Uztarreko harroin gisa lehen lerroan da Aretz Iginiz Baionaren lehen taldean. Uztartzeetan eta eskasetan zutabe eta oinarri. 33 urtetan eskarmentu handia du jadaneko errugbilari profesional gisa, eta gibeltasun zerbaitekin so egiten dio ofizioari.
Nola doa denboraldia?
Oraingoz, aski ongi goaz. Bigarren postuan gara, zortzi punturen aitzinarekin hirugarrenetik. Sasoi honetan, puntu aldetik behintzat, oso ongi ari gara, baina maleruski, nola ezin dugun lehen bukatu, dena jokatuko da azken partidetan. Presioa gorde behar dugu, eta irabazi, oraindik nahi badugu aurten mailaz igo.
Sasoia ondo zenuten. Orain, ordea, kili-kolo zabiltzate.
Egia da emaitza eta joko aldetik sasoia oso ongi hasi genuela. Azken sei partidetan bost irabazi ditugu; joko aldetik pixka bat zailago da, baina garaipenak hor dira. Bi garaipen etxetik kanpo: Miarritzen eta Bourgoinen. Nahiz eta jendeak erran joko aldetik ez den hain ontsa, eta ikusten da, egia, partidak justu irabazten ditugu, baina garaipenak hor dira; garrantzitsuena da puntuak lortzea. Gero, urtea luzea da: bada nekea, eta neguan jokoa zailago da; aurkari guziek nahi dute zerbait egin Baionan, eta galtzeko presiorik ez dute. Garaipenak hor dira; beraz, ongi. Konforme gaude.
Zertan da trebe sasoi honetako taldea?
Aitzineko eta gibeleko jokoan ongi ari gara, jokoa orekatua dugu. Egia da batzuetan partida gaizki hasten badugu zailtasunak ditugula; jokoa estutzen dugu, baloi anitz galtzen. Baina, gero, jokoa berriz zentzu onean ematen dugu; gauzak ongi egiten eta lortzen dugu partidak irabazten. Gure lana izanen da, urte hasieran bezala, hasieratik gure erritmoa ematea, beldurrik ez hartzeko eta partidak hobeki irabazteko.
Bi mailak ezagutu dituzunez, nolako ezberdintasuna ikusten duzu Top14 eta Bigarren Mailaren artean?
Ez dira batere joko eta presio berdinak. Erraten da maiz jokoa gogorrago dela Bigarren Mailan, baina, neure ustez, pixkanaka joan da aldatzen. Lehen mailan geroz eta maila handiagoa da. Nazioarteko kanpoko jokalari anitz bada; beraz, maleruski, geroz eta gazte gutiago. Ondorioz, duela hamar urte zahar guziak ari baziren bigarren mailan; orain geroz eta gazte gehiago bada. Maila handitu da, eta jokoa arindu du; errazago da aritzea Bigarren Mailan, eta partida politak badira.
Zer giro duzue taldean?
Giro oso ona da. Sasoi hasiera oso zaila izan zen, Miarritzerekin bateratu edo ez... Jokalari anitz joan ziren jaitsi ginelako; beste batzuk joan ziren bateratzeagatik, bi talderekin jokalari gehiegi zelako. Zorionez edo zoritxarrez, ez dakit, talde bakarra ez da egin. Ekainean hasi ginen hamabost edo hogei jokalarirekin; beraz, taldearen erdia falta zen. Zailtasunean, jokalari berri anitz etorri ziren, talderik ez zutenak edo langabezian zirenak, zerbait frogatu nahi zutenak. Horrek egin du aski fite talde azkar bat sortu dugula elkartasunean edo zailtasunean. Horregatik ere denboraldi hasiera oso ona egin dugu, denek frogatu nahi baikenuen talde bat bagenuela, lekua merezi genuela.
Igoko zarete berriz ere Top14ra?
Ongi abiatuak gara finalerdiak jokatzeko. Serioski segitzen badugu, finalerdia etxean jokatuko dugu. Gero, badakigu irabazi behar direla finalerdia eta finala. Azken faseko partidak dira, eta ez da hain erraza irabaztea. Presio handia izanen da. Oso zaila da erratea orain igoko garenetz. Ez bada lehen bukatzen, zaila da.
Taldeak badu gaitasuna horretarako?
Nahiz eta zaila izan, ikusten dugu partidak gaizki hasita oso ongi bukatzen ditugula. Horrek erran nahi du taldeak baduela nortasun bat, presioa dugunean ere ongi ari garela, puntuak sartzen ditugula. Hori indar bat da. Esperientzia handiko jokalariak baditugu, baita oso gazteak ere. Bien artean osagai guziak eman beharko ditugu nahi badugu lehenbizi azken fasera iritsi, eta, gero, irabazi.
Txapelketako ondorengo erronka nagusia zein da?
Etzi hartuko dugu Lyon, liderra, kasik dena irabazten duena. Han partida ona egin genuen; puntu batengatik galdu genuen. Nahi dugu irabazi bigarren lekua segurtatzeko eta erakusteko Baiona presente dela. Ari gara prestatzen partida oso ona egiteko. Behintzat ateratzeko partidatik erranez dena eman dugula.
Nola bizi zenuen bateratzearen afera?
Lehenbizi, mailaz jaitsi izana barneratu behar izan genuen. Aski zaila izan zen. Gero, aukera eman ziguten bateratzea eginez talde handi bat egiteko. Kirol mailan begiratuz bakarrik, bi taldeetan jokalari hoberenak hartuz egia da talde azkar bat izaten ahal genuela, fite eta erraz egina; zergatik ez lehen postua jokatu Lyonekin eta igotzen ahal ginela. Gero, gauzak oso fite eta nolanahi egin ziren, eta azkenean ez zen egin. Baina ikusi dugu, zailtasunean, nonbaitik ateratako taldea egin dugula, eta emaitzak hor direla.
Kirolari gisa nola ikusi duzu jendea hainbeste berotzea gai horrekin?
Duela bi urte Afflelouk [Alain Afflelou Baionako nagusia] eta Blancok [Serge Blanco Miarritzeko presidentea] fusioaz hitz egin zuten, eta dena joan zen hankaz gora aski fite. Iaz, berriz, kukuturik egin nahi izan zuten, baina Baionan edo Miarritzen ezin dira sekretuak gorde. Beraz, auzia lehertu zen. Ezin izan zuten nahi zuten guzia prestatu. Nolaz inork ez zekien zer zen proiektua, jendea kontra jarri zen, eta normala da. Oraingoz, behintzat, holako maneran ez da eginen.
Berriz etorriko da gaia?
Gaia ez da galdua, baina bateratze batez haragokoa da kontua. Beharbada beharko da zerbait sortu; Euskal Herrian errugbi talde handi bat sortzea izanen da helburua. Gauza da nola sortu: hasi beheretik edo goitik. Ezin da bizpahiru hilabetetan egin, proiektu handi bat baita; Hego Euskal Herria ere sartu behar da barnean; Euskal Herriko talde guziak eta ez bakarrik Baiona eta Miarritze. Ikusten da Irlandan, adibidez, probintziak direla; herrietako taldeetako jokalari onenak ari direla talde horietan. Hurrengo proiektua egitekotan, behar da euskal talde handi bat, Iparraldeko eta Hegoaldeko talde guzien arteko zerbait sortu; jokalari eta zale guziak identifikatu beharko dira talde berri horretan. Zerbait ongi egiten bada, zentzu onean, beharbada hemendik 20 edo 50 urtera talde handi bat izaten ahalko da.
Euskal talde handi bat egiteko maila egongo litzateke?
Ipar Euskal Herria ikusirik, herrialde anitz ez da herri bakoitzak kasik errugbi talde bat duenik. Errugbi zaletasun handia bada. Jokalari on anitz atera dira Euskal Herritik. Euskal Herriko %10 baizik ez da bizi hemen; Hegoaldean potentzial oso handia dago, eta zaletasuna handitzen ari da han ere. Ez dakit oraino horrela den, baina lau euskal talde badira Espainiako maila nagusian. Anoetara joan garelarik ere ikusi dugu zaleak oso pozik zirela.
Harremanak badituzu beste herrietako taldeekin?
Bai, baditut lagunak ari direnak Hendaian, Donibane Lohizunen... Batzuetan, entrenatzaileak deitzen banau, joaten naiz uztarketak lantzera. Izan naiz Hazparnera, Hendaiara, Bokalera ere.
Harrobi lana egiten da aski?
Hori da zailtasuna, biharko jokalarien prestatzea, formatzea. Oraingoz, bada gune bat Baionan, eta beste bat Miarritzen. Bi taldeen artean bada 60 bat jokalari, eta badakigu %20 aterako dela goi mailan. Ez da anitz. Formakuntza aldetik, Baionan behintzat, ari dira politika aldatzen. Gazteen mailentzat nahi dituzte jokalari zaharrak, esperientziadunak sartu gazteen formatzeko. Goi maila piramide bat da: basea geroz eta handiagoa, puntan geroz eta jokalari gehiago izanen dira. Ongi lan eginez geroz, jokalari gehiago aterako dira goi mailara. 14 urtetik gora hasi behar da jokalari guzien ikusten; talde ttipietan badira jokalari handi anitz. Nahiz eta errugbiaren abantaila den denak formatzen ahal garela, denek zerbait ikasiko dutela.
Zu Hendaian hasi zinen, eta Baionara etorri gero. Nola ikusten duzu zure ibilbidea?
Neure ibilbidea pixka bat bitxia izan da. 14 urterekin hasi nintzen errugbian; beraz, aski berandu. Igeriketa egiten nuen lehen. Hendaian ibili nintzen lehen taldea arte. Baionara 20 urterekin etorri nintzen, aski berandu hor ere. Ez dut inoiz formakuntzarik izan goi mailan edo. Ez nintzen uztarrian hasieran; lehen partida hirugarren lerroan, bigarrena bigarren lerroan eta junior mailatik uztarrian sartu naiz. Gero, xantza izan dut; baxoa egin eta gero, ikasketak egin, eta 22 urterekin hasi nintzen lehen taldearekin jokatzen. Pixkanaka sartu naiz, eta neure lekua horrela egin dut. Gazteari xantza eman behar zaio. Jokatuz gauzak ikasten dira.
Goi mailako errugbiak zer du onetik eta zer txarretik?
Txarrarekin hasiko naiz. Goi mailan badu hamabost urte kirola profesionala izaten hasi zela. Profesionaltasunak gauza on eta txarrak baditu. Talde guziek emaitza egin nahi dute segituan. Sasoia ez da hasia, eta jadanik taldea presiopean da. Horregatik, denbora gutiago hartzen da formakuntzan; jokalaria prest izan behar da berehala; beraz, maleruski, kanpotarrak ekartzen dira; ez beti onenak; hemen ere badira horiek bezain onak, baina ez zaie konfiantza egiten, emaitza behar delako segituan. Dirua sartu da. Gauza ona da, baina, zoritxarrez, negozio bat bilakatu da; beraz, jokalaria ez da beti jokalaria, merkantzia bat da batzuetan. Baina gauza baikorrak badira ere. Garrantzitsuena, talde kirol bat dela. Errugbian, nahiz eta munduko onena izan, bakarrik baldin bagara, ezin da ezer egin. Ikasten da anitz elkartasuna, bat bestearekiko lotura. Kontaktu anitzeko jokoa da, gudu handi bat da, eta egia loturak sortzen direla aski fite taldearekin, baina aurkariarekin ere bai.
Hain zuzen ere, jokalariak elkartuak zarete zuen bermeen zaintzeko.
Jokalarien sindikatua bada. Badu hamabost urte sortu dutela errugbiko hitzarmen kolektiboa. Arauak badira jokalaria babesteko: pausa garaiak, opor garaiak, hilabeteko gutxieneko soldata, talde batetik bestera arauak ez aldatzeko urte berean. Gazteen babesteko ere: 23 urte arte ezin da profesionala bilakatu. Behar da formakuntza segitu. Sindikatua hor da ere Ligaren parean. Ligak geroz eta ikuskizun gehiago nahi baitu, geroz eta partida gehiago, irudi gehiago. Top14 eta Bigarren Maila geroz eta garestiago nahi dute saldu Ligan, eta batzuetan ahanzten dute jokalaria. Sindikatua hor da erakusteko jokalaririk gabe ezin dela txapelketarik egin. Frantses kulturan kirolaria ez da hain ongi ikusia; gure lana gure plazera delarik, dirua irabazten dugu horri esker, eta jendeak gaizki ikusten du gure gauzak babestea. Alta, AEBetan ikusi dugu, adibidez saskibaloian, jokalariak ez badira pozik legeekin greban ematen ahal direla urtebete oso batez. Botere handia dute.
Gorputzari kasu egiteko ere bai?
Errugbia kontaktu anitzeko kirola da. Bi urte hauetan, garunean jasotako kolpeekin ari dira kontuz ibiltzen gehiago. Jokalari batek KO bat egiten badu, jokoa gelditzen da, eta neurologo bat ikusi behar du berriz hasi aitzin. Badakigu ez badugu errekuperatzen, kolpeak gero eta gehiago hartzen direla eta maleruski errugbia bukatzean, 35 urterekin, arazoak hasten ahal direla. Horretarako, profesional mailan sindikatu eta jokalariek benetan kontzientzia hartu behar dugu gure gorputza dela gure lana. Gero biziak segitzen duela. Babestu behar dugu, nahiz eta zaila den, jokalariak geroz eta botere gutiago duen.
Arrangura zara zure gorputzarentzat?
Ni oso ongi sentitzen naiz. Zaurigutxi izan ditut. Baina neure inguruan urtero badira bizpahiru jokalari errugbia gelditzen dutenak, ezin dutelako gehiago. Izaten ahal da orkatila, belauna, burua edo bizkarra. Horrekin bizi behar da gero bizi guzia.
Aretz Iginiz. Baiona taldeko jokalaria
«Jokalariok merkantzia gara batzuetan»
Igeriketan hasi zen Iginiz errugbira hurbildu aitzin. Gaurko nerabeen aldean, berandu hasi zen Hendaian jokatzen, 14 urterekin. Top14 ezagutu du Baionarekin, baina sasoi honetan Bigarren Mailan ari da. Mailaz igotzea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu