Binakakoan sartu ez duten arren, Sebastian Gonzalezek ez du utzi ohiko entrenamendu martxa. Atzo lan fisikoa zegokion, Miarritzeko kiroldegi batean. Bezperan Fernando Bidarte (Azkaine, 1977) Aspeko buruarekin bildu zen, eta haserre irten zen bulegotik. Goizeko ariketa fisikoak mesede egin zion, eta arratsaldean erantzun zion BERRIAren deiari.
Zer moduz zaude?
Oso haserre, txapelketatik kanpo gelditu naizelako. Sekulako injustizia izan da. Herenegun enpresarekin hitz egin nuen, eta oraindik ez dut ulertzen esan zidatena. Pentsa zure ugazabak esaten dizula lau aurrelari onenen zauden arren ez zaituela sartzen txapelketan, bakarrik Gipuzkoan aurrelari bat probatu behar delako, ea jende gehiago eramaten duen pilotalekuetara. Beste guztiak nire aldekoak direla esan zidan gero. Ezin da ulertu.
Min eman dizu, agerikoa da.
Bai. Bidegabekeria izan da, eta Aritzek [Lasak] ez du inongo errurik; hura pilotaria da, eta lagunak gara. Hemen gure enpresan pertsona bat dago, eta ez da Bidarte, lan txarra egiten duena, eta berriz ere ikusi da. Ez naiz bakarra pertsona horrekin ondo konpontzen ez dena. Hau txapelketa bat da; onenek jokatu behar dute, eta, onenen artean zaudela esaten dizuten arren, ez zaituzte sartzen. Halakoak entzunda, zeure buruari galdetzen diozu ea zertarako merezi duen hainbeste lan egitea, gero txapelketan aurrelari bat Gipuzkoako pilotalekuetan jende gehiago erakartzeko aukeratzen dutela esaten badizute.
Zuk eskatu zenuen Bidarterekin hitz egitea, ezta?
Nik Fernandorekin, nire benetako nagusiarekin hitz egitea eskatu nuen. Berak aitortu zidan sentitzen zuela, gaizki egin zuela segur asko, hanka sartze bat, baina jende batek esan ziola Gipuzkoako aurrelari bat sartu behar zela. Gauza gehienetan hobea nintzela baina probatu nahi zutela. Are zailagoa da ulertzen, berriz ere nire maila ematen ari naiz eta. Nire inguruko jendea harrituta gelditu da; ez dute ulertzen. Ipar Euskal Herriko alkateak zerbait pentsatzen ari dira erantzuteko.
Jean Louis Ladutxe Azkaineko alkateak Asperi boikota egiteko eskatu die udalei. Ulertzen duzu?
Ulertzen dut. Ipar Euskal Herrian Xala eta biok maitatuak gara, eta hemen jokatzen dira jaialdiak, iaz hamar bat, eta beti bete dira pilotalekuak. Boikotera deitu izanak argi erakusten du Ipar Euskal Herriko jendeak maitea nauela. Pilotaria gaizki balego, edo maila ematen ez badu, ulertzekoa da, baina ez da kasua. Badakit hainbat udalek sinatuko dutela. Berriz ere entzungo da gabatxo-ena, ea berriz ere muga bat dagoen, eta zalaparta sortuko da. Pena da.
Urtea asko aldatzen al zaizu.
Nik urteak daramazkit puntan; ez naiz Irujo, baina izan naiz txapeldun, eta binakakoaren azken urteetan beti egin naiz. Asko aldatzen da urtea, eta jendeak Sebastian Gonzalez orain gazteekin ikusten badu, ez du ulertuko; errespetu falta irudituko zaie. Bai eurekiko eta bai pilotariekiko.
Zure urtea ez da oso ona izan.
2011ko binakako finaletik bost tantora gelditu nintzen; gero, apirilaren 15ean hatza hautsi nuen, eta sei egun geroago Azkainen jokatu nuen, enpresak jaialdia gal ez zezan. Uda osoan kailua irekia izan dut, eta azken hiru hilabeteetan sasoiari buelta eman diot, eta azken hilabetean ikusi da berriz ere betiko mailan nagoela.
Orain nola zaude sasoiz?
Pilota maila aldetik oso ondo, baina ez dut gogorik ezertarako.
2015era arteko kontratua duzu. Azken binakakoa jokatu al duzu?
Nik buruan txapelketa jokatzea nuen; prestatzen ari nintzen, eta orain ordezko gis sartuko naiz. Hurrengoek ez, ni aurtengo txapelketak arduratzen nau, eta oso penatuta nago. Deitzen banaute, binakakoa jokatuko dut; nire lana da eta nire onena emango dut, baina ez dit askorik axola aurtengo txapelketak.
Ordezko izatea ez da motibazioa?
Egia esan, ez; bederatzi urtez titular izan naiz. Eta nire enpresako kide batek deitu nau, barrez, «albiste txarra dut zuretzat, ez zara binakakoan sartuko» esanez, eta hori entzunda «zer da hau?» esan diot neure buruari. Halakoak entzunda, ez da erraza.
Sebastian Gonzalez. Aspeko pilotaria
«Bidartek aitortu dit gaizki egin duela ziurrenik, sentitzen duela»
«Oso haserre» eta «minduta» dago, ez datorrelako bat bera binakakotik kanpo uzteko emaniko Aspek arrazoiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu