Futbola

Lehenago hasi zenak du abantaila

Osasunaren eta Alavesen arteko derbia jokatuko da gaur Sadarren. Nafarrek goiko postuetan eutsi nahi diote, etxeko bolada ona luzatuta. Arabarrek, berriz, ligako lehen partida jokatuko dute Eduardo Coudeten agindupean. Kolpea hartu berri dute Kopan.

Luka Romero (Alaves) eta Abel Bretones (Osasuna) denboraldiaurreko neurketan. JESUS DIGES / EFE
Luka Romero (Alaves) eta Abel Bretones (Osasuna) denboraldiaurreko neurketan. JESUS DIGES / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko abenduaren 8a
05:05
Entzun

Berriki hutsetik hasi behar izan dute bai Osasunak eta bai Alavesek, eta aurrez aurre ariko dira gaur, Sadarren (18:30, ETB1). Entrenatzaile aldaketa mingarriak izan dituzte biek. Osasunari dagokionez, Jagoba Arrasatek erabaki zuen kontratua ez luzatzea, eta iragan sasoiaren bukaeran joan zen taldetik. Alavesen, berriz, Luis Garcia Plaza astelehenean kendu zuten kargutik, azken emaitzak direla kausa. Entrenatzaile estimatu eta arrakastatsuak izan dira biak. Halakoetan, zaila izaten da ordezko egokia topatzea. Osasunak lehenago abiatu zuen aro berria, eta modu eraginkorrean gauzatu du aldaketa, Vicente Morenoren gidaritzapean. Alaves, ordea, atzerapen handiz iritsiko da gaurko derbira, aste honetan jarri baita Eduardo Coudeten aginduetara.

Osasunak dezentez aurreratuago ditu eraikitze lanak, denboraldia teknikari berriarekin hasi eta gero. Areago, uste baino azkarrago ari da adreiluak ipintzen: 23 punturekin iritsi da hamaseigarren jardunaldira. Hots, bideratua du salbazioa, eta ohorezko postuen lehian dabil. Ligan, garaipenik ez du lortu azken hiru jardunaldietan, baina puntu baliotsuak bildu ditu Vila-realen eta Sevillaren kontra. Kopan, berriz, latz sufrituta kanporatu zuen Ceuta, ostegunean. Porrot egiteko zorian izan zen, azken txanpan 2-0 baitzihoazen. Alabaina, markagailua brastakoan irauli zuen.

Bada, Kopan egin beharrekoak hala moduz egin ostean, ligan ilusioari eusten saiatuko dira gaur gorritxoak. Etxetik kanpo zalantzati samar dabiltza; Sadarren, ordea, bestelakoak dira gauzak, bai joko eta bai emaitza aldetik. Iruñean, orain arte, Betisek bakarrik azpiratu du Osasuna. Nafarrek bost garaipen lortu dituzte zaleen gerizpean, eta beste bat zorroratu nahi dute gaur. Puntuen zakua bezain azkar handitzen ari da Ante Budimirren golen bilduma. Bederatzi sartu ditu jada, eta marka guztiak apurtzeko bidean da. Bryan Zaragoza da kroaziarraren aliatu onenetako bat, baina min hartu zuen Sevillaren aurka, eta bizpahiru hilabetez egon beharko du geldi. Bestelakoan, baliteke Vicente Morenok azken jardunaldiko hamaikako bera zelairatzea. Teknikariak argi dauka neurketa «oso zaila» izango dela: «Partida orekatua izango da. Alaves aldaketa bat egitetik dator, eta Kopan kalean gelditzetik. Horrek estutu egiten zaitu, eta garaipena nahiko dute kosta ala kosta»

Premia gorrian

Arabarrek indar betean ekin zioten sasoiari, baina sekulako beherakada izan dute geroztik: azken bederatzi partidetatik bakarra baino ez dute irabazi, eta zazpi galdu dituzte. Horrek, ezinbestean, eragina izan du sailkapenean. Arnasa emango lieke gaur irabazteak, areago Coudeten ligako debuta izango dela aintzat hartuta. Ostegunean eseri zen estreinakoz Alavesen aulkian, eta debut oso mikatza izan zuen: kanporatu egin zuen hiru maila beherago dabilen talde batek, Minerak, penaltietan. Argentinarrak hamaikako sendoa osatu zuen, ligan titular gisa ari diren jokalari askorekin. Alferrik izan zen, ordea. Ikusteko dago zer apustu egiten duen gaur. «Badakigu zenbaterainoko beharra daukagun. Fedea daukat gauzak ondo aterako direla, eta ea Osasunaren aurkakoa horren abiapuntua izaten den», adierazi zuen Coudetek prentsaurrekoan. 

 
Batek edo besteak jokatu, baloia edukitzeko eta bizi jokatzeko eskatuko dio Coudetek taldeari. Horretan datza haren estiloa. Mineraren kontra, arabarrek jokaldi onak ehundu zituzten tarteka. Azken metroetan, ordea, ilunpetan gelditu ziren, eta itogin ugari izan zuten defentsan. Eraginkorrago eta sendoago jardun beharko dute baldin eta Osasunaren aurka berriz ere esku hutsik gelditu nahi ez badute. Gorritxoei kosk egin ezinik dabiltza azkenaldian: 2014tik 2015era bitartean lau garaipen kateatu ondoren, azken 11 derbietatik bakarra baino ez dute gasteiztarrek irabazi. Areago: elkarren aurka jokaturiko azken bederatzi partidetatik zortzi Osasunak irabazi ditu, eta berdinduta bukatu zuten beste partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.