Futbola

Goiko postuei eusteko aukera dute Realak eta Athleticek

Realak Leganesen zelaian jokatuko du, eta Athleticek Vila-real hartuko du San Mamesen. Txapeldunen ligako postuetan egonkortzeko aukera dute zuri-gorriek.

Oiartzabal eta Turrientes Anoetan, Ajaxen aurkako partidan. JON URBE / FOKU
Oiartzabal eta Turrientes Anoetan, Ajaxen aurkako partidan. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2024ko abenduaren 8a
05:05
Entzun

Ligaren erdira iristen ari dira euskal taldeak, eta, horietako batzuek bolada txarrak izan badituzte ere, taula egonkortzen hasi da. Makal hasi zuen liga Realak, etxean ia garaitu ezinik, baina arazoak konpontzen hasia da Imanol Alguacilen taldea, eta Europarako sailkatzeko postuetara gerturatu da. Athletic, berriz, geldiezin dabil, bai ligan eta bai Europa Ligan. Laugarren postuan dago orain ligako sailkapenean, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko. Gaur jokatuko dute biek: Leganes-Reala (14:00, Movistar) eta Athletic-Vila-real (16:00, Movistar). 

Zuri-gorriek aurkari zuzen bat hartuko dute San Mamesen: Vila-real. Castellongo (Espainia) taldea Kopatik kanpo gelditu berri da aste honetan, baina denboraldi bikaina egiten ari da ligan; bosgarren postuan dago, Athleticen atzean, baina Bilboko taldeak baino bi partida gutxiago jokatu ditu. Neurketa garrantzitsua izango da beraz, Ernesto Valverderen taldearentzat, hiru puntuak lortuz gero jauzi handia emango baitute laugarren postu preziatu horretan egonkortzeko. «Sailkapenean elkarren ondoan gauden bi talde gara. Vila-real beti izan da aurkari zuzen bat, azken urteetan helburu berengatik lehiatu baikara», adierazi zuen teknikariak prentsaurrekoan.

Bolada bikainean da Athletic, eta urriaren 6ra egin behar da atzera zuri-gorrien azken porrota ikusteko, Gironaren aurkakoa. Europa Ligan bikain ari dira, eta azken partida irabazita, bigarren postuan dira, lehen eta hirugarren postukoekin berdinduta: hamahiru puntu dituzte denek. Ligan partida zailei aurre egitea ere lortu dute, Realaren eta Real Madrilen aurkakoak, esaterako.

Athleticeko jokalariak Real Madrilen aurkako partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Athleticeko jokalariak Real Madrilen aurkako partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Realaren egoera, berriz, ezberdina da. Leganes izango du parean Madrilen, 15. postuan sailkatuta dagoen taldea. Aurten igo da lehen mailara, eta etxean jokatu dituen zazpi partidetatik hiru irabazi, bat berdindu eta hiru galdu ditu. Reala, berriz, sasoia topatzen ari da berriro, eta kanpoan emaitza onak biltzen ari da. Azken partida, Betisen aurka Anoetan jokatutakoa, 2-0 irabazi zuen; hori bai, aukera gutxi sortzen jarraitzen dute txuri-urdinek, eta atera soilik behin jaurtita irabazi zuten partida hori.

Europa Ligan ere emaitzak hobetzen ari dira donostiarrak, eta azken partida da eredu ona: Ajaxi 2-0 irabaztea lortu zuten. 16. postura igotzea lortu zuen emaitza horrekin, baina hurrengo faserako zuzenean sailkatu nahi badu, falta zaizkion partida denak irabazi beharko ditu. Kopan ere pixkanaka aurrera egiten ari da, baina aurreko partida, Espainiako Federazioaren bigarren mailako Conqueseren aurkakoa, zaildu egin zitzaion, eta luzapenean lortu zuen aurrera egitea. Leganesi irabaziz gero, datorren denboraldian Europan jokatzeko hautagai sendoa dela erakutsiko du. «Bere garaian esan nuen joko polita egiterik ez geneukanean, lehiatzeko eta irabazteko gai izan behar ginela, eta horretan asko hobetu dugu», nabarmendu zuen Imanolek prentsa aretoan. 

Taldeen egoera

Valverdek ia talde osoa du eskura Vila-reali aurre egiteko. Ander Herrera bakarrik dago min hartuta, baina baliteke ohiko hamaikakoko jokalari guztiak hasiera-hasieratik ez aritzea. Partida gogorra izan zuten ostegunean Real Madrilen aurka, eta datorren ostegunean ere beste neurketa garrantzitsu bat jokatuko dute Fenerbacheren aurka.

Alguacilek, berriz, jokalari gehiago ditu sendagelan. Hamari Traorez gain, Aritz Elustondo ere lesionatuta dago orain, baita Orri Oskarsson, Beñat Turrientes eta Arsen Zakharian ere. Realak ere egutegi zaila du, Conqueseren aurka 120 minutuko partida bat jokatu baitzuen ostegunean, eta datorren astean ere Europa Ligako eta Espainiako Ligako partidak jokatu beharko baititu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.