kilometroko bidea egingo du segizioak.

Harmailak Sena ibaiaren ertzean. Han egingo dute gaur hasiera ekitaldia. ANDRE PAIN / EFE
Harmailak Sena ibaiaren ertzean. Han egingo dute gaur hasiera ekitaldia. ANDRE PAIN / EFE
ainara arratibel gascon
Paris
2024ko uztailaren 26a
03:00
Entzun

Iritsi da eguna. Gaur hasiko dira Parisko Olinpiar Jokoak. Apirilaren 16an Atenasen piztu zuten olinpiar zuzia Frantziako hiriburura iritsiko da, eta horrekin abiatuko dira. Ehun urteren ondoren, Paris munduko kirol ikuskizunik handienaren gertaleku bihurtuko da berriz, eta hasiera ekitaldi ikusgarri batekin ekingo dio. Izan ere, estreinakoz ez da estadio olinpikoan egingo, baizik eta hirian bertan. Kirolarien desfileaz gain, musika, dantza eta antzerkia izango dira.

Thomas Jolly aktore eta zinemagilea izan da ekitaldiaren antolatzaile artistikoa. «Kalera atera nahi izan dugu, jende guztiak bizi eta gozatu ahal izan dezan, Olinpiar Jokoak denentzat baitira», nabarmendu du Tony Estanguetek, 2024ko Parisko Jokoen antolakuntza batzordeko buruak. Jollyk berak azken egunetan adierazi du erronka handia dela. «Proposatu zidatenean, ezin sinetsita geratu nintzen. Kosta egiten zitzaidan mundu osoa ordezkatua sentituko zen ikuskizun bat prestatzea. Horretan saiatu naiz, eta aldi berean Frantziaren, Parisen esentzia erakusten. Izan ere, oso bizirik dagoen hiri bat da. Bestalde, estadiotik kanpo egiten den lehen hasiera ekitaldia izanda, ez nuen erreferentziarik».

Sena ibaia izango da ekitaldiaren gune nagusia, haren ertzetan egingo baita. Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak giza ondare izendatua du ingurua. Jokoetan izan diren 205 ordezkaritzetako atletek —guztira 10.500 lehiatuko dira— han egingo dute Olinpiar estadioan egin ohi duten desfilea. 180 ontzik osatuko dute segizioa, eta horietatik 94tan joango dira kirolariak. Sei kilometro egingo dituzte, desfilea Austerlitz zubitik abiatuko baita, eta Ienako zubian amaitu. Handik Trocadero plazara joango dira, eta, Eiffel dorrea atzean dutela, ekitaldiaren azken txanpa izango da. Desfilean zehar, hamar zubi igaroko dituzte, horien artean Neuf izenekoa, Parisko zaharrena. Baita propio atondutako zenbait pasabide ere. Paris erdigunea igaroko dute, ekialdetik mendebaldera. Bidean, Olinpiar Jokoetako zenbait kirolgune ikusi ahal izango dira, baita Frantziako zenbait ikur ere: Notre Dame, Concorde plaza eta Jauregi Handia, besteak beste.

«Kostatu egiten zitzaidan mundu guztia ordezkatuta sentituko zen ikuskizun bat prestatzea. Horretan saiatu naiz, eta aldi berean Parisen esentzia erakusten» 

THOMAS JOLLY Zinemagilea eta hasiera ekitaldiko zuzendaria

Musikak, dantzak eta antzerkiak tarte handia izango dute hasierako ekitaldian, berritzailea izan nahi du, eta Parisek dituen bi elementu garrantzitsu oso presente egongo dira: argia eta hiriko teilatuak. Ekitaldia 19:30ean hasiko da, eta gauerdi inguruan amaituko da. Baina 15:00etatik aurrera ikuskizunak izango dira kalean, eta eskuz esku ibili den zuzi olinpikoa Tuileria zelaietan dagoen su ontzira iritsiko da. Concorde plazaren eta Louvre museoaren artean. Baina, ohi bezala, ez dute argitu nork jarriko duen bertan. Horixe izaten baita ondoen gorde ohi diren sekretuetako bat. Zuzia Jokoak amaitu bitarte egongo da piztuta.

326.000
 

Ikusle kopurua. Hasieran, ekitaldian 600.000 ikuslerentzako tokia egotea aurreikusi zuen Frantziako Gobernuak. Baina, segurtasun arrazoiak tarteko, azkenean erdira jaitsi zuen, eta 326.000 izango dira. Horietatik 100.000 inguru Senaren behealdeko eremuan egongo dira. Sarrera ordaindua dutenak izango dira horiek.

Ikusleak eta sarrerak

Kalean izanik, inoizko ikusle gehien biltzea espero da: 326.000 —orain arte, Pekingo Jokoetan bildu zen ikusle kopururik handiena, 2008an: 80.000—. Horietatik 100.000 baino gehiago Senaren behealdeko eremuan eseriko dira. Sarrera ordaindu dutenak izango dira. Gainontzekoak goian kokatuko dira. Ibilbidean zehar 80 pantaila erraldoi egongo dira, ekitaldia ikusi ahal izateko.

Ikusle kopurua bikoitza izatea espero zuten hasieran: 600.000 inguru. Baina, segurtasun arrazoiak tarteko, Frantziako Gobernuak erdira jaitsi zuen urtarrilean. Ekitaldia estadio olinpikoan egitea ere aztertu zuten. Baina apirilean Emmanuel Macron presidenteak berretsi zuen prest zutela dena kalean egiteko.

40.000 polizia egongo dira ingurua zaintzen gaur, eta hurrengo egunetan, Jokoak amaitu bitarte, 30.000. Arreta batez ere kirolguneen inguruan jarriko dute, baita tren, metro eta autobus geltokietan eta toki turistikoenetan ere. Egun hauetan, hain zuzen ere, kontrol zorrotzak egin dituzte Sena inguruan. Han ibili nahi izan dutenek QR kode bat erabili behar izan dute, eta hori eskuratzeko arrazoi bat argudiatu behar izan dute: inguruan bizitzea edo lan egitea, adibidez. Gaur, berriz, egun osoan itxita egongo dira inguruak, eta propio akreditatuko pertsonak edo sarrera dutenak soilik joan ahal izango dira eremu horretara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu