Arrauna. Kontxako Bandera

Bi segundoan dago bandera

Oriok irabazi du lehen jardunaldian, eta 2.22ra dauka Donostiarra. Arraun eta Tolosaldeak osatuko dute datorren igandeko ohorezko txanda. 

Kontxako lehen jardunaldia. JON URBE / FOKU
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 6a
11:01
Entzun

Irekia izan da emakumezkoen Kontxako Banderako lehen jardunaldiko estropada, gorabehera handikoa, eta bigarren iganderako lehia ere zabalik utzi dute bi faboritoek: Oriok eta Donostiarrak. Oriotarrak sartu dira Donostiarraren aurretik, baina oso alde txikiarekin: 2,22 segundo. Bigarren jardunaldiko ohorezko txanda Arraunenk eta Tolosaldeak osatuko dute. 

Itsaso mugituan egin dute arraun arraunlariek. Iragarpenak bete egin dira, eta olatua dabil Donostia aldean. Kanpora joateko, zikin samarra dago itsasoa, eta barrurako, jostalaria; poparean aritzeko, ona (garbiagoa eta egokiagoa lan horretarako badiatik barrura). Bigarren txandan joan dira Orio eta Donostiarra, eta estropada berean hiru estropada egin dituzte. Donostiarra bigarren kaletik joan da, eta hirugarrenetik, Orio. Zumaia zen lehen