Felix Espilla. Master Jaiko puntista

«Ez naiz inoiz aspertu zestan; azkar pasatu dira 32 urteak»

Gaur amaituko du Markinan hogeita hamar urteko ibilbide profesional arrakastatsua Berriatuko atzelariak; AEBetan zein Euskal Herrian aritu izan da, eta zesta-puntak historiako ikur bati esango dio agur.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Markina-Xemein
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Goizean goiz jaso du Felix Espillak (Berriatua, Bizkaia, 1962) BERRIA bere bizilekuan, Markina-Xemeinen. Izan ere, profesional mailako azken partida jokatu aurretik hainbat zeregin ditu: kazetarien galderak erantzun, entrenatu, masajea hartu... 32 urte egin ditu goi mailan Espillak, eta gaur izango du azkenekoa, Aimar iloba bikote duela, Lander-Arriolaren kontra, Markinako pilotalekuan. Dudarik gabe, puntista historiko bat agurtuko du gaur zesta-puntak.

Partida asko jokatutakoa zara, baina gaurkoa berezia izango da.

Azkenekoa izanik, oso berezia, bai. Profesionaletako lehenengoa eta azkenekoa berezienak izaten dira. Herrian izango da, gainera, eta jende asko joango da ikustera. Horrek are bereziago egiten du, baina ez nago urduri.

Hala ere, zu ez zara Markinakoa.

Ez, izatez Berriatukoa naiz, baina bizitza osoa hemen egin dut, eta zestan jokatzen ikasi ere bai. Hainbat lagun dauzkat hemen, eurekin harreman estua dut, eta gaur ere nire ondoan izango dira. Herritartuta nago aspalditik.

32 urte profesionaletan. Ez al zara inoiz aspertu?

Baita zera ere. Gauza bat gustura egiten denean, inor ez da aspertzen, eta ni halaxe aritu naiz zesta-puntan. Gainera, izugarri azkar pasatu zait denbora.

Maila bikaineko puntista izan zara, baina ez zinen txikitan hasi, ezta?

Ez, kirolaria beti izan naiz, eta umetan denetik egiten nuen. Gehien bat paletan aritzen nintzen ni baino zaharragoekin, ez nintzen txarra-eta. Egun batean, baina, 14 urte nituela, gizon batek zestan hasi behar nuela esan zion gure aitari, asko joka nezakeela iruditzen baitzitzaion. Hasieran aitak ez zuen nahi, baina azkenean konbentzitu zuten.

Eta zergatik ez zuen nahi aitak?

Bost seme-alaben artean mutil bakarra ni izaki, lanerako behar ninduelako. Kamioiarekin aritzen zen, eta ni ere gidari hasi nintzen 14 urterekin, Ondarroako hiltegira ganadua eramanez. Baina zestarako ere ateratzen nuen tartea, eta aitak onartu zuen.

Hamalau urterekin hasi, eta berehala Estatu Batuetara joan zinen.

Hori da, 1978an, nik 16 urte nituela. Nahiko ongi jokatzen zutenek Ameriketara joateko aukera izaten zuten, eta markinar batek eta biok halaxe egin genuen. Aita langile bat gutxiagorekin geratu zen, baina, tira.

Nola jaso zuten etxekoek albistea?

Oraindik gogoan dut nola izan zen. Bost urterekin istripua izan nuen, errepidea korrika gurutzatzen ari nintzela, auto batek jo eta sudurra hautsi zidan. Hamabi metro arrastan egin nituen; hura eskapada! Gerora arazoak ekarri zizkidan horrek, ezin bainuen ongi arnastu, eta sarri joaten nintzen medikutara amarekin. Bada, behin, medikuarenetik irtetean, entrenatzen gintuenarekin topatu ginen, eta hark karta bat eman zidan eskura. Nik momentuan irakurri nuen.

Eta zer zioen karta hark?

Ba, New Porten pilotaleku bat egiteko asmoa zutela, eta nirekin kontatzen zutela; horretarako bertara joan beharko nuela eta ezer gutxi gehiago. Nire amarentzat, baina, nahikoa. Alboan zegoen banku batean eseri, eta negarrez hasi zen jo eta ke. Ni asko poztu nintzen albistearekin, baina, beste alde batetik, pena ere eman zidan.

Eta Estatu Batuetara iritsitakoan, zer inpresio?

Bufa, bizitza erabat aldatu zitzaigun. Dena zen desberdina: ordutegia, hizkuntza, janaria... Beste mundu bat. Pentsa, 1.000 biztanleko herri batetik New Port bezalako hiri handi baterako saltoa. Hemen igogailua zer zen ere ez genekien, eta han ez zegoen besterik. Autoak, supermerkatuak eta beste hainbat gauzarekin harrituta gelditzen ginen.

Baina moldatuko zineten.

Bai, noski. Lehendik ere euskaldun puntista asko zegoen han, eta asko lagundu ziguten. Horietako bat, Barrutia, ezin hobeto portatu zen gurekin. Bera bizi zen azpiko etxean jarri gintuen bizitzen errentan, eta guretzat anaia moduko bat izan zen. Gainera, oso bizitza arrunta egiten genuen: etxetik pilotalekura, eta pilotalekutik etxera, besterik gabe.

Hasieran bai, baina gero egingo zenituzten zeuenak.

Bai, mila anekdota dauzkat. Sarri arrantzara joaten nintzen lagun batekin. Zazpi metroko txalupa zeukan, eta atuna harrapatzen genuen. Hango ura izugarria da! Baina, behin, arrantzan ari ginela, tiburoi baten hegatsa ikusi genuen gure albotik pasatzen. Uste nuen bertan hilko gintuela, baina ez, joan egin zen.

Zu soldaduskara joan gabe geratu zinen.

Kar, kar. Bai, kostata baina azkenean libratu nintzen. 18 urte betetzean soldaduska egin behar nuela esan zidaten, eta nik ezin sinetsi. Garai horretan Euskal Herrian nengoen, gainera, hango pilotaleku bat erre zelako. Bi urte galtzea suposatzen zuen soldaduskara joateak, eta nik ezin nuen hori egin. Azkenean, mila paper batetik bestera ibili eta gero, libratu nintzen. Hala ere, zortzi urte luzez kontsularengana joan behar izaten genuen Floridan.

Zenbat pilotari zeundeten egoera berean?

Zortzi edo hamar inguru, bai. Denok batera joaten ginen kontsularengana, eta oroitzen dut alkohola lehenengo aldiz bertan probatu nuela nik. Kontsulak Jerez pattar botila bat atera zuen egun batean, eta guri kopa bana eman zigun. Ez zitzaidan gustatu, baina dena edan nuen. Hori bai, berak guk baino kopa handiagoa zuen.

Apurka-apurka ospetsu egiten ere joango zineten bada.

Bai, nahiko ospetsuak ginen. Hala ere, gehiago ezagutzen gintuzten zenbakietatik izenetatik baino. Onenak bakarrik izenez: Bolibarko Txikito, ni eta beste batzuk. Pentsa, 500 lagunek egiten zuten lan pilotaleku batean, eta gu ginen protagonistak. Nahiko ospetsuak ginen, egia esan.

Eta presiorik izaten al zenuten?

Batere ez. Zesta-puntaz idearik ez izan arren, jendea pilotalekura apustuak egitera joaten zen, bakoitzak bere zenbakia hautatzen zuen, eta presionatu baino gehiago animatu egiten gintuzten. Sekulako jendetza biltzen zen, eta guk ere gustuko genituen arratsalde haiek. Jendeak kalean ezagutzen gintuen gero, eta ez ziguten inolako presiorik sartzen.

Beraz, zure kirol ibilbideko bizipen onenak AEBetan bizi izan dituzu.

Bai, sasoirik onena ere orduan nuen, gaztea nintzelako, baina hemen ere jokatu nuen hainbat urtetan. Adibidez, 1991tik 1996ra bitarte hemen egon nintzen, egin genuen grebaren ondorioz. Gero berriz hara joan nintzen, baina ez zen berdina izan, hemen egon nintzenean ez baikenituen han adina partida jokatu. 1999an behin betiko etorri nintzen hona.

Greba, nolatan?

Ba, sindikatu bat sortu nahi genuen han geunden puntista guztiok, gure lan baldintzak hobetzeko. Izan ere, hara joateak askori ez zien ezer bermatzen. Urtebete han egin eta enpresatik botatzeko arriskua zegoen, eta ez zitzaigun iruditzen hori egokia zenik. Baina enpresei ez zitzaien halakorik interesatzen, eta ez zuten onartu eskakizuna. Horregatik, hiru urteko greba egin genuen.

Tituluak, hori bai, ugari irabazi dituzu han eta hemen. Ilusiorik gehien zeintzuk egin dizute?

Ilusio handia guztiek egin didate. Gertatzen dena da beti azkenekoaz oroitzen garela, baina, pentsatzen jarriz gero, denek egin didate sekulako ilusioa. Esaterako, 21 urte nituela Bolibarko Txikitorekin Amerikako torneoa hiru urte jarraian irabazi nuen, eta torneo hori onenek soilik jokatzen zuten. 1991n irabazitako Munduko Txapelketa ere sekulakoa izan zen niretzat. Inork ez zuen uste guk irabaziko genuenik, eta horregatik ilusioa egin zidan.

Dudarik ez da. Asko eman dizu zesta-puntak.

Asko ez, dena. Bizitza guztian zesta-puntari lotuta egon naiz, eta gauza asko irabazi ditut. Eta garrantzitsuena, ez dit ezer kendu, familiak eta lagunek ere asko lagundu baitidate. Hori bai, ezer kendu ez arren, egungo zestaren egoerak pena eman dit. Kalitatea sobera dago, inoizko gehien, baina produktua ez da saltzen, eta pena ematen dit. Hain kirol polita izanda, eta mundu osoan jokatu dena, ez saltzea.

Eta zer etorkizun ikusten diozu?

Zaila da asmatzen. Telebista da punturik garrantzitsuena, eta ia dena eskuak irabazten du. Zestako partidak ematen dituzte, bai, baina inork ikusten ez dituenean. Nik ez dut ulertzen, baina halaxe dago egoera. Hain daude puntista onak egun: Goikoetxea, Lopez, Irastorza, Egiguren, Enbil... gora egin beharko lukeela egoerak, baina, zoritxarrez, ez da horrela.

Hainbat puntista aipatu dituzu. Zu zaharrena izanda, zer moduz tratatu zaituzte aldageletan?

Ederki, ederki. Beti brometan, eta beti lagun artean. Egia da zaharra esaten didatela, baina ni ere ez naiz atzean geratzen. Partida amaitu eta nik irabazten badut, zera esaten diet: «Nola galdu duzue 48 urteko zahar baten kontra! Ez daukazue lotsarik!». Eurek bromak egiten dizkidate, baina nik ere bai. Jarraituko dut partidak ikusten eta pilotalekuetara joaten. Gainera, familiakoak ditut Ibon eta Aimar puntistak.

Pilotalekuetara ikustera bakarrik, edo jokatzera ere joango zara?

Biak, biak. Nire asmoa ez da erabat uztea. Profesionaletako garaia amaitu da, unerik egokiena hauxe dela uste dudalako, baina entrenatzen jarraituko dut Markinako pilotalekuan. Eta, beharbada, afizionatu mailan ere jokatuko ditut partida bat baino gehiago. Nik zesta asko maite dut, eta ezin naiz egon jokatu gabe. Gorputzak eskatu egingo dit.

Azkenik, Felix, nortaz oroitzen zara 32 urte hauek gogora ekarrita.

Lehenik eta behin, zale guztiak eskertu nahiko nituzke, eurak gabe ez legokeelako zesta-puntarik. Familia ere, noski, gogoanhartu nahi dut, izan duten pazientziarengatik: nire hiru alabak, emaztea, aita... Baita lagundu didaten guztiak ere: entrenatzaileak, lagunak... Eurek badakite dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.