50 urte hauetan lortutako garaikurrez betea du etxea Andres Vilariño auto gidari ohiak (Donostia, 1951). Lau aldiz izan da Mendiko Lasterketako Europako txapeldun, eta makina bat proba irabazi du: «Asko oparitu egin izan ditut. Dena den, garaikurrik estimatuenak zaleek emandakoak dira, eta batez ere haien babesa. Oso maitatua sentitu naiz», esan du, pozik eta eskertuta. «Haiengatik, familiarengatik, erakundeengatik eta hedabideengatik izan ez balitz, nire kirol ibilbidea ez zen izango izan den bezalakoa».
Zergatik erabaki duzu uztea?
Adinean aurrera joan arren,oraindik indarrez eta gogotsu ikusten dut neure burua. Bosgarren amaitu dut Europako Txapelketan, eta azken bi lasterketak irabazi egin nituen, Mallorcan eta Eivissan [Herrialde Katalanak]; marka ezarrita, gainera. Abuztuan, bestalde, orduko 270 kilometroko abiadura hartu nuen Kantabrian jokatutako igoera batean. Horretarako, beharrezkoa da sasoiko egotea. Baina seme-alabengatik hartu dut erabakia; uste dut nire laguntza eta babesa behar dutela: morala, logistikoa, babesleak lortzeko... Izan ere, Vilariño Motorsport klub bat da, baina gu familia bat gara, etahaiei laguntzeko garaia da. Uste dut zor diedala, eta dena emango dut lan horretan.
Zaila izan da erabakia hartzea?
Oso zaila eta gogorra. Nik kirol asko egiten dut egunero: bizikletan ibili, arrauna, gimnasioko ariketak...Orain arte hori egiteko motibazioa zen lehiatzeko sasoian egotea. Dagoeneko ez dut motibazio hori. Kirola egiten dut sasoiko egoteko. Ez da gutxi, baina hutsune handia nabari dut: abiadurarena, lehiarena, lasterketak korritzen nituen parajeez disfrutatzekoa, garaipen bat lortzeko ilusioarena...
Etxekoek askotan eskatu dizute uzteko?
Azkenaldian Anderrek [Vilariño semea] esaten zidan behin edo behin beldurra eman izan ziola nik lehiatzen segitzea. Baina, bestela, ez. Izan ere, bazekiten automobilismoa nire bizitza zela. Dena den, pozik daude. Behar zuten nik uztea. Oraindik, dena den, ez dute erabat sinesten behin betiko utzi dudanik. Haiengatik izan ez balitz, nire kirol ibilbidea ez zen izango izan den bezalakoa. Dena zor diet, batez ere emazteari. Familiaren zama hark eraman du, nik egun asko pasatzen nituelako etxetik urrun lehiatzen.
Senideek beldurra pasatu dute zu lehiatzen ikustean. Eta zuk?
Bai, beldurra eta kezka. Beldur handiena pasatu nuen aldia Le Manseko 24 orduak estreinakoz korritu nituenean izan zen. Orain, zirkuituko zuzengunean bi chicane daude; lehen, berriz, ez. Horrenbestez, autoek abiadura handia hartzen zuten. Pentsa, urte hartan Peugeot batek lortu zuen marka, eta zuzengunean orduko 407 kilometroko abiadura hartu zuen. Gu orduko 360 kilometro inguruan ibili ginen. Hori asko zen, eta ni ez nengoen ohituta zirkuituetan korritzera. Autoa, gainera, ez nuen ezagutzen.
Ostatu hartuta zeuden hoteleko nagusiak ez zizun askorik lagundu lasaitzen, ezta?
Hala da. Emaztearekin joan nintzen. Zirkuitu ondoko hotelean ez zegoen lekurik, eta zertxobait urrutiago zegoen batera joan ginen. Jabea espainiarra zen, eta, Le Manseko proba korritzera etorri nintzela kontu nionean, esan zidan denbora gutxian zuzengune hartan bi gidari hil zirela. Ni are gehiago beldurtu nintzen. Ohera sartu, emazteari estu heldu, eta dezente kostatu zitzaidan lokartzea. Izerdi ederrak bota nituen. Zorionez, dena ondo joan zen.
Bada irabazi ez duzun lasterketarik? Arantzarik geratu zaizu horregatik?
Bai. Le Mont-Doreko igoera, Frantzian. Ospe handia zuen. Europako Txapelketako azken-aurreko proba izaten zen, eta, ordurako irabazia izaten nuenez txapelketa, nahikoa izaten nuen amaitzea. Beraz, oharkabean, ohi baino mantsoago joaten nintzen. Gainera, ibilbidea ez zen niretzat egokia. Emaitzarik onena han korritu nuen lehen urtean lortu nuen. Podiumera igo nintzen. Baina, hortik aurrera, ezer ez. Istripu handi xamar bat ere izan nuen. Baina arantzarik ez dut, ondoren Anderrek irabazi baitzuen.
