Elkarren ispilu

2005. urtean 17 urtez azpikoen Munduko Kopa irabaziz geroztik, ibili zail samarra izan dute Carlos Vela eta Giovani dos Santos mexikarrek. Orain, egonkorturik daude Realean eta Vila-realen.

jon eskudero
Donostia
2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Ezagun zaharrak ez ezik, lagun zaharrak ere badira Carlos Vela eta Giovani dos Santos. Biek antzeko ibilia izan dute futbol munduan, eta, dezente kosta ondoren, Espainiako Ligan aurkitu dute egonkortasuna. Txapelketa berean nabarmendu ziren: 2005eko 17 urtez azpikoen Munduko Kopan, Perun. Titulua irabazi zuten Mexikorekin, eta begirada guztiak bereganatu zituzten. 16na urte besterik ez, eta talde handietako jokalari bihurtu ziren. Giovani, Bartzelonako harrobiko jokalari zen artean, eta Vela Arsenalek fitxatu zuen. Ordea, ez zuten zorterik izan ez batak ez besteak, eta hara-hona ibili behar izan dute urteetan, egonkortasun bila. Orain, bide onean dira: Vela, Realean, eta Giovani, Vila-realen. Bada, gaur hasita, hiru aldiz ikusiko dute elkar astebetean.

2005eko 17 urtez azpikoen Munduko Kopa hura nekez ahaztuko dute Velak zein Giovanik. Talde hark egindako futbolak maitemindurik utzi zuen bat baino gehiago, eta Giovani zein Vela izan ziren jokalaririk distiratsuenak. Realeko jokalariari urrezko bota eman zioten —bost gol sartu zituen—, eta zilarrezko baloia Vila-realekoari. Elkarren osagarri izan ziren, eta finalean ere erakutsi zuten hori. Mexiko 3-0 nagusitu zitzaion Brasili, eta lehen gola Velak sartu zuen, Giovaniren pase bat ezin hobeto baliatuta.

Txapelketa hura erakusleiho aparta izan zen bi jokalarientzat. Biek ala biek erakutsi zuten teknika handiko ezker oina eta abiadura bizia zituztela. Hori horrela, Arsenalek berehala fitxatu zuen Vela. Giovaniri, berriz, lehenago bota zion begia Bartzelonak, 12 urte besterik ez zuela eramana baitzuen Mexikotik Kataluniara. Jokalaria Bartzelonaren harrobiko taldeetan hazia da, eta Lehen Mailan aritzeko aukera ere izan zuen. 2006. urtean lehen taldearekin jokatu zuen, eta datorren urtean izendatu zuten lehen taldeko jokalari. Egiari zor, Giovanirengan itxaropen handia zuten Bartzelona aldean.

Ordea, usteak erdia ustel. Zelai erdiko jokalaria izaki, lehiakortasun handia zuen, eta entrenatzaileek konfiantza handiagoa zuten Iniesta, Xavi eta enparauengan. Ondorioz, beste ate batzuk jotzen hasi behar izan zuen mexikarrak. 2008ko udan, hala, Tottenhamera heldu zen. Han ere ez zuen zorterik izan. Horregatik, utzita aritu zen Ipswich Town, Galatasaray eta Santanderko Racing taldeetan. Azken bi talde horietan ondo aritu zen, eta, 2012ko udan, Mallorcak fitxatu zuen. Denboraldi aparta osatu zuen bertan. Ez zen nahikoa izan, baina, taldeak maila galdu baitzuen. Dena den, egindako lanaren fruitua jaso zuen Giovanik, Vila-realek datozen lau denboraldietarako fitxatu baitzuen iazko udan. Orain, zaleek oso maitea dute. Sei gol daramatza ligan.

Selekzioan, ezin elkar ikusi

Giovanik baino bi gol gehiago sartu ditu orain arte Velak ligan: zortzi. Iragan sasoiko distirarik gabe, baina bikain ari da mexikarra Realean denboraldi honetan. Antoine Griezmannekin batera, hura da taldeko izarra, eta ezinbesteko pieza bilakatu da taldean. Hirugarren sasoia du Donostian, eta erabat egonkorturik dago. Hala ere, ez zitzaion batere erraza izan egonkortasun hori topatzea. Velak, Giovaniren antzera, ibilbide zail samarra izan du futbol munduan.

16 urte zituela egin zen Arsenaleko jokalari. Uste baino lehen, ordea, beste elastiko batzuk janztea egokitu zitzaion. Besteak beste, utzita aritu zen Salamancan eta Osasunan. Gero, Arsenalera itzuli zen berriz ere, baina ez zuen zorterik izan. West Bromwich Albion taldera bidali zuten utzita. Azkenean, Donostiarako bidea hartu zuen 2011n. Utzita egin zuen lehen denboraldia, eta Realak fitxatzea erabaki zuen. Zuzendaritzak ez du fitxaketa horren damurik izango, Velak elastiko txuri-urdinarekin eman baitu mailarik onena. 2016ra arteko lan hitzarmena du Realarekin.

Bistan denez, elkarren ispilu dira Giovani eta Vela. 2005eko Munduko Kopa arrakastatsu hartatik oztopo ugari aurkitu dituzte bidean, baina egun egonkorturik daude euren taldeetan. Lore artean arantzarik ere izan dezakete, baina. Ika-mikak tarteko, Velak ez baitu Mexikoko selekzioarekin jokatzeko deirik, eta Giovanik kontrakoa hainbatetan aldarrikatu badu ere, egoerak bere horretan jarraitzen du. Mexiko aurtengo Brasilgo Munduko Kopan izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.