ACB ligako taldeen aurkezpena. Axel Hervelle. Retabet Bilbo Basketeko jokalaria

«Borrokatzea da oinarria, Euskal Herrikoak garela erakustea»

Talde oso gaztea du Hervellek inguruan, iragan sasoitik asko aldatu dena, eta badaki, beteranoetako bat izanik, lan berezia egin beharko duela multzoa batzen. Haren iritziko, taldeak denbora pixka bat behar du oraindik egokitzeko, baina sinetsita dago bere maila ematen badu ACBko kanporaketetan sar daitekeela.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun
2010. urteaz geroztik dago Bilbon, baina euskarazko hitz solteak baino ez dakizki. Gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez daki, eta italiera ikasten ari da. «Nederlandera ere ulertzen dut; telebista edo irratia ulertzen dut. Hitz egiteko arazo handiagoa dut. Taldeko prestatzaile fisikoarekin txantxetan aritzen naiz; hark badaki nederlanderaz». Valoniarra da Axel Hervelle (Lieja, Belgika, 1983), eta eskolan ikasi zuen. Eskolaz mintzo, eta, orain, Hervelle da irakaslea; talde oso gaztea du inguruan, eta berari dagokio eskarmentua hedatzea.

Nola dago taldea?

Denbora gutxi izan dugu elkarrekin lan egiteko. Hainbat jokalari selekzioekin egon gara. Talde oso berria da, eta agian goizegi da zer-nolako multzoa den esateko, baina egunero ondo ari gara lanean. Giro baikorra dugu.

Denboraldi-aurrea nola joan da?

Nik %80 Eurobasketean egin dut. Baina, ikusi dudanez, jende guztia pozik dago, denok dugu hobetzeko gogoa, eta hori prozesu honen zati garrantzitsua da.

Norbaitek edo zerbaitek harritu al zaitu?

Erraza da erantzuten: Lucio Redivok dagoeneko gauza on asko erakutsi ditu. Redivo da gehien nabarmendu dena fitxaturikoen artean. Baina besteak ere onak dira: Pere Tomasek asko laguntzen du, Ricardo Fischerrek itxura ona du, Shane Hamminkek bertuteak ditu, Tim Kempton eta Mickell Gladness ere maila onekoak dira.

Beste urte batzuetako taldeekin alderatuta, zein maila du?

Oso goiz da horri buruz hitz egiteko; oraindik ez gara hasi lehiatzen. Baina egia da normalean baino talde gazteagoa dela, ACB liga gutxiago ezagutzen duena, eta denbora pixka bat beharko duena behar bezala egokitzeko.

Taldeko sei jokalari inoiz ez dira ACBn aritu, eta bik debuta egingo dute profesionaletan.

Egia da hori. Nik, hor, derrigor, beterano rola jokatu behar dut. Ahalik eta bizkorrena egokitu daitezen laguntzen saiatu: klubera, ligara, hirira...

Zer da zailena jokalarien egokitze prozesuan?

Gazteak dira, euren herrialdetik irteten diren lehen aldia da, familia utzi dute, nostalgia normala da, bakarrik daude, kozinatu egin behar dute... prozesu luze eta zaila da, eta, normala denez, hilabete batzuk behar dituzte egokitzeko. Hiriaren inguruan galdetzen didate: non jan, erosketak non egin... Zalantza arruntak dira.

Eta zu? Nola zaude?

Gogotsu nago, gozatzeko gogoz.

34 urterekin ilusioak hor dirau?

Sekulakoa dut; oso gose naiz, eta beti nago hobetzeko irrikan.

Saskibaloia jokoa da, eta jokoak ondo pasatzeko eginda daude. Ondo pasatzen duzu oraindik?

Bai, oso ondo pasatzen dut partidak jokatzen, eta entrenatzen gero eta gutxiago, baina, nik onena izan nahi dudanez, entrenatzea baino beste erremediorik ez dago.

Eta denboraldi-aurreak?

Luzeagoak egiten dira urteekin, baina, lehiakorra izan nahi dudanez, ez dago besterik.

Hiru aste egin dituzu-eta.

Bai, eta uztail osoa selekzioarekin Europako Txapelketarako, ez ahaztu hori. Profesionalak garen aldetik onartu behar dugun prozesu bat da.

Taldearen diseinua aldatu egin da, eta kanpoko lerroak pisu handiagoa izango duela dirudi.

Goiz da esateko, baina argi dago kanpoko lerroa oso indartsua dela, bizkorra eta kalitate handikoa. Multzo gisa egoerara egokitu behar dugu.

Zer eska dakioke talde honi?

Goiz da langa jartzeko. Iraganean egon dira uneak pabiloiko jendeari merezi adina eman ez diogunik, baina guretzat oinarrizkoena borrokatzea izan behar du, eta Euskal Herrikoak garela erakutsi.

Ligako kanporaketak eskatzea gehiegi al da?

Pausoz pauso joan behar dugu. Guk gure maila ematen badugu, helburuetan egongo gara. Aurrekontu txikiagoa dugu, eta non gauden jakin behar dugu. Anbizioa betiko helburuetan egotea da: Espainiako Koparako sailkatu, Eurokopako lehen multzoa pasatu eta kanporaketetan sartu.

Bederatzi denboraldi egin dituzu Alex Mumbrurekin. Saoi amaieran hartuko du erretiroa, eta bakarrik utziko zaitu sozioak.

Banekien aspaldi, lagun mina dut, eta onartu beharreko erabaki bat da. Egunero berarekin jokatzeaz gozatu behar dugu, eta joaten denean ziur hutsune handia utziko duela.

Orain postukide berria duzu. Hark hegal pibot jokatuko du.

Denbora gutxiago egingo dugu elkarrekin pistan, baina, irabaziz gero, ez du axola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.