Aitor Zabaleta eta Pantxo Egozkue ziren zure aurkari nagusiak. Zer duzu gogoan haiekin zenituen lehiez? Baduzu harremanik haiekin?
Harreman oso handia izan genuen bere garaian, eta, halakoetan gertatzen den bezala, bolada onak eta txarrak izan genituen. Ni beti ahalegindu nintzen haiei laguntzen, babesleak izan zitzaten. Haiei mesede egiteagatik, mendiko lasterketengatik eta neri ere ondo zetorkidalako. Bi gidari oso handi izan dira. Harremana badut oraindik ere, nahiz eta bakoitzak bere zaleak dituen.
50 urte hauetan zertan aldatu da zure gidatzeko modua?
Gauza askotan. Egungo autoek ez dute zerikusirik garai batekoekin. Lehengoek ibilbide luzeko suspentsioak izaten zituzten. Mekanikariek autoa prestatzen zizuten, eta zu egokitu egiten zinen. Oraingo autoak sofistikatuagoak dira, eta alderantziz geratzen da. Autoa moldatzen duzu zure gidatzeko modura. Horretara ohitzen asko lagundu zidan semeak. Anderrek nirekin asko ikasi duela esaten du jendeak, baina nik ere bai harengandik. Asko zor diot.
Gidatzeko zer nahiago dituzu, lehengo autoak edo oraingoak?
Oraingoak, noski. Askoz gehiago disfrutatzen duzu gidatzen, eta autoak ziurragoak dira. Horregatik hartzen dira gaur egun arrisku handiagoak. Ez du zerikusirik.Dena den, onartu behar dut klasikoetatik berrietara pasatu ginenean oso gaizki pasatu nuela. Ez nekien autoak nola prest jarri. Aldaketa horretan Europako Txapelketa bat ere galdu nuen. Kolpea izan zen. Zorionez, egoera iraultzea lortu nuen.
Bitxikeriarik pasatu zitzaizun urte hauetan?
Bai, noski. Korritu nuen Europako Txapelketako lehen probaAustrian izan zen, 1986an. Antxon Muñoz izeneko mekanikari batekin joan nintzen. Irakasle zen Don Boscon. Hotz handia egiten zuen. Orduan ez zeuden gurpilak bero mantentzeko berogailuak. Tela batzuk eramaten genituen, egun kamioiek dituztenen atzekoak. Baina oso gutxi berotzen zuten. Beraz, Antxonek zera egin zuen: bateriak kargatzeko genuen argindar sorgailutik ateratzen zen berotasuna eta kea baliatu zuen gurpilak berotzeko. Ateratzean, gurpilak ia irakiten zeuden. Horri esker irabazi nuen. Halako beste asko ditut.
Zer behar da hainbeste urte goi mailan egoteko?
Zalantzarik gabe, lan egiteko grina izatea, zeure burua zaintzea eta zorte apur bat izatea.
Eta dirua?
Noski, funtsezkoa da. Besteak beste, nik horregatik aukeratu nituen mendiko lasterketak. Genituen baliabideak kontuan hartuta, ondoen moldatu gintezkeena automobilismo modalitatea zen. Zentzukoena zen, eta horretan ere pilotu batek zuhur jokatu behar du. Zalantzarik gabe, prestakuntza eta lasterketak baino nekagarriagoa izan da babesleak eta baliabide ekonomikoak lortzeko lana. Gogoan dut urte batean sasoia nahiko estu amaitu genuela. Ni kezkatuta nengoen, eta emazteari esan niongenuen BMW autoa saldu egingo genuela eta Renault Twingo bat erosiko. Denbora luze batean Twingoarekin ibili ginen, oso pozik. Etxekoek ondo dakizkigu egindako ahaleginak.
Semeari horregatik aholkatu zenion 1 Formulan ez sartzea?
Bai. Bederatzi milioi euro eskatzen zizkiguten. Ezinezkoa eta bideraezina zen, guk ez genuelako halako dirutza bat emango zigun babeslerik. 1 Formulan oso pilotu onak daude, baina beste batzuk dirua zutelako iritsi dira.
Seme-alabei laguntzeko hartu duzu erretiroa. Nola sentitzen zara haiek lehiatzen ikustean?
Nik lehiatzen nuenean baino urduriagoa. Aitortu behar dut, dena den, Anderrekin gehiago sufritzen dudala Angela alabarekin baino. Pentsa, sekula ez naiz joan haren lasterketa bat ikustera. Beti ama joan izan da; Angelarekin, berriz, disfrutatu egiten dut.
Zergatik?
Ez dakit zergatik eta nola azaldu hori. Angelak kolpe asko jaso ditu nire alaba izateagatik, eta babes falta handiagoa izan du ekonomikoki, zailagoa izan baita babesleak lortzea. Meritu ikaragarria du, eta izugarria da gidatzeko duen gaitasuna. Gauzak oso erraz egiten ditu. Baina Ander behartuago ikusi izan dut irabaztera, eta gehiago jasan du Vilariño abizena izatearen zama.
Berdin garatu dute zaletasuna?
Ez. Anderri kartean ibiltzen erakutsi genion oso txikia zela; Angelak, berriz, berak eskatu zigun, 9 urterekin. Beste garai batzuk ziren.
Oso desberdinak dira izaeraz?
Bai, oso. Ander eramangarriagoa da, nahiz eta izaera izan. Angelak gauzak oso argi ditu, eta bizitzako esparru guztietan erakusten du. Oso harro nago biez.
Zein amets duzu haiekin?
Orain arte bezala segitzeko, eta osasuna izateko. Hala eginez gero, edozer gauza lortzeko gai izango dira. Pertsona eredugarriak dira. Ederra da ikustea nolako ahalegina egiten duten eta nola ari diren hezten beraien seme-alabak. Beti daude gainean, eta denborarik txikiena ere aprobetxatzen dute haiekin egoteko, eskolara haien bila joateko... Haien bikotekideak ere funtsezkoak dira beraiek egiten duten guztia egiteko.
Haiek zugandik jaso zuten zaletasuna? Eta zuk?
Aitarengandik jaso nuen zaletasuna. Familiak biltegi bat zuen Debako industrialde batean, eta beste bat Lasarte-Oriakoan, eta aitak han erakutsi zidan gidatzen. 8 urte inguru izango nituen lehen aldiz auto bat gidatu nuenean. Ume bat nintzen. Beti nahi izaten nuen aitarekin biltegira joan gidatzeko. Gogoan dut autoaren matrikula: NA-0989.
Baina korritu zenuen lehen lasterketara joateko gezurra esan omen zenion.
Bai, hala da. Laguntzaile moduan joan nintzen, Juan Carlos Etxeberria gidariarekin. 17 urte nituen.Lasterketa batera nindoala esan izan banien, agian ez zidaten utziko. Gainera, ez nuen kezkatzerik nahi. Beraz, esan nien eskolako hockey taldekoekin partida bat jokatzera nindoala. Baina, berez, Vasco-Navarro rallya korritzera joan nintzen. Oso proba gogorra zen, eta, Mandubia igotzen ari ginela, bihurgune batean istripua izan genuen. Baina amaitzea lortu genuen. Ni gidari moduan aritu nintzen lehen lasterketan ere, Zollako igoeran, istripua izan nuen. Autoa txikituta geratu zen, eta, kostata izan bazen ere, konpondu egin genuen.
Auto asko apurtu dituzu urte hauetan?
Egia esan, ez. Bost bat istripu larri izango nituen. Larriena Arrateko igoeran izan nuen bat izan zen. Alboko barreretako bat lepoan iltzatuta geratu zitzaidan. Italian ere ezbehar handi bat izan nuen. Autotik airean atera, eta zuhaitz batzuetatik irauli nintzen. Hainbesteko beldurra pasatu nuen, zorabiatu egin nintzen. Tibia eta maleoloa apurtu nituen. Baina, hamabost egun geroago, lehiatu egin nintzen, Espainiako Txapelketa nuelako jokoan. Behin hori irabazita egin zidaten ebakuntza.
Zer sentitzen duzu auto arrunt bat gidatzean?
Mantso noala. Bidaia luzeak egiten ditudanean, abiadura mugatzeko gailua jartzen dut martxan, eta horrela ez dut behar baino azkarrago joateko arriskurik eta tentaziorik. Hala, ziurtatzen dut abiaduragatik ez dizkidatela puntuak kenduko.
Askotan jarri al dizkizute isunak?
Ez, behin bakarrik, Andoaingo bihurguneetan [Gipuzkoa]. Orduko 80 kilometrokoa da gehienezko abiadura, eta orduko 120 kilometrora pasatu nintzen. Emaztearekin nindoan hizketan, eta ez nintzen ohartu. Sei puntu kendu zizkidaten, eta disgustu handia hartu nuen.
Zer moduzko martxa darama Olaberriako zirkuituak?
Oso ona. Harro gaude, inolako diru laguntza publikorik gabe halako proiektu bat martxan jartzea lortu dugulako. Bazkide bat dugu, eta gure asmoa orain arteko lanarekin segitzea da.
Andres Vilariño. Auto gidari ohia
«Etxekoek ez dute sinesten behin betiko utzi dudanik»
Aste gutxi pasatu dira erretiroa hartu duenetik, baina Andres Vilariñok onartu du dagoeneko «hutsune handia» nabaritzen duela. Orain, buru-belarri aritu nahi du seme-alabei beren kirol ibilbidean laguntzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu