Gedeon Guardiola. San Antonioko jokalaria

«Mesede egin digu Ciudad Reali irabazteak»

Leonen galdu arren, Ciudad Real mendean hartu izanak konfiantza berreskuratzeko aukera eman dio taldeari, Gedeon Guardiolaren ustez. Europan aurrera egiteak ere mesede eginen liokeela uste du.

edurne elizondo
Iruñea
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Zortzi gol sartu zizkion Gedeon Guardiolak (Petrel, Herrialde Katalanak, 1984) Ademarri asteartean. Golek ez zuten balio izan partida irabazteko, baina Ciudad Real mendean hartu eta gero, taldea bide onean jarri dela ustedu.

Ciudad Real mendean hartu berri duzue etxean, baina Ademarren pistan galdu egin duzue. Nekearen zama sumatzen ari zarete?

Bai. Leonen gehiegi sumatu genuen Ciudad Realen aurka egindako ahalegina. Ciudad Real mendean hartzea ez da erraza, eta ez genuen indarberritzeko denborarik izan. Leonen, lehendabiziko hamar minutuetan baino ezin izan genion eutsi aurkariaren erritmoari. Gaurko, hala ere, atseden hartzeko denbora nahikoa dugula uste dut.

Bigarren itzulia uste baino gogorragoa izaten ari da?

Zailagoa izaten ari da, bai. Kontua da jada ez dugula aurkariak ezustean harrapatzeko gaitasunik. Etxetik kanpo, gainera, partida hagitz zailak ditugu.

Etxetik kanpoko partidetan, hain zuzen, huts egin duzue bigarren itzulia hasi zenetik. Ligan Iruñetik at jokatu dituzuen laurak galdu dituzue, baita Europako Errekopako bat ere. Zer deritzozu?

Argi dago ez garela asmatzen ari etxetik kanpo. Etxean zaleen babesa dugu, eta horrek indarra ematen digu pistara ateratzeko. Etxetik at, ordea, ez zaigu gauza bera gertatzen, gehiago kostatzen zaigu behar dugun motibazioa aurkitzea. Ikasi egin behar dugu, eta egoera konpondu.

Etxeko partidetan aparteko presioa ezartzen du egoera horrek?

Bai. Egia da bertze jarrera batekin ateratzen garela pistara, baina, aldi berean, badakigu etxeko partidak ezin ditugula galdu, eta egoera horrek presioa eragiten du. Guk argi dugu etxean eta etxetik at irabazi behar dugula, eta, ondorioz, argi dugu gure jokoak hobera egin behar duela, etxetik kanpoko gure jarrerak batez ere.

Konfiantza falta da kontua?

Bigarren itzuliaren hasieran hainbat partida galdu genituen, eta horrek konfiantzan eragina izan zuen. Hainbat partidatan, gainera, zorte txarra izan genuen. Garaipena eskura izan genuen, baina azkenean ihes egin zigun. Horrek min egin zigun. Konfiantza galdu genuen, eta hori sumatu da bigarren itzuli osoan.

Gauzak aldatu egin dira Ciudad Real mendean hartu eta gero?

Nik uste dut baietz, mesede handia egin digula garaipen horrek. Guretzat hagitz garrantzitsua izan da Ciudad Realen gisako talde handi bati irabaztea.

Europako Errekopan ariko zarete gaur. Zer-nolako norgehiagoka espero duzu Eslovenian?

Hagitz partida zaila espero dut. Abiadura handiko taldea da Maribor Branik, hagitz fisikoa. Argi dago gogor egin beharko dugula lan, zaila izanen dela.

Kanporaketa gainditzeak lagunduko lizueke konfiantza berreskuratzeko bidean?

Hori behar dugu. Bigarren partida etxean jokatuko dugu, eta espero dut aurrera egiteko gai izatea. Aurkaria ez dugu anitz ezagutzen, eta lehen partida etxetik kanpo jokatzeak on eginen digula uste dut, hobeki ezagutu ahal izanen dugulako aurkaria.

Epaileak Eslovakiakoak izateak eraginik izanen duela uste duzu?

Europan ezin duzu inoiz pentsatu epaileek zure alde eginen dutela. Hori bazter utzi behar dugu, eta partida irabaztera atera pistara.

Zu zer moduz zaude?

Ongi. Bigarren itzulia ez nuen ongi hasi, baina hobera egin dudala uste dut. Bide beretik jarraitzea espero dut, eta taldeari laguntzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.