Jose Luis Ribera. Jokalaria izandakoa

«Deportivo baino eginago dago Eibar»

Eibarren, bi urtean izan zen jokalari eta batean bigarren entrenatzaile. Deportivon, sei urtez jokatu zuen eta lautan izan zen bigarren entrenatzaile. Partida berezia du etzikoa.

Aitor Manterola Garate.
Azkoitia
2014ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Ez du talderik aurkitu entrenatzaile lanetan segitzeko Jose Luis Riberak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1965), oso gertu egon zen arren nazioartera joateko. «Futbola ikusten nabil», esan du. Etziko Eibar-Deportivo, esaterako, ikusiko du, eta era berezian biziko ere, bi taldeetan jarduna delako.

Partida berezia da zuretzat?

Bai. Deportivo inguru hauetara etortzen den bakoitzean, ikustera joaten naiz, eta berezia da, klubeko jendearekin harremana dudalako oraindik. Eibarren ere jokatu nuen, eta Eibar berezia da niretzat. Bi denboraldi on pasatu nituen, eta oraindik ere elkartzen gara garai hartako jokalariak.

Eibartik Sestaora; gero, Burgosera eta, azkenean, Deportivora. Zergatik joan zinen Coruñara?

Lehen Mailara igo berria zen, eta Burgosekin ere Lehen Mailan nengoen. Deportivo garai hartan ere klub historikoa zen, egitura ona zeukan, eta, Burgosen arazo bat edo beste izan nuenez jarraitzeko, Deportivon jokatzera joan nintzen.

Ezin esan erabaki okerra hartu zenuenik...

Ez, ez. Gauzak gertatu eta gero erraza da hitz egitea, baina joan aurretik ez nekien hain onak izango zirenik sei sasoi haiek.

Super Depor ezagun hartakoa izan zinen, baina hori bigarren denboraldian hasi zen. Aurretik, aurrenekoan, justu-justu eutsi zenioten mailari.

Azkeneko partidan izan zen, jaitsierako kanporaketan. Azken-hirugarrenak kanporaketa hori jokatu beharra zeukan, eta Betisen aurka justu libratu ginen.

Eta uda hartan fitxatu zituen Deportivok Bebeto eta Mauro Silva, besteak beste. Zer izan zen zuentzat halako bi jokalari handi taldean edukitzea?

Denbora asko joan da ordutik, eta ikuspegi ezberdina daukat orain, baina garai hartan, taldean zaude, eta ez zara ohartzen horretaz. Gainera, Mauro Silva, garai hartan, ez zen ezaguna; Bebeto ezagunagoa zen, Brasilgo selekzioan ari zelako. Gainerako fitxatuak ere ez ziren hain ezagunak: Aldana eta Manjarin, esaterako. Oso onak ziren biak, baina ez oso ezagunak. Talde ona egin genuen, bai kalitatez eta bai gure arteko giroan; oso langileak ginen.

Taldea egite horretan zenbateko eragina izan zuen Arsenio Iglesias entrenatzaileak?

Handia. Entrenatzailearen lanik onena oso jende ezberdinak talde izaera lortzea izan zen. Izar horiek jokalari langileen alboan jartzea haren meritua izan zen, eta, azkenean, denak jarri gintuen lanerako. Zerbaitegatik gogoratzen da talde hura Super Depor izenarekin, eta ez Bebeto edo beste izar baten izenarekin bakarrik.

Talde handi haren unerik txarrena Miroslav Djukicek huts egin zuen penaltia izan zen, 1993-94ko sasoiko Liga titulua eman behar zizuena azken jardunaldian. Urteen joanean, zer oroitzapen duzu jokaldi hartaz?

Zelaian nintzen, jokatzen, eta uste nuen gertatu zena gezurra zela, ez zela ari benetan pasatzen. Penaltia adierazi zuen epaileak, eta pentsatu nuen Liga geurea izango zela. Djukicek huts egin zuen, eta uste nuen telebistaz ari nintzela ikusten jokaldi hura, neuri gertatzen ariko ez balitzait bezala. Gerora hasten zara konturatzen, eta pentsatzen hasten ea noiz irabaziko zuen Deportivok Liga bat, eta ni taldean egongo nintzen...

Zure hirugarren denboraldian, bai, titulua irabazi zenuten: Espainiako Kopa. Ligako arantza atera zenuten?

Neurri batean, bai. Baina iruditzen zaigu talde hartakoei penaltiarenak lagundu egin zigula Kopa hura irabazten. Edo guk nahi dugu pentsatu lagundu zigula. Gero, abuztuan, Superkopa ere irabazi genuen. Bigarren Kopa eta lehen Liga irabazi zuenean Deportivok ni ez nengoen taldean.

Etziko partida hizpide hartuta, nolako Deportivo ikusi behar dugu Ipuruan?

Victor Fernandezen taldeak erasoan hobeak izan dira defentsan baino. Baina zer jokalari dauzkan ikusi egin behar da. Azkenean, jokalariek zehazten dute nola jokatu, jokalarien ezaugarriek. Joan zen denboraldiko Deportivo adibide ona da: Fernando Vazquez entrenatzailearen jokatzeko era erasokorra da, baina, azkenean, defentsatik eraiki zuen taldea, ez zeuzkalako jokalariak erasokor aritzeko.

Egin gabe dagoen taldea da oraindik Coruñakoa?

Baietz iruditzen zait. Arazoak izan dituzte taldea osatzeko, eta fitxaketa asko bukaeran egin dituzte.

Eibar, aldiz, egindako taldea da, ezta?

Bai, baina... Lehenago osatu du taldea, baina oso azkenera, eta fitxatu berriek ez dute asko jokatu oraindik. Eta, ustez, berri horiek dira taldearen maila igo behar dutenak. Lehen bi partidetan oso itxura ona eman du Eibarrek, aurreko sasoiko jokalariekin, eta horregatik dago taldea eginago Deportivoren aldean.

Eibar egiten ari dena nola definituko zenuke?

Bigarren Mailan urte askoan jarraian egon zenean, gertuago ikusten zen Lehen Mailara igotzea; aukerak ere izan zituen batzuetan, baina ez ziren bete. Baina orain igotzea sekulakoa da, Bigarren B mailatik datorrelako, eta bi urtean egin duelako jauzia Lehen Mailara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.