Ander Vilariño. Auto gidaria

«Oldarkorragoa nintzen lehen; orain, gehiago erabiltzen dut burua»

1 Formulara iritsi ez arren, bere kirol ibilbideaz «harro» dago Vilariño. Nascarrean, mendi igoeretan, iraupen probetan eta izotz rallyetan lehiatu da, eta horri esker «gidari osoagoa» dela nabarmendu du.

ainara arratibel gascon
Olaberria
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Andres aitaren bideari jarraitu dioAnder Vilariñok ia nerabe zenetik. Aita goi mailako pilotu izateak bere kirol ibilbidean lagundu diola uste du. Kirol gogorra dela nabarmendu du. «Batez ere, emaitzak ez direlako nahikoa. Dirua behar da».Orain, buru-belarri dabil Europako GT4 eta iraupen txapelketetan. Bere prestaketaren oinarrietako bat igeriketa zeharkaldiak dira. Psikologikoki ez du ezer berezirik egiten. «10 urtetatik lehiatzen naiz auto batekin, eta oso barneratua dut zer den gidari izatea eta zer arrisku dituen».

Asteburuan bukatu duzue GT4 mailako Europako txapelketa.Niki Leutwiller taldekidearekin batera, hirugarren amaitu duzue sailkapen nagusian. Pozik al zaudete emaitzarekin?

Bai, oso. Denboraldi hasiera nahiko zaila eta gogorra izan zen. Ez genuen esperientziarik GT4ko lasterketetan, eta kosta egin zitzaigunegokitzea. Baina, lasterketak aurrera joan ahala, eroso sentitzen hasi ginen, eta nahi genuen abiadura eta erritmoa lortzen hasi ginen. Ezustean podiumean amaitu dugu.

Datorren hilabetean Europako Iraupen Txapelketa izango duzue jokoan, Estorilen. Lehen postuan zaudete orain, zure bi taldekideekin. Horri eutsiko diozuela uste duzu?

Abantaila dezentekoa daukagu sailkapenean, eta hala izatea espero dugu. Baina sei orduko lasterketa bat da, eta edozer gauza gerta daiteke: matxura mekaniko bat, istripu bat. Gainera, Estorilgo zirkuitua nahiko arriskutsua da. Zulo asko ditu, eta bihurgune asko hormatik gertu daude. Zentzuz jokatu behar dugu. Lehen hamarren artean sailkatuta, txapeldun izango ginateke. Gakoa irteera on bat egitea da.

Nola prestatzen du gidari batek halako lasterketa bat?

Batetik, autoaren prestaketa dago, eta, bestetik, nirea. Ibilgailua taldeak prestatzen du. Oraintxe, Frantzian daukate. Mekanikariek motorra aldatu berri diote, azken lasterketa horretarako. Ostegunean goaz probatzera. Lauzpabost bat ordu ibiliko gara, eta, gero, lasterketa egunera arte ez dugu ukituko. Ez da komeni kilometro asko egitea. Nire prestaketari dagokionez, lehen gimnasiora joaten nintzen. Baina 2013tik, igeriketako zeharkaldiak egiten ditut, eta horretan oinarritzen dut nire prestaketa. Egunero egiten dut igeri. Neguan, igerilekuan egiten dut, eta udan, itsasoan. Tarteka kart-ean ere ibiltzen naiz, hemen, Olaberrian.

Ez al dira oso kirol desberdinak igeriketa zeharkaldiak eta auto lasterketak?

Bai. Baina antzak ere badituzte. Bietan, bakarrik zoaz, eta erlojuaren aurka lehiatzen zara. Izugarri gustatzen zaizkit igeriketa zeharkaldiak. Zumaiakoan, Getaria eta Zarautz artekoan eta Donostiakoetan parte hartu dut, eta oso gustura ibili naiz. Irteerak oso biziak eta zirraragarriak dira, ahalik eta leku onena hartu nahi baituzu. Esango nuke auto lasterketen irteerekin baduela antzekotasuna, igerilari bakoitzak gure estrategia dugulako. Horko hainbat gauzak auto lasterketarako balio didate.

Zirkuituan bezain lehiakorra zara uretan?

