Borja Ekiza. Athleticeko jokalaria

«Mendilibarrek aldatu egin du Osasunaren mentalitatea»

Arlo fisikoan ondoen erantzuten duenak izango duela giltza iritzi dio atzelari nafarrak. Osasunako Solaren jokoa eta Ninoren «esperientzia» nabarmendu ditu.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Borja Ekizak (Iruñea, 1988) ez du hilabete gutxi batzuetako ezustekoa izan gura. Lehen Mailan bide luzea egin dezakeen futbolaria baizik. Iragan sasoian debuta egin zuenean, inor gutxik sinesten zuen urte askotarako jokalaria izango zenik. Arlo horretan, gauza asko argitu ditu Marcelo Bielsak fitxatutakoak. Hasieran ez zion jokatzeko aukerarik eman, baina behin emanda lan ona egiteko gai dela berretsi du atzelari nafarrak. Partida bateko zigorra bete ondoren, hamaikakora bueltatu, eta hazten jarraitzea du helburu nagusia.

Partida gabeko asteak luze egiten al dira? Aspergarriak al dira?

Ezohiko asteak dira. Indarra hartzeko balio dute aurrekoaren gisako asteek.

Orain arte egindako okerrak zuzentzeko balio izan du?

Arlo fisikoa lantzeko eta estrategia jokaldietan eraginkorragoak izateko baliatu du entrenatzaileak lehia gabeko astea. Bestalde, norgehiagoka askoko hilabetea izango dugula aintzat hartuta, eskertzekoak izan dira lan saio gabeko egun biak.

Anoetan jokatzeko aukera izan zutenentzat aste bi dira jokatu barik. Zuretzat, ordea, hiru izan dira, txartelak zirela tarteko ezin izan zenuelako ligako azken partida jokatu. Irrikaz egongo zara partida ofizialak jokatzeko.

Ez nago ohituta zigorretara. Derbikoa lehena eta azkena izatea espero dut.

Bai Javi Martinezek zure postuan, eta bai Gurpegik zelai erdian ere lan ona egin zuten Anoetan. Horrek Osasunaren kontra taldean leku barik utziko zaituela uste duzu?

Ez dakit. Athleticen postu guztietan dago izugarrizko lehia. Nik egin dezakedan gauza bakarra da gogo handiz entrenatzea, hamaika aukeratuen artean lekua daukatela erakutsi ahal izateko eta astebururo jokatzeko.

Denboraldion jokatu dituzun partidetan lan ederra egin duzu. Ikusgarri aritu zara.

Arlo pertsonalean zein talde gisa lan ona egin dugula uste dut. Baina egindakoa iragana da. Niri hurrengoetan parte hartzea interesatzen zait.

Oraindik ez dituzu partida asko jokatu Lehen Mailan, baina nahikoa izan daitezke onenen artean egin dezakezunaren berri izateko. Zale asko harrituta dago erakusten duzun mailarekin. Zu ere bai?

Harritzekotan, joan den denboraldian jokatu nituen lehen partidetan harritu beharko nintzatekeen. Baina behin konfiantza hartu eta talde dinamikan murgildu ondoren, ez da horren arraroa. Ni ez nago harrituta. Iragan sasoiko lan beretsua egiten ari naiz, eta emaitzak begi bistakoak dira.

Azkar eta adi ikusi zaitugu zelaian. Dohain garrantzitsuak dira horiek egungo futbolean. Hala ere, zure ustez, zertan hobeto dezakezu?

Arlo guztietan hobetu dezaket. Nik uste dut badaukadala zer ikasi. Azkarragoa izan naiteke, baloiarekin jokatzeko orduan hobetu dezaket, baita kontzentrazioan ere…asko daukat hobetzeko oraindik.

Azken garaipen bien aurretik laino beltzak ziren nagusi taldearen inguruan. Orain, berriz, sekulako ilusioa dago. Zuk, jokalari batek izan behar duen orekatik, etorkizun oparoa ikusten al diozu Marcelo Bielsaren Athletici?

Guretzat lehen jardunalditik dauka itxura ona proiektuak. Joko aldetik txukun aritu gara, baina emaitzak lortzea falta izan zaigu. Futbolean azken emaitzak agintzen du, baina guk hasieratik sinetsi dugu egiten ari garen lanean.

Orain arte nahiko txukun jokatu duzue, baina garesti ordaindu dituzuen desorekak izan dituzue.

Taldean gauza asko aldatu dira azken hilabeteotan. Beraz, normala da hasieran okerrak egitea. Baina egun argi ikusten ditugu gauzak, eta espero dugu egitea gura dugun jokoa berez azaleratzea.

Baikor egoteko arrazoiak daude, baina sailkapenean atzean zaudete. Beraz, Osasunaren kontra puntu premian zelairatuko zarete.

Azken bi garaipenak buruarentzat izan dira onak. Baina argi daukagu egoera ez dela ona. Behean jarraitzen dugu, eta, beraz, behartuta gaude hiru puntuak irabaztera. Osasunaren kontrako partida jokatzeko polita eta irabazteko gaitza izango da.

Gorritxoek lan ona egin dute orain arte, eta puntu gehiago irabaztea merezi izan dute.

Mendilibarrek aldatu egin du Osasunaren mentalitatea. Beste oldarkortasun batekin zelairatzen dira. Joko ona eta indar handikoa egiten duen taldea da Osasuna. San Mamesera garaipenaren bila etorriko da, ziur.

Bi taldeak ausartak zarete oso. Hasieratik irabaztera joango zarete.

Jokoa presioan eta kontaktuan oinarritzen dugun taldeak gara. Derbiko lehen minutuetan garrantzi handia izango du arlo fisikoak. Gero, baloiarekin ondoen moldatzen dena nagusituko da.

Zerk kezkatzen zaitu Osasunatik?

Zerbait nabarmendu beharko banu aurrelariak aipatuko nituzte. Ninok esperientzia dauka. Jokalari ona da. Sola ere hor dago. Hala ere, guk gureari begiratu behar diogu.

Barrura begiratuz gero, asko dago hobetzeko. San Mamesen ez zabiltzate fin.

Iragan sasoian etxean egon zen Europako giltza. Orain ere San Mamesen puntuak lortzea gaitza dela erakutsi behar diegu aurkariei. Zaleek ez dute huts egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.