Aspek eta Sebastian Gonzalezek «akordiorako oinarri» bat egin zuten atzo, eta, hala, ez da iritsiko auzibidera pilotariak enpresari «bidegabeko zigorragatik» jarritako salaketa. Epaiketen aurretik egin ohi den adiskidetze bileran, bi aldeek jarrerak elkartu zituzten, eta hurrengo egunetan lotuko dituzte «hari solteak». Akordioan hainbat aukera daude, eta horietako bat kontratua adostuta etetea da. Etetearen aukera mahai gainean egotea eta horrek aldeen artean liskarra ez sortzea adierazgarria da. Bi aldeek «aurki emango» dute konponbidearen berri, ez baitute uste azken xehetasunen inguruko eztabaida asko luzatuko denik.
Ez Sebastian Gonzalezek ez Fernando Bidarte Aspeko buruak ez zuten adierazpenik egin. Biek eta euren abokatuek ia ordubeteko bilera egin zuten Eibarko lan arloko epaitegiko bulego batean. Bi aldeetako abokatuak izan ziren bileraren ondoren «adierazpen bateratua» egin zutenak; Jose Vicente Perosanzek Asperen izenean, eta Federico Martinez Etxebestek eta Jose Ramon Alberdik Gonzalezen izenean. «Bi aldeek zerbaiti uko egin behar izan diote ados jartzeko», laburbildu zuten akordioa, xehetasun gehiago eman gabe. Deigarria da salaketaren berri irailean izan ondoren azken ordura arte ados jarri ez izana. «Aurretik hitz egin izan dugu, baina gaur arte jarrerak nahiko urrun zeuden», azaldu zuten.
Abokatuen ustez, akordioa aurki egin eta berriz ere epaitegira gerturatzea saihestuko dute. «Bakea sinatu dela esan daiteke, baina, tira, ez zegoen gerrarik, bat ez gentozen gai jakin bat baizik. Garrantzitsuena hurbiltze bat egon dela da». Nola? Aurki jakinaraziko dute. Galdera zuzena zen, enpresak errespetatuko al du Gonzalezek 2015eko martxora arte duen kontratua? Eteteko aukera hor al da? Erantzun kriptikoa: «Negoziatzen ari gara, eta akordioaren bukaera izan beharrekoa izango da. Ez dakigu zein izango den, baina jakingo duzue. Mota askotako aukerak daude, etetearena aztertzen ari gara, baina beste batzuekin batera».
Abokatuek baieztatu egin zuten Gonzalezen salaketa maiatzean jasotako bi hilabeteko soldata zigorrarengatik zela bakarrik. «Alde bati ez zitzaion ondo iruditzen zigorrak zioena, eta besteari, bai». Gonzalezek buruz buruko txapelketa partida jokatzea eragotzi zioten gertaerengatik jaso zuen zigorra, eta ekainean jarri zuen salaketa. Bere jarrera defendatzeko, Gonzalezek eta bere abokatuek Aspeko egiturako hiru kide lekuko gisa deitzeko asmoa zuten: Justo Lillo prestatzaile fisikoa, Martin Alustiza intendentea eta Jokin Etxaniz kirol zuzendaria. Aspek, berriz, Iñaxio Errandonea logistika zuzendaria eta Txema Urrutia medikua ere joanarazi zituen auzitegira. Denak alferrik joan ziren, eta ez zuten inongo adierazpenik egin nahi izan.
Epaiketa saihestu nahi izan dute
Sebastian Gonzalezek eta Aspek «akordiorako oinarri» bat egin dute; ez dute baztertu kontratua adostuta etetea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu