Ander Vilariño. Pilotua

«Hamahiru probetatik sei bat baino ezingo direla jokatu uste dut»

Hil honetan zen lehiatzen hastekoa Vilariño, NASCAR-en, talde berriarekin: DF1 Racing. Baina koronabirusak dena eten du. Austrian egoitza duen taldeak bera fitxatzeko egindako ahalegina eskertu du.

Ander Vilariño, ezkerrean, DF1 Racing taldearekin sinatu zuen egunean. ANDER VILARIÑO.
ainara arratibel gascon
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Internet bidez erositako bizikleta estatikoarekin eta simulagailuarekin ari da sasoiari eusten Ander Vilariño pilotua (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979). Laugarrenez Europako NASCAR irabaztea du ilusio, iaz lehiaketa horretara bueltatu eta gero.

Nola daramazu etxean egon behar izatea?

Kezka handiarekin, gertatzen ari denagatik. Gogorra da hainbeste jende hiltzen ikustea. Hau pasatutakoan, gainera, ikusiko dugu zer pasatzen den egoera ekonomikoarekin, gure lasterketekin... Zain egotea baino ez zaigu geratzen, eta ea noiz itzultzen garen pixkanaka normaltasunera.

Zirkuitura joan ezinik, nolakoa da pilotu baten prestaketa?

Azken urteetan prestakuntza zirkuituan eta uretan egin dut, igeri egitea asko gustatzen zaidalako eta oso baliagarria delako. Hori dela eta, etxean nuen gimnasia egiteko lekua kendu egin nuen. Orain, bizikleta estatiko bat erosi dut Internetez, eta horrekin nabil. Simulagailuarekin ere ibiltzen naiz. Argi dago ez dela gauza bera, eta ez dut horren gustuko. Baina, gutxienez, balio dit erreflexuei eusteko, eta zirkuituen inguruko oroitzapena izateko. Goizetan, gainera, seme-alabei lagundu behar diet etxeko lanekin, eta beste hainbat kontuz arduratu.

Hil honetan ziren hastekoak Europako NASCAR txapelketako lasterketak. Sasoi betean al zinen?

Ondo nengoen, bai. Baina martxo hasieratik jada ikusten nuen ez ginela hasiko, eta autoa ere probatu gabe nuen. Martxo erdialderako nintzen joatekoa Austriara probatzera, baina, alarma egoerak ezarritako mugitzeko murrizketekin, ezinezkoa izan zen.

Zu, gainera, ilusioz zinen sasoia abiatzeko, Salzburgon (Austria) egoitza duen DF1 Racing taldearekin sinatu baitzenuen urtarrilean.

Hala da. Gogo handiz nengoen. Izan ere, iazko denboraldia amaitu zenetik interes handia erakutsi zuten ni taldean egoteko. Ni nintzen haien apustu nagusia. Hasieran Whatsappez eta telefonoz hitz egin genuen, eta gero hara joan nintzen proiektua sakonago ezagutzera. Itxura oso ona hartu nien; ilusio handia ikusi nien, eta aurreko sasoiko erreferentzia onak nituen, Europako NASCAR-eko bigarren mailan txapeldun izan baitziren, oso emaitzak onak lortuta. Auto oso bizkor bat garatu zuten. Gainera, nik egindako proposamenak eta nahiak berehala onartu zituzten. Ez zitzaigun asko kostatu ados jartzea; erraz joan zen dena. Erronka bat da niretzat talde honekin NASCAR irabaztea.

Posible dela uste duzu? Zer helburu duzu?

Argi dago elkarren egokitzapena eta ezagutza behar direla, eta zaila da hasieratik dena ondo joatea. Bi talde oso on daude: PK Carsports eta Hendirck Motorsports. Biek oso auto bizkorrak zituzten iaz, eta pilotuak, mekanikariak eta ingeniariak mantendu dituzte. Hori abantaila bat da. Baina nire nahia da azken lasterketetara aukerekin iristea, autoa erabat garatua izatea eta sasoiko egotea. Izan ere, iaz arte azken lau lasterketetan puntuen bikoitza banatzen zen, eta aurten azken seietan egitea erabaki zen. Dudan eskarmentua baliatu nahi dut, eta hiru urte eta gero iaz NASCAR-era itzultzeak eman zidan motibazioa. Hor egon daitezke nire aukerak. Baina argi dago gure kirolean autoak asko baldintzatzen duela dena, eta ikusi beharko da. Detaile txikiek erabakiko dute dena.

Aukera ikusten duzu orain jokatu ez diren lasterketak dataz aldatzeko?

Ez dut uste hori posible izango denik, automobilismoko eta motoziklismoko beste proba asko geratu baitira bertan behera, eta ez baita izango denentzako lekurik eta datarik. Dena ondo joanez gero, uste dut gu abuztuan hasiko garela lehian, eta sei bat proba jokatuko ditugula, egutegian aurreikusita zeuden hamahiruetatik. Denak jokatzeko, gauzek asko aldatu beharko lukete. Gainera, ikusi beharko da baita ere lasterketen antolatzaileen eta taldeen egoera ekonomikoa zein den kolpe hau eta gero.

Nahiago duzu denboraldia motzagoa izatea?

Niretzat komenigarriagoa litzateke denboraldia luzeagoa izatea. Hala, lehen lasterketetan egokitzapen hori egingo nuke, eta bete-betean ailegatuko nintzateke denboraldiko une erabakigarrira. Gainera, autoa hobetzeko denbora apur bat gehiago izango genuke. Baina, esan bezala, ez dut uste hala izango denik.

Kirol talde askotan enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak egin dituzte. Zuenean nolakoa da egoera?

Gure kasuan, taldeko hiru pilotuek lasterketen araberako kontratuak ditugu, eta oraingoz ez digute halako ezer proposatu.

Etenaldi hau autoa hobetzeko baliatzen ari dira?

Ez. Austrian ere konfinatuta daude, eta, beraz, mekanikari eta ingeniari guztiak etxean daude. Ezin dira zirkuitura joan lanera.

Espero duzu apirilaren 26tik aurrera Espainiako Gobernuak alarma egoeraren baldintzak arintzea eta Olaberriako (Gipuzkoa) zure zirkuituan entrenatu ahal izatea?

Ikusiko dugu zer pasatzen den, egunetik egunera gauzak asko aldatzen baitira, eta oraindik bi aste aste pasatxofalta dira horretarako. Nahiz eta egia den guk, bakarkako kirola izanda, errazagoa izango genukeela. Baina lasterketena zailagoa izango da, NASCAR-en ez dutelako buruan ateak itxita jokatzea.

Eta familiaren zirkuitua itxita izatearekin ere kezkatuta egongo zara, ezta?

Bai. Ekonomikoki ere drama hutsa da hau, eta kosta egingo da buelta ematea. Guk, gainera, oso proiektu polit bat jarri genuen martxan duela hilabete batzuk: motor gidarientzako eskola. Orain dena eten da. Bestalde, gurea astialdiari lotutako zerbait da, eta ez da erraza izango lehengora itzultzea. Baina gogotsu egon behar dugu, eta ilusioz honi buelta eman ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.