Javad Nekunam fitxatu duela baieztatu du Irango Esteghlal taldeak

2,5 milioi euro inguru ordainduko dizkio Osasunari, eta Ibra saldu dutela ere aurki egingo dute ofizial

Erredakzioa
Iruñea
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Javad Nekunamek urtebeterako kontratua sinatu du Irango Esteghlal taldearekin. Albiste jakina zen, baina atzo ziurtatu zuten, hasiera batean espero zitekeen baino askoz beranduago. Azken egunetan jokalariaren eta taldearen akordioa gaiztotzen ari zela zirudien, eta Osasuna zain zegoen. Erdilariak, baina, atzo atera zuen argazkia talde berriko presidente eta elastikoarekin. Teherango taldeak 2,5 milioi euro inguru ordainduko dio Osasunari.

Nekunam, halere, ez da taldea utziko duen jokalari bakarra. Errusiako Kuban Krasnodar taldeak bere webgunean jakinarazi baitu Ibrahima Balde fitxatu duela, lau milioi euroren truke. Osasunak, halere, oraindik ez du akordioa baieztatu. Jokalaria Olinpiar Jokoetan dago egun, eta handik itzulitakoan dena argituko dela dirudi. Gauzak hala, taldeak 6,5 milioi euro ditu ordezko bila hasteko, eta, bide batez, gainetik kendu du kontratu altuenetako bat, Nekunamena.

Bilaketa horretan, badirudi Javi Fuego erdilari espainiarrak aurki sinatuko duela kontratua Osasunarekin. Iruñeko taldea Nekunamen negoziazioen zain zegoen euskarriarekin lorturiko akordioa ixteko. Aurrelari berriari dagokionez, oraindik ez dago balizko izenik. Azkenik, gero eta zailagoa dirudi Raul Garcia berriz ere gorritxoen elastikoarekin ikustea. Denboraldi-aurrea hasi du Atletico Madrilekin, eta entrenatzailea gustura dago erdilaria ematen ari den mailarekin.

Athleticek 0-1 galdu du

Athleticek 0-1 galdu zuen atzo PSV Eindhovenen aurka Polonian jokaturiko lagunarteko partidan. Marcelo Bielsak probak egiteko erabili zituen, bereziki erdiko atzelari bikoan. Gurpegi eta Aurtenetxe aritu ziren hasieratik, eta bigarren zatian Castillok ordezkatu zuen azken hori. Athleticek baloia izan zuen, baina PSVk hobeto jokatu zuen. Aduriz bigarren zatian irten zen, eta zelaia utzi behar izan zuen giharretako arazoekin. Gaur, beste partida bat jokatuko du (11:45), Slask Wroclawen aurka. Etxeko taldeak 4-2 galdu zuen atzo Benficaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.