Kostako da zauria ixtea

Argi gorria pizturik dago Realean: Carlos Velak ez du jokatuko hurrengo bi hilabeteetan. Zalantza handiak daude talde txuri-urdinak nola aurre egingo dion horren hutsune garrantzitsuari.

jon eskudero
Donostia
2015eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Orain arte itzalita ez baldin bazegoen ere, orain baiezta daiteke: argi gorria pizturik dago Realean. Ez joan den larunbatean Real Madrilen aurka galdu zuelako. Ezta lau gol jaso zituelako ere. Carlos Vela taldeko jokalari onenak min hartu zuelako baizik. Aurrelari mexikarrari herenegun egin zioten ebakuntza eskuin belauneko barne meniskoan, eta gutxienez ezingo du bi hilabetez jokatu. Bestela esanda, ligako hurrengo zortzi partidetan Velarik gabe jokatu beharko du talde txuri-urdinak, eta, dudarik gabe, neurketa garrantzitsuak izango dira, Santiago Bernabeun galdu ostean jaitsiera postuak lau puntura soilik baititu. David Moyesek, beraz, azkar eta ondo topatu beharko du irtenbidea Velaren hutsuneari aurre egiteko.

Ez du erronka makala izango, egiari zor. Batetik, mexikarrak gaur egun Realean duen garrantzia pisuzkoa delako; eta, bestetik, taldeko gainerako aurrelariek ezer gutxi erakutsi dutelako orain arte. Zenbakiek ez diote gezurrik: sasoi honetan 21 gol egin ditu Realak ligan, eta horietatik zazpi Velak sartu ditu. Gol guztien herenak, hortaz. Taldeko bigarren golegile onenaren zerrendan lau jokalari daude, bina gol sartu baitituzte Iñigo Martinezek, Sergio Canalesek, David Zurutuzak eta Imanol Agirretxek. Azken horrek, hori bai, denbora dezente darama golik sartu gabe. Hori gutxi ez, eta Alfred Finbogassonek oraindik ez du golik sartu ligan.

Denboraldi honetako zenbakiak ez ezik, azken sasoietakoak ere kezkagarriak dira. Vela 2011ko udan heldu zen Realera. Bada, 2011-2012ko denboraldian hiru partidatan geratu zen jokatu gabe, eta hirurak galdu zituen Realak, Sevilla, Athletic eta Zaragozaren aurka, hurrenez hurren. 2012-2013ko sasoian, beste hiru neurketa utzi zituen jokatu gabe, eta hirurak berdinketa batekin amaitu zituzten txuri-urdinek. Hain zuzen ere, Getaferen, Espanyolen eta Real Madrilen aurka. Sasoi hartan Txapeldunen Ligara sailkatu ziren donostiarrak. Joan den denboraldian, berriz, Nou Campen soilik huts egin zuen Velak, eta Realak 4-1 galdu zuen. Laburtuz, 127 partida jokatu ditu mexikarrak Realera heldu zenetik, eta 55 gol sartu. Ligan jokatu gabe, berriz, zortzi partidatan geratu izan da, eta Realak ez du bakar bat irabazterik ere lortu.

Estatistikak estatistika huts badira ere, Velaren lesioa arazo larria da Realarentzat. Taldean bertan ez dago haren antzeko ezaugarriak dituen jokalaririk, eta neguko merkatuan ere inor ez da iritsi. Izenen dantza etengabea izan da, besteak beste, Joel Campbell edo Nabil Bahoui Realetik gertu zeudela baitzirudien uneren batean. Ordea, azkenean ez da inor etorri, eta Moyesek daukanarekin aurre egin beharko dio egoerari. Velaren lesioa gutxi ez, eta badirudi Canalesek ere bizpahiru aste egin beharko dituela jokatu gabe. Hortaz, Pablo Hervias eta Chory Castrori garrantzia eman, hegaletako jokoa landu eta Agirretxe bere onera itzularaztea litzateke Velaren faltari nola edo hala aurre egiteko modu bat.

Fitxatzeko aukera badago

Dena den, eta nahiz eta neguko merkatua itxita egon, Realak oraindik ere badu jokalariren bat fitxatzeko aukera. Talderik gabe dagoen bat ekar dezake, edo amaiturik dagoen ligaren bateko norbait. Ez dira inor fitxatzeko baldintzarik egokienak, are gutxiago Vela ordezkatzeko norbait topatu nahi baldin bada. Halere, aterik ez du itxi Jokin Aperribaik. Nene brasildarraren izenak, esate batera, indarra hartu du.

Jakina dena hauxe da: larunbatean berebiziko garrantzia duen lehia izango duela Realak Anoetan, Celtaren aurka, eta itzalpean egon diren jokalariek argitara ateratzen hasi beharra daukatela. Celta ere larri dabil; hori bai, Vela faltako dela jakinda, lasaiago jokatuko du. Aurreko sasoian Velak lau gol sartu zizkion Anoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.