Lau t'erdiko txapelketako finala. Asier Gartzia. Bengoetxearen botileroa

«Ez dut uste finalean pazientziaz jokatu behar dugunik»

ANDONI CANELLADA / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Gasteiz
2016ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Igandekoa hirugarren finala du lehengusuaren alboan. 2008an buruz burukoa irabazi zuten, eta 2012an, lau t'erdikoa galdu. Asier Gartziak (Leitza, Nafarroa, 1980) Bengoetxearen azken entrenamenduak ikusi ditu, eta, onak izan ez direla esan arren, botileroa lasai dago. Besteak beste, Bengoetxearen sasoia goratu du, eta nola jokatu behar duten argi dutela azaldu.

Partida bizia espero duela esan du Bengoetxeak. Hori al da estrategia?

Nik ere erritmo oso bizia espero dut. Tankera horretako jokoan ez dago pentsatzeko astirik, zaila da erabakiak hartzea, instintuz jokatzen da, entrenamenduetan barneratu ahal izan duzunaren arabera. Gero, jokaldiak modu naturalean irten daitezela da kontua. Hain piloteo biziarekin zaila da joko landua egitea.

Piloteoa mantsotzea, beraz, baztertuta?

Orain arte Oinatz izan da beti jokoa dinamitatu duena. Nik ez dut uste pazientziaz jokatu behar dugunik. Guk azken urteetan bezala jokatu behar dugu.

Bengoetxeak itxura oso ona eman du txapelketa guztian.

Txapelketa oso ona izaten ari da. Banakako txapelketak beti ondo prestatzen ditu Oinatzek, lanak emateko asmoz. Aurtengo lau t'erdiko hau ez da ezberdina; prestaketa berdina izan da. Agian, joko gehiagorekin dago, sasoi pixka bat hobean... Horrek guztiak lagundu egiten du, eta partidetan kuraia handiagoa erakutsi du.

Sasoia da alderik handiena?

Ez dut uste; egia da hobeto dagoela, baina beti prestatu du ondo bere burua. Puntu on horrekin agian hobeto egin ahal izango du bere jokoa, eta horregatik dirudi indartsuago dagoela. Dena den, urteak dira oso mentalizatuta dagoela prestaketaren garrantziarekin. Egun, pilotaren langa oso goian dago, eta gauzak ondo egin behar ditu hor lehiatzeko.

Zer iruditu zaizu Altuna?

Altuna fenomeno bat da; zaleok pila bat gozatuko dugu harekin. Intuizioa dauka, artista bat da. Horrelako pilotarien aurka oso garrantzitsua da haiek zer-nolako eguna duten. Inspiratua badago eta asmatzen hasten bada, zaila da aurre egitea.

Bengoetxeak azken urteetan bilakaera izan du lau t'erdiko jokoan. Nahita egin duzue?

Jokoa aldatu egin da. Eta guk oreka aurkitu behar izan dugu gure izaerarekin. Hasieran ez genuen gure jokatzeko modua aurkitu, ez geunden batere eroso. Emaitzak ez ziren esperotakoak, eta asko sufritzen genuen lau t'erdian. Gero aurkitu dugu, eta, bai, orain Oinatz pilotari ezberdina da duela 5-6 urtekoarekin alderatuta. Pozik gaude gure jokoarekin, eta uste dut bere mailak oraindik ere beste koska bat egin dezakeela gora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.