Bere erara, baina Carlos Velak atzo eman zuen aurpegia jendaurrean, Zubietako prentsa aretoan. Orain bi aste sua piztu eta apur bat itzalitakoan, alegia. «Denok egiten ditugu hutsak, eta onartzen dut, gaizki jokatu nuen. Damututa nago, eta barkamena eskatzen dut», esan zuen Realeko aurrelari mexikarrak.
Talde txuri-urdinak etxean Levanteren aurka jokatu ondotik, Madrilen ibili zen kontzertu batean ordu txikitan, eta hurrengo eguneko lan saioan kale egin zuen, ondoezik zegoela argudiatuta. Sare sozialetako argazkiek erakutsi zuten zein zen egia. «Edozein pertsonak egin dezake kale bere lanpostuan egunen batean. Ez dut inor hil. Oker jokatu nuen, baina ondorioak onartu ditut. Lehena naiz esaten merezi nuela zigorra».
Ordea, zergatik bi astez itxaron azalpenak jendaurrean emateko? «Ezagutzen nauzue nolakoa naizen. Onean zein txarrean, beti ematen dut aurpegia, zintzotasunez, baina ez zait gustatzen niri buruz prentsan albisteak publikatzea. Hitz egin beharrekoa hitz egin nuen taldekide eta klubarekin, eta kito. Nire bizitza pribatua ahalik eta ezkutuen eramaten saiatzen naiz. Familiagatik, batez ere. Pertsona normal bat bezala bizitzen saiatzen naiz». Hori bai, mexikarraren aferaren harira gauza asko esan da azkenaldian, baina jokalaria ez da minduta sentitu. «Esperientzia daukat jada, eta argitaratu den guztiari ez diot kasurik egin. Bost urte daramatzat Realean, eta ez naiz aldatuko».
Ez da aldatuko, akaso, baina zenbakiek aldaketa nabarmena azaltzen dute. Bai, behintzat, jokalariaren jardunean. Aurreko sasoietako zenbakietatik urrun, eskas ari da mexikarra. Soilik lau gol sartu ditu aurtengo denboraldian. Zein den arrazoia? «Konpromiso falta ez, behintzat.Nik beti ematen dut dena Realagatik. Zelaian hustu egiten naiz, eta hala jarraituko dut. Espero baino denboraldi txarragoa egiten ari gara, eta halakoetan errazagoa da jokalarion profesionaltasuna ezbaian jartzea. Baina zin dagit daukadan dena ematen ari naizela». Are gehiago, taldeko profesionalenetakotzat hartzen du bere burua Velak. «Azken urteotan neroni izan naiz lan saioetan gutxien huts egin duen jokalarietako bat. Horrekin dena esanda dago».
Hori bai, jakin badaki ohiko mailatik urrun jokatzen ari dela. «Badakit ez garela ongi ari, eta autokritika egiten dut. Nik funtzionatzen badut, ingurukoak ere kutsatu egiten dira. Horregatik, denon artean saiatu behar dugu lanak ondo amaitzen». Haren arabera, jada ezinezko dute denboraldi hasierako aurreikuspenak betetzea. «Nik ez nuen esan Europarako sailkatuko ginenik, baina egia da dugun taldearekin gorago egon behar genukeela». Horregatik, sasoia amaitu bitarte geratzen diren zortzi partidetan onena ematea dute erremediorik onena. «Gure buruari eskatu behar diogu hobetzeko. Ilusioz ari naiz lanean betiko Vela itzul dadin».
Ordea, lehengo Velak Anoetan txistuak entzutea ezinezko zen ia, eta joan den larunbatean horixe bera gertatu zen. Zaleek txistuka agurtu zuten mexikarra. «Ez dut profesional jokatu, eta onartzen ditut txistuak zein kritikak. Baina lanean jarraitu eta aurrera begiratu beharra dago». Besteak beste, mailari eusteko xedea oraindik ere bete gabe dutelako txuri-urdinek. «Arriskua hor dago. Dinamika txarrean ari gara. Baina ez zaigu burutik pasatu ere egiten maila galtzea».
Etorkizuna, airean
Beraz, epe motzeko etorkizuna nahiko garbi ikusten du. Ez, ordea, udatik aurrerakoa. «Egunerokoa bizitzen duen pertsona naiz eta, momentuz, pozik nago Realean. Gozatzea eta gozaraztea dut helburu». Gero zer gertatuko ote den? «Hori inork ez daki. Realetik joateko arriskua zegoela pasa den udako merkatuan aipatu zen. Jokin Aperribai presidentearekin ere hitz egin nuen, baina Donostian geratu nintzen». Neguko merkatuan ez zen aparteko mugimendurik egon. «Beti gerta daiteke zerbait; baina Realean jarraitzen badut, zerbaitegatik da. Aurrerantzean etorriko dena aztertu egin beharko dut. Baliteke deus ez gertatzea edota beste talde batek fitxatzea. Ikusiko dugu garaia iristean».
Oraingoz, Donostiako klubean zentratuta egon nahi du. «Etxean bezala sentitzen naiz. Guztien maitasuna jasotzen dut». Mexikoko selekzioarekin ere ez da joan Aste Santuan. «Realeko zuzendaritzak esan zidan ea zer iruditzen zitzaidan Donostian lanean geratzen banintzen. Esan nien Mexikoko futbol federazioarekin akordio batera iristen baziren, ez zegoela arazorik nire aldetik. Eta halaxe izan da». Baina ez da zigorra izan. «Izan ere, guztia gertatu baino lehenago hartu genuen erabaki hori».
Gauzak hala, Velarik onena itzul dadin izango du helburu orain jokalariak sasoia amaitu bitartean, eta gero gerokoak. «Akaso Realean segiko dut denboraldia amaitutakoan, akaso beste futbol talde batean, eta, akaso,erretiratu egingo naiz». Denborak esango du.
«Ez dut inor hil»
Lan saio batera agertu ez zela eta, oker jokatu izana onartu du Carlos Velak, eta barkamena eskatu.Taldearen jardun txarragatik autokritika egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu