Borja Ekiza. Athleticeko jokalaria

«Mingarria da San Mames Europatik horrela agurtzea»

Europan porrot egin arren, Ligan eta Kopan egoerari buelta emateko denbora dutela uste du Borja Ekizak. Emaitzak ez dira onak, baina erdiko atzelariak dio aurreko sasoian bezainbeste ari direla lanean.

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Nafarroako harrobi amaigabetik fitxatutakoa da Borja Ekiza (Iruñea, 1988). Athleticen eskaintza jaso zuenean ez zuen segundo bat galdu pentsatzen. Maila guztietan gora egin ostean, Lehen Mailan debuta egiteko aukera eskaini zioten duela hiru sasoi. Ordutik, onenen artean lekua daukala ari da erakusten.

Europako Ligatik kanpo eta Ligan jaitsierako postuei begira hasi du abendua Athleticek. Nork esango luke halakorik sasoia hasi zenenean.

Hau da daukaguna. Onartu beharra daukagu. Sasoi hasieran beharbada ez zuen inork pentsatuko, baina gauden lekuan gaude. Orain arteko ibilbidea zuzendu beharrean gaude, eta horretarako, txarto egindakoak ez errepikatzea izango da bidea.

Europako Ligatik kanpo geratzea da mingarriena, baina emandako itxurak ere ez du inor gustura utzi. Eskas aritu zarete.

Ez naiz ni orain aitzakiak jartzen hasiko. Kontua da arrazoi bat edo beste tarteko ez ditugula lortu espero genituen emaitzak. Multzoen fasea etxean berdinduz hasi genuen garaipena eskuratuko genuela espero genuenean, ate aurrean ez gara ari asmatzen… Horrelako xehetasunek erabaki dute gure ibilbidea. Min ematen du, baina egindakoa eginda dago.

Zergatik ez du Athleticek espero den moduan funtzionatzen?

Ez dakit zer esan. Aurreko sasoian bezain fin ari gara lanean. Gehiago esango dizut: egiten ari garen hutsak zuzentzeko are eta ordu gehiago ari gara entrenatzen. Beraz, ez da lana ez egiteagatik. Futbolean lana eta zortea behar dira, eta zortearen falta sumatzen dut nik. Ea aurrerantzean gauzak aldatzen diren.

Defentsako lana ari da izaten emaitza txarren arrazoi nagusia. Oso lan eskasa ari zarete egiten.

Ezin dugu begibistakoa dena gezurtatu. Zulo handiegia daukagu arlo horretan. Nahiz eta sarri pentsatu zelaian egin behar duguna zuzen ari garela egiten.

Denbora dago egoerari buelta emateko edo denboraldia luzea izango den beldur zara?

Oraindik gora egiteko moduan gaude. Liga oso parekatua da. Bi talde alde batera utzita, gainerakoen artean parekotasun handia dago. Beraz, bolada on bat nahikoa izango da sailkapenean gora egin eta konfiantza berreskuratzeko. Guk asmo hori daukagu.

Penagarria da San Mames zaharrean jokatuko den Europako azken neurketan ezer jokoan ez egotea.

San Mamesek duen historia kontuan hartuta, penagarria da. Mingarria da Katedrala horrela agurtzea. Hori bai, zaleen inguruan ez daukat dudarik: sekula ez dute huts egiten. Gainera, jokalari gazteak ikusteko aukera izango dute. Bestalde, neurketa ofiziala da, eta taldea behartuta dago itxura ona ematera.

Zaleak ez daude gustura taldearen mailarekin, baina zure lana ontzat eman dute. Gustura zaude?

Nik asko eskatzen diot neure buruari. Beti gura izaten dut daukadana baino gehiago. Halere, gustura nago, baina futbola talde lana da eta, beraz, ezin egon poz-pozik.

Abuztuan azken erdiko atzelaria zinen, eta egun hasieratik aritzen zara.

Azken neurketatan titular izan naiz, baina futbola iraupen luzeko kirola da. Egunero lan egin behar da gogor. Lan saioetan egindako beharra zelaian ari da islatzen, eta teknikariak nigan konfiantza duela erakutsi du. Dena dela, nik beti sinetsi izan dut nigan, eta arlo horretan ez daukat arazo handiegirik. Erraz motibatzen naiz.

Zer eskatzen dizu Marcelo Bielsak?

Orain, taldeari segurtasuna emango dion defentsa ona egitea eskatzen digu.

Nola hartu duzu Fernando Llorentek taldea utziko duen albistea?

Zurrumurruak amaitzeko balioko duen esperantza daukat. Aldagela barruan jokalari bat gehiago da. Guk ez daukagu zalantzarik. Goi mailako futbolaria da. Europan gutxi daude haren maila dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.