Txirrindularitzaren punta bana dago Movistarren bi pedaletako bakoitzean. Estreinako urtean, kirol zuzendariak eurak ere harrituta daude Nairo Quintana egiten ari den Tourrarekin; kolpea barneratu ezinik jarraitzen dute, berriz, Alejandro Valverderen kasuan. Bi muturrei oreka aurkitu nahian dabil Jose Luis Jaimerena (Elizondo, Nafarroa, 1960), Movistarreko kirol zuzendaria.
Tourreko lehen bi asteak igarota, zein balorazio egingo zenuke?
Espero zena gertatzen ari da. Denontzat ustez indartsuena zena ari da agintzen; Froomek baieztatu egin du denon ustea. Taldeari dagokionez, berriz, gustura gaude, nahiz eta ostiralean gorabehera asko izan genuen Valverderekin. Pena izan zen, denbora galera hark aldrebestu egin zigulako egoera. Baina momenturik txarrenean izan zuen matxura; zaildu egin zen egoera, eta kito. Bikain ari zen ordura arte, Nairo [Quintana], Rui Costa eta hirurak ondo kokatuta zeuden sailkapenean, baina oso egun txarra izan zen Valverde eta Costarentzat.
Quintanarentzat ere ez zen erraza ostiraleko etapa hori...
Ez. Baina bikain erantzun zuen. Haize-babesen eraginez, oso arriskutsua zen harentzat eguna. Baina oso ondo ibili zen kokapen lanean, eta bera geratu da taldeburu gisa.
Haserre amaitu zenuten etapa hura. Ulertu al dituzue talde batzuek egin zituzten mugimenduak?
Urte asko daramatzagu mundu honetan, eta une bakoitzean uste duena egiten du norberak. Taldeek izan zuten jarrerarekin ez, gertatu zenarekin nago minduta. Ados egon edo ez, kirolaren parte da zorte txarra izan duen txirrindulari baten egoera baliatzea, baina zorte txarragatik geunden gu haserre. Batzuei itxoin eta besteei ez; batzuetan bai eta besteetan ez... Betiko eztabaida da hori. Baina, Valverderen kasuan bereziki, daukan arazo txikienean jokoz kanpo uzten dute beti.
Zein egoeratan geratu da Valverde? Etapa bat irabaztea da helburua? Quintanaren mesedetan lasterketa lehertzea?
Irabazteko helburuaren ekin zion Tourrari; oso sasoi onean zegoen, eta kolpe handia hartu zuen hamar minutu galduta. Beti badu zerbait Tourrean. Erorikoa, lepauztaia, matxura... Inoiz ez du eduki zorterik lasterketa honetan, eta, tamalez, aurten ere ez. Baina Tourra ez da amaitu, eta txirrindulariek jakin egin behar dute kolpeen ondoren altxatzen. Sailkapenean bigarren egongo balitz bezala dago fisikoki, zorte txar kontua izan zelako. Egoera aldatu egin da, ordea. Sufrimendua muturreraino eramaten da podiumerako borrokan sartuta zaudenean, eta Mont Ventouxen argi ikusi zen hori. Baina etapen borrokan sartzeko aukera izango du oraindik.
Froomek daukan aldearekin eta Mont Ventouxen eman zuen erakustaldiarekin, erabakita al dago Tourra?
Egin duena aztertuta eta ibilbidea gogortzen denean egiten duena eginda, erabakita egotea da normalena. Kontua da edozer gauza gerta daitekeela lasterketan. Egun txar bat, egoera zail bat... Argi dagoena da buruz burukoan bera dela indartsuena. Irabazteko arazorik ez edukitzea da normalena, baina Pirinioetan talderik gabe geratu zen egun batean, eta antzekoren bat gertatuz gero, eta eraso serioak hasiz gero, sufritu egingo du, agian. Hori bai, aldeak handi-handiak dira jada, eta lasaitasuna emango dio horrek.
Quintana dabil Froomengandik gertuen. Pixkanaka ikasiz joatea nahi zenuten, baina...
Tourrera ikastera joatea zen gure asmoa. Bai, gauza politak egin ditu bi urteotan, baina Tourreko ezustekoetako bat dela uste dut. Hori bai, ez diogu gehitu nahi presiorik. Lehen Tourra du; lasterketa bera, komunikabideak, jarraipena... Dena da handiagoa hemen. Ondo barneratzen ari da dena. Hori bai, lasterketak kokatu du hor, baina gure asmoa ez zen hori. Edozein egunetan irrist egiteko beldurra badaukagu, baina geratzen dena oso egokia da harentzat. Ikusiko dugu gai den amaierara arte maila on horri eusteko.
Nork harritu zaitu onerako?
Ez dut uste txirrindulari asko lehertu direnik Tour honetan, eta Quintana bera aipatuko nuke. Mendateetan, haize-babesetan, kokapen lanean oso ondo dabil, eta xehetasun horietan ikusten da oso txirrindulari ona dela.
Eta txarrerako?
Ez dakit, ba... Pinot bera, agian. Oso Tour ona egin zuen iaz, baina desagertu egin da aurten. Eta, tira, Voeckler bera ere ez da garai batekoa...
Gertueneko etapari begiratuta, arriskurik ba al dago gaurko etapan faboritoetakoren batek tropela estutzeko?
Ihesaldietarako etapa aproposa da, eta litekeena da urrutiegi ez dagoen bat tartean sartzea. Baina azken astean egonda, norberaren postua hobetzeko baino lan gehiago egiten da, askotan, daukazunari eusteko. Eta hori gerta daiteke orain ere. Zergatik ez sartu Valverde bera ihesaldian? Beste kontu bat da baimenik emango ote dioten... Adi ibili beharko dugu.
Zer gerta daiteke gero erlojupeko gogor horretan eta Alpeetan?
Egon litekeen erlojupekorik onena da Quintanarentzat, eta aurrekoan baino hobeto ibili beharko luke. Alpeetako hiru etapak, berriz, oso gogorrak izango dira, eta ea podiumera gerturatzeko aukera daukagun.
Azterketa horren ondoren, Pariserako podium bat?
Bigarren Quintana geratzea nahi nuke, eta Contadorrek behar luke hirugarren. Ez naiz ausartzen Quintana podiumeko lehen postuan jartzen; eta ez da konfiantzarik ez daukadalako, ez pentsa. Baina ez litzateke emaitza txarra 23 urterekin eta lehen Tourrean maillot zuria jantzita bigarren amaitzea.
Txirrindularitza. 2013ko Frantziako Tourra. Jose Luis Jaimerena. Movistarreko kirol zuzendaria
«Lasterketak kokatu du Quintana hor, baina gure asmoa ez zen hori»
Nairo Quintana Tourreko podiumera igota, bigarren San Fermin festei ekiteko prest dago Jose Luis Jaimerena, Movistarreko kirol zuzendaria. Alejandro Valverde oso sasoi onean zegoela onartuta, penatuta dago. Baina kolonbiarraren suak biziberritu du taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu