Gaur egingo dute Gonzalezek Asperi jarritako salaketaren epaiketa

Pilotariaren ustez, «legez kanpokoa» da enpresak udan ezarri zion hiru hilabeteko soldata zigorra

Sebastian Gonzalez. RAUL BOGAJO / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Sebastian Gonzalezek Aspe enpresari jarritako salaketa gaur eguerdian epaituko dute Eibarko epaitegian (Gipuzkoa). Aspek hiru hilabetez jokatu eta soldata jaso gabe zigortu zuen joan den ekainean, eta, pilotariaren iritziz, erabaki hori «legez kanpokoa» da. Aspek irailean jaso zuen salaketa eta gaurko epaiketa deialdia. Enpresa eta pilotaria bildu ziren, baina ez zen akordiorik egon, eta auzibideak aurrera jarraitu du. Azken orduko akordiorik ezean, epaileak erabaki beharko du. Kasua mugarria da, ez baita oso ohikoa oraindik jokatzen ari diren kirolariek euren enpresa edo taldeei salaketa jartzea. Gonzalezek 2015era arteko kontratua du, eta hilabete pasa darama jokatu gabe, enpresak dioenez, min hartuta dagoelako.

Gonzalez eta Asperen arteko auzia maiatzean hasi zen. Azkaineko pilotariak Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatu beharreko buruz buruko partidaren astean. Enpresak ezin izan zuen pilotariarekin harremanetan jarri, eta bezperan harekin hitz egitea lortu zuenean «Frantzia erdialdean» zen. Pilotariak ez du halakorik gezurtatu, baina esan du urrun egotearen arrazoia gaixo duen senide bat bisitatzea zela, eta, haren ustez, Iruñera «garaiz eta sasoiko» iristeko moduan zegoen. Partidaren bezperan, baina, Gonzalezek kolpe bat hartu zuen aparkaleku batean, eta bertan behera gelditu behar izan zen partida. Horren ondoren, Aspek hura zigortzea erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.