Argi dut ni ez naizela igerilaria, eta ni baino aurkari hobeak daudela. Baina lehiakorra naiz, eta dena ematen dut.

Psikologikoki nola prestatzen zara auto lasterketetarako?

Ez dut aparteko prestaketarik egiten. 10 urte nituenean hasi nintzen auto batekin lehiatzen, eta barneratu dut zer den auto gidari bat izatea, eta zer arrisku dituen horrek.

Zer da zuretzat abiadura? Asko aldatu da horren inguruan duzun ikuspegia hasi zinenetik?

Niretzat, abiadura nire ogibidearen parte da, irabazteko gakoetako bat. Baina hori bezain garrantzitsua da bihurguneetan gurpilek itsaspen on bat lortzea edota lasterketetan burua hotz izatea. Abiadurari buruzko nire ikuspegia ez da aldatu urte hauetan.

Burua hotz izatearen garrantzia aipatu duzu. Bi seme-alaba izanda, mantsoago ibiltzen zara orain?

Ez dut horretan asko pentsatzen. Eskarmentuak erakutsi dit hori.Burua hotz izaten saiatzen naiz. Nik parte hartzen dudan txapelketak irabazteko gakoetako bat lasterketa bakoitzean erregularra izatea da, eta puntuak biltzea. Askotan, irabazteko grina horrengatik, istripu bat edo matxura bat izan dezakezu, eta lasterketan egindako lan guztia pikutara joaten da. Hasi nintzenean, oldarkorragoa nintzen, eta beti nahi izaten nuen irabazi.

Hiru urterekin gidatu zenuen estreinakoz kart bat. Nola duzu gogoan?

Asturiasen izan zen. Aitak lasterketa bat zuen han, eta hango zirkuitu batean izan zen. Abiadurak zirrara eragin zidan, baina ez dut beste askorik gogoratzen.

Haiek bultzatuta jarraitu zenuen kart-ean ibiltzen, edo zuk gustuko zenuelako?

Nik gustuko nuelako. Sekula ez ninduten behartu. Nik ere hala jokatu dut seme-alabekin. Semeari kirol guztiak gustatzen zaizkio: futbola, pilota, txirrindularitza... alabari, berriz, dantza. Tarteka etortzen naiz haiekin kart-ean ibiltzera.

Gustatuko litzaizuke haiek horretan aritzea?

Egia esan, ez. Asko gozatzen dute ni lehiatzen ikusten. Baina gure kirolean goran egotea oso zaila da. Dirua behar da. Emaitzak ez dira nahikoa. Nik, adibidez, zortea izan dut. Baina ikusi izan ditut gidari batzuk, izugarrizko mailarekin eta kalitatearekin, ezin izan dutenak gora egin diru faltarengatik. Hori oso gogorra da.

1 Formulara ez iritsi izanaren arantza kendu duzu?

Une hartan gogorra izan zen. Baina konturatzen zara zure kirol ibilbidea ez dela hor amaitzen, eta harro nago nire kirol ibilbidearekin. Nascarreko urteak, adibidez, oso politak izan ziren. Nire izena Nascarreko Ospearen Aretoan egotea gauza handia da, ametsa.

Zer falta izan zitzaizun 1 Formulara iristeko? Epsilon Euskadirekin gertatutakoa kolpea izan zen?

Ziurrenik gauza asko, baina, batez ere, babes ekonomiko handiagoa. Gainera, 3 Formulan irabazi arren, nire taldea ez zen indartsuena, eta horrek ere izan zuen eragina. Epsiloni dagokionez, ez nuke askorik esan nahi. Ni gidari bat baino ez nintzen. Baina, zorionez, proiektu hori garaiz utzi nuen. Hasieran esan zidaten helburua zela ni 1 Formulan lehiatzea. Baina bigarren urtean guztiz aldatu zen hori. Negozio bat zen egin nahi zutena. Aitak berehala esan zidan hortik alde egiteko, ez zela hasieran proposatu zidatena. Zorionez, kasu egin nion. Aitak arrazoi zuen. Gerora, gainera, beren burua zuritzeko, auzitan jarri zuten nire kirol maila. Nire kirol ibilbideko kolperik handiena izan zen.

1 Formulara iritsi bazina, zure garaipen zerrenda ez zen txikiagoa izango?

Hori jakiterik ez dago. Baina urte hauetanaukera izan dut bestelako diziplina eta lehiaketa batzuetan parte hartzeko: Nascarrean, iraupeneko lasterketetan, mendiko lasterketetan eta izotz rallyetan, adibidez. Horri esker, pilotu osoagoa naiz.

Gaur egun, 1 Formulan ez al da garrantzitsuagoa autoa pilotua baino? Eroso egongo zinateke bertan?

Diziplina guztietan geratzen da hori. Baina argi dago 1 Formulan alde handiagoa dagoela auto batetik bestera. Gurean, askoz antzekoagoak dira, eta, alde horretatik, eragin handiagoa du pilotuaren mailak, eta niretzat erakargarriagoa da hori.

1 Formulara iristea ezinezkoa zela ikustean, zergatik erabaki zenuen mendi lasterketetan lehiatzea?

Ez nuelako dirurik zirkuituetan jarraitzeko.

Europako bi Txapelketa irabazi, eta utzi egin zenituen igoerak. Zergatik?

Oso arriskutsuak zirelako. Nire kirol ibilbidean izan ditudan hiru istripu larrienetatik bi mendi igoeretan izan nituen. Bigarrena izan nuenean, pentsatu nuen: «Bi aldiz irabazi dut Europako Txapelketa.Zergatik jarraitu horrenbesteko arriskua hartzen?». Nire kontrario nagusiak, Lionel Ragalek, deitu egin zidan jarraitzeko eskatuz. Baina ezetz esan nion, hala jarraituz gero egunen batean hil egingo ginela. Hark jarraitu egin zuen, eta, zoritxarrez, handik bi urtera hil zen, istripuz.

Aita lehiatzen zenean, jabetzen zinen zuen arriskuaz?

Ez. Gogoan dudan bakarra da oso urduri jartzen nintzela berak irabaztea nahi nuelako. Orain, noski, konturatzen naiz arriskuez. Asteburuan bertan, Eivissan jokatu den mendi igoera batean parte hartu du. Sarritan esan diot uzteko, 65 urterekin nahikoa dela halako arriskuak pasatzeko. Baina berak esaten dit hori ezin diogula kendu. Bera pozik dago, eta errespetatzea besterik ez dugu. Angela ahizpa lehiatzean ere urduri jartzen naiz. Dena den, argi dago gehien sufritzen duena ama dela, hirurengatik sufritzen duelako. Baina ez du esaten.

Mendi igoerak utzi, eta Europako Nascarren lehiatzen hasi zinen gero. Hor ez al zegoen arrisku bera?

Arriskua zegoen. Baina erakarri egiten ninduen. Nascarreko lasterketak oso mugituak eta dibertigarriak dira. Izugarri gozatu nuen urte haietan.

Zergatik aldatu zinen, orduan,iraupen lasterketetara?

Nascarrean gorago iristeko aukerarik ez nuelako. Lau urtean hiru txapelketa irabazi nituen, eta hogei lasterketetan gailendu nintzen. Europako Nascarreko emaitzarik onenak nik ditut.Hurrengo urratsa AEBetako Nascarrean lehiatzea zen. Baina berriro ere ez nuen babeslerik lortu horretarako. Nik ez bezala, nirekin batera Nascarrean lehiatu zen Israelgo pilotu batek aukera izan zuen AEBetara joateko, hango lobby judu batek babestu egin zuelako. Hemengo babesleei kosta egiten zaie guri laguntzea, atzerrian lehiatzen garelako, eta haiek bertatik bertara ikusi nahi dute beren marka. Hori ikusita, helburu eta motibazio berriak behar nituen, eta horregatik hasi nintzen iraupenekoetan lehiatzen.

Gertu ikusten duzu erretiroa?

Beste hiruzpalau urte lehiatzen jarraitu nahi dut. Gero, aitari zirkuituarekin laguntzen jarraitu nahi dut, eta ikusiko dugu taldeak zerbait eskaintzen didan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.