Antonio Alonso. Gipuzkoa Basketeko idazkari teknikoa

«Eginiko taldearekin oso pozik nago, nahiz eta 0-4 hasi garen»

Entrenatzailea eta zazpi jokalari aldatu dituzte inoizko aurrekonturik txikienarekin; hala ere, ez da izan haren udarik okerrena. Liga hasiera ez da ona izan, baina uste du egoera lehen itzulian zuzenduko dutela.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2014ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Illunbe hutsik ikustea harrigarria da. Argazkiak kaperan egitea eskaini eta ezetz esan du umoreko Antonio Alonsok (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 36 urte). «Txikia da, hobe pistan». Eta ebakuntza gelan? Ezta ere. Grazia egin dio eskaerak. Aldarte oneko dago, eta lasai, udan eginiko lanak fruitua emango duela sinetsita baitago. Elkarrizketaren ondoren korrika egitera joatekoa da; Behobia-Donostian izena emana du.

Zer moduz ari zara lo egiten?

Ondo. Gauzak ondo egin ditugula uste dudalako. Eskarmentuak erakusten dizu bide onetik zoazen edo ez. Gero helmugara irits zaitezke, edo ez, baina bide ona aukeratu dugula uste dut.

Urduritasun pixka bat nabaritzen da zaleengan. Zuk?

Ez dakit, nik etxe barruan ez dut ezkortasunik nabaritzen. Errealitatea sumatzen dut: 0-4 goaz, ados, baina egutegia eta jokatu ditugun partidak ikusita, ulertzen dugu errealitate hori. Ondorio batzuk atera ditut: kostako zaigu, baina denbora pasatu ahala taldea sendoagoa da, eta bi partida onenak etxean jokatu ditugu.

Igandean Malagara, jokalari asko falta direla...GBCren benetako liga 6. jardunaldian hasiko al da?

Ez. Liga 1. jardunaldian hasi zen, eta galdutako partidak ezin ditugu berreskuratu. Ezin dira partida batzuk galdutzat eman, aurkaria gogorra izanda ere. Zuk zure zilborrari begiratzen diozu, baina ez dakizu aurkariaren zailtasunak zeintzuk diren.Partida guztiak irabaztera joan behar duzu, eta sasoi honetan ezustekoak emateko moduko taldea dugu.

Nolakoa izan da uda hau? Gogorrena? Zazpi jokalari eta entrenatzailea aldatu dituzue.

Gogorra izan da, baina egon dira okerragoak. Genituen baldintzekin talde ona osatu dugu. Gure tankerako taldeentzat, zailena gola lortzea da, eta puntuak sartzeko ahalmena duten jokalariak aurkitu ditugu. Dena den, zailtasunik handiena entrenatzailearena da.

Erabakirik garrantzitsuena da?

Zalantzarik gabe, zure patroia da. Giltza da. Eta gero haren estiloko lanabesak eman behar dizkiozu. Harekin adostu gabe harturiko erabaki bakarra Will Hanleyren kontratu berritzea da.

Nolako harremana duzue?

Profesionala, errespetukoa eta ona. Maila pertsonalean, pertsona oso atsegina da. Erraza da harekin lan egitea.

Zergatik Jaume Ponsarnau?

Beharko genukeen entrenatzailearen argazki bat egin genuen. Urte batzuk egingo zituen norbait nahi genuen, orain gauden egoeretan eskarmentua izango zuena: bolada txarrak... 0-5 zoazenean aldagela kudeatzen asmatuko zuena, eta ACB ligan eskarmenturik gabeko jokalariak egokitzen jakingo zuena. Aldagaien arabera zerrenda bat egin, eta guk behar genuen horretatik gehien gerturatzen zena zen. Gero, taldearen errealitatea azaldu genion, eta akordio bat egin genuen.

Manresan antzera zebilen.

Tira, Manresak jada bi fitxaketa egin ditu. Ponsarnauk, esaterako, Manresan inoiz ez zuen esan: «jokalari honek ez dit balio». Guk hori bagenekien.

Sito Alonso mantentzen saiatu zineten.

Bai, eskaintza egin genion, baina zikloa bukatua zuela uste zuen. Eta Bilbon bukatu zuen.

Bilbo Basketek duen zorrarekin, ez al da deigarria beste eskaintza batzuk zituen teknikari bat fitxatzea?

Hari galdetu beharko diozu. Arauak hala daude, eta ezin dizut ezer gehiago esan.

Fitxatutako jokalarietatik, asko al ziren lehen aukera?

Askotan lehen aukerak ez dira onenak. Sergi Vidal fitxatu genuenean ez zen lehen aukera. Batzuetan, lehen aukerak kale egiten dizunean, beste bat ager daiteke. Denbora garrantzitsua da fitxatzeko garaian. Uda bukaeran aukera hobeak izango genituela uste genuen. Fitxaketa batzuk ez dira lehen aukerak izan, beti bezala.

Osaturiko taldearekin zenbateraino zaude gustura?

Gure baldintzetan, oso gustura.

Talentu, edo distira, pixka bat ez al da falta?

Ez dut uste. Erasoan jokatzeko ahalmena dugu. Talentua erosi egiten da, baina gu merkatura irten ginen moduan, badugu talentua. Taldeari puntuak falta zaizkiola irakurri dut aste honetan; aurrekoan, defentsa zen... Erasoa eta defentsa falta bazaigu, akabo! Lehen hiru partidetan defentsa falta izan zitzaigun, baina puntuak sartu genituen. Eta Bartzelonaren aurka ondo defendatu genuen, baina ez genuen sartu. 0-4 joateak baino gehiago arduratzen nau, esaterako, Estudiantesen aurka lehen laurdenean zortzi hirukotik zazpi sartu, eta, hala ere, lau puntugatik bakarrik irabazten joan izana.

Gero eta diru gutxiago, gero eta zehatzagoa izan behar duzu fitxatzeko garaian, ezta?

Gero eta diru gutxiago, zernahitarako balio duten jokalari gehiago fitxatu behar dituzu, postu bat baino gehiago bete dezaketenak. Jared Jordan eta David Doblas izan ezik, gure beste jokalari guztiek bi postutan joka dezakete gutxienez. Guk Jimmy Baron fitxatzeko nahia izan dezakegu, baina ez digu balio, hegalekoak edo antolatzaileak min hartzen badu Baronek ezin duelako jokatu postu horietan.

Iragan sasoia ona izan zen. Horrek GBCren benetako ahalaren irudia desitxuratu dezake?

Zaleen aldetik diozu? Ez dut uste, zaleek ondo balioesten dituzte gure lorpenak. Egia da, dena den, behin igarota gehiago estimatzen dela. Sasoi oso ona izan zen, hamargarren bukatu genuen, eta hasieran ea nora gindoazen galdetzen ziguten.

Orain ere galdetuko dizute.

[Barrez] Egia da, eta ea nola bukatzen dugun. Ni oso pozik nago taldearekin, nahiz eta 0-4 hasi.

Iragan sasoiko jokalari gehiagok jarraitzea espero zenuen?

Guk sasoi ona egiten badugu, jokalariak galtzen ditugu, balioa hartzen dutelako eta ezin diegulako eutsi. Ez nuen uste gehiago geldituko zirenik. Nahi nuen? Bai. Eta estutzen banauzu... Uda hasieran ezkorra nintzen Doblasekin, eta begira.

Doblasek bere aldetik jarri du?

Bai. Asko? Berak esan behar du? Jokalariek gauza asko sartzen dituzte koktelontzian: kontratua, egonkortasuna, Kontxa goizero ikustea, okinak egunero agurtzen zaituela... Jokalariek era askotako aldagaiak hartzen dituzte kontuan. Jared Jordanek zioen aurkezpenean: «Ni jokalari izateaz gain pertsona naiz, eta hiri honek paseatzeko aukera ematen dit».

Denboraldi erdi aldera norbait fitxatzeko aukera legoke?

Egungo egoeran, ez.

Dagoenarekin amaieraraino?

Taldea daudenekin bukatzeko diseinatua dago. Badakigu talde txikia dela, baina hori da asmoa.

Denboraldi erdirako egoera zuzenduko dela uste duzu?

Bai, ziur nago. Sailkapenari ez zaio orain begiratu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.