Europako Nascar txapelketa irabaztearekin batera, Ander Vilariñok (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979) inoiz ahaztuko ez duen sari bat lortu zuen joan den sasoian: Daytonako (Florida, AEB) proba arrakastatsuan parte hartzeko txartela, hain zuzen ere. «Niretzat izugarrizko ohorea da, eta betidanik izan dudan ametsa beteko dut», aitortu zuen orduan Vilariñok. Albistea jakin zuenetik, baina, hilabete batzuk pasa dira jada, eta egun handia noiz iritsiko zain egon da luzaroan. Bihar, azkenean, ametsa beteko du. Daytonako proban izango da, eta pilotu orok desiratzen duen altxorraz gozatzeko aukera izango du. «Nire ibilbideko lasterketarik ederrena eta gehien esperotakoa da; izugarria izango da».
Ez da nolanahiko lasterketa. Speedweek izenekoan aste osoan egiten dira lasterketak, eta motorrak duen egunik garrantzitsuena da AEBetan —Indianapolisko 500 Miliak bezain garrantzitsua da—. Aste barruan milioi erdi lagun inguru gerturatzen dira zirkuitura —168.000 lagun sartzen dira—, eta urtean gehien ikusten den ikuskizuna da. Daytonako zirkuitua kilometro erdiko obaloa da, eta partaideek 150 itzuli eman behar dizkiote. Vilariñorentzat, ez da probarik aproposena, batez ere zirkuitu mistoetan lehiatu zelako joan den denboraldian. Hala ere, Europako Nascar txapelketan, antzeko bi zirkuitu obalatutan lehiatu zen, eta, beraz, antzeko ezaugarriak dituzten zirkuituetan bere autoarekin lehiatzeko aukera izan du. «Aurkariek nik baino ohitura handiagoa dute zirkuitu obalatuetan, baina nik bi lasterketa egin nituen joan den denboraldian horrelako bihurgune batean. Badakit zein ezaugarri dituen, arriskuak zeintzuk diren, segurtasun autoak sarritan irteten direla… Nahiko ongi moldatu nintzen, eta hori ikusita, konfiantza handiarekin joango naiz», esan du gipuzkoarrak.
Lehiakideei dagokienez, mundu mailako txapeldun guztiak izango ditu aurrez aurre. Mexiko, Kanada eta AEBetako hainbat mailatako irabazleak Vilariñorekin batera ariko dira bueltaka; eskarmentu handiko pilotuak guztiak. «Txapeldun izan den norbait beti da aurkari arriskutsua. Gainera, horiek guztiak denboraldi osoan zirkuitu obalatuetan lehiatzen dira, eta, beraz, zalantza gutxiago izango dituzte lasterketan». Eskarmentuko pilotu horiek, gainera, ez dira gutxi izango. Guztira, 60 pilotuk parte hartuko dute hasieratik, baina 34k bakarrik korrituko dute final handia. Horien artean, Vilariño bera. Izan ere, gipuzkoarrak finaleko parte hartzea ziurtatua du 2012ko Europako Nascar txapelketa irabazi izanagatik.
Auto gehiegi dira, akaso, lau kilometro dituen proba batentzat. Horrelako lasterketak jokatzen diren bakoitzean, sarritan ikusi ahal izaten dira istripu larriak edota autoen arteko talka ikusgarriak. Istripu horietako asko hasierako irteeran gertatzen dira. Horixe izango da unerik gogorrena. AEBetako Nascarrean, gainera, autoak abiaduran irteten dira. Hau da, ez dira egoten argi berdea noiz piztuko zain, baizik eta arrapaladan ateratzen dira, eta hori gutxi balitz, metro gutxitara lehenengo bihurgunea izango dute. Une horretan gainontzeko autoekin ukiturik ez edukitzen eta istripuak saihesten saiatu beharko du Vilariñok. «110. itzulira arte bizirik iraun behar dugu, eta azken 40 itzulietan dena eman. Horixe da gure helburu nagusia. Zaila izango da, gainontzeko pilotuek ere antzeko estrategia izango dutelako. Hasieran pixkanaka joango gara, lasaitasunez, obsesionatu gabe, eta, ondoren, dena emango dugu».
Tamalez, AEBetako ametsak ez du luze iraungo, eta horren errudun egungo egoera ekonomikoa dela esan daiteke. Europako txapeldun izateak AEBetako taldeen interesa piztu ohi du, baina krisi ekonomikoak Europako pilotuen parte hartzea geldiarazi du. «Ekonomikoki oso egoera zailean gaude. Nire ibilbideko unerik gozoenean horrelako egoerabatean egotea pena handia da, eta denboraldi osorako AEBetara joatea oso zaila da, bitartekari asko daudelako tartean». Bitartekari horien artean daude, adibidez, babesleak. Baina horien eskaririk gabe, ez dago AEBetan korritzeko aukerarik, eta, beraz, bertara denboraldi osorako joatea etorkizuneko proiektu bat besterik ez da.
Bigarren txapelketa helburu
Daytonako esperientziaren ondoren, Vilariñok Europako Nascar txapelketan parte hartuko du bigarrenez. Bi hilabete barru ekingo dio lehiari, eta gipuzkoarraren helburu nagusia 2012ko garaipena errepikatzea izango da. «Europako Nascarra hasten dugunean, joan den denboraldiko garaipena errepikatzea izango da helburu nagusia. Parte hartzen dugun lasterketa guztietan izango dugu garaipena eskuratzeko aukera, eta, beraz, hortan jardun behar dugu buru-belarri». Spa (Belgika) eta Valentziako (Herrialde Katalanak) zirkuituak ez dira egongo sasoi berrian, eta horien ordezkoak Dijon (Frantzia) eta Monza (Italia) izango dira. Dena den, pilotuak ez dio garrantzirik ematen aldaketari. Badaki sasoi onenean dagoen pilotua dela, eta, beraz, hautagai nagusia berriro txapeldun izateko. «Dijongo zirkuitua nahiko ona da niretzat, baina Monzakoa ez zait asko gustatzen. Halere, aldaketek guztioi eragiten digute. Entrenamenduei esker, zirkuitu berrietara egokituko gara».
Hemen du saririk desiratuena
Ander Vilariñok pilotu ororen ametsa beteko du bihar, Daytonako proba arrakastatsuan (AEB) parte hartuko baitu. Zuzeneko txartela du finalerako, joan den denboraldian Europako Nascar txapelketa irabazteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu