Waterpoloa

Munarriz ez da finalerako sailkatu

Espainiako selekzioak 10-9 galdu du finalerdietan Serbiaren aurka. Munarrizek bi gol sartu ditu

Alberto Munarriz, gaur, finalerdiak jokatzen. HOW HWEE YOUNG / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2021eko abuztuaren 6a
14:15
Entzun

Ezin izan du finalerako txartela lortu Alberto Munarrizek. Espainiako waterpolo selekzioak 10-9 galdu du Serbiaren kontra, finalerdietan, eta brontzezko dominaren lehian borrokatzearekin konformatu beharko da. Partidaren zati handi batean aurretik joan da Espainiako selekzioa, baina azken unean aurrea hartu dio Serbiak. Beste behin, jokalari inportantea izan da Munarriz: 25 minutu pasatxo jokatu ditu, eta bi gol sartu.

Lehia parekatua izan da; tentsio handikoa. Lehen minutuetatik nagusitu da oreka. Bi selekzioak ondo hasi dira defentsan, baina trakets erasoan. Serbiak asmatu du lehen gola sartzen, seigarren minutuan. 2-0eko emaitzarekin amaitu da lehen laurdena. Baina bigarrena hasi eta berehala, aldea murriztea lortu du Espainiak, Munarrizen gol bati esker. 0-4ko partziala egin du David Martinek entrenatutako selekzioak, eta emaitza irauli. Azkenean, 4-5 joan dira atsedenaldira; nafarrarena izan da bigarren laurdeneko azken gola ere.

Bigarren zatian, gidoia berdina izan da. Erritmo handiko lehia jokatu dute. Aldea handitzen saiatu da Espainia, eta emaitzari buelta ematen Serbia. Lortu du. Azken unean erabaki da partida. Minutu baten faltan, berdinduta zegoen markagailua: 9-9. Bigarren laurdenetik irabazten joan da Espainia, baina momenturik erabakigarrienean asmatu du Serbiak. Azkenean, 10-9 nagusitu dira serbiarrak.

Tokioko Jokoetan jokatu diren orain arteko partida guztiak irabazita zituen Espainiak. Txapelketa ona egin du, baina urrats batera geratu dira. Hala, ezingo du urrea eskuratu, baina brontzezkoa lortzen saiatuko dira. Igandean jokatuko dute partida, Hungariaren kontra, 06:40an. Finala, berriz, Serbiak eta Greziak jokatuko dute, 09:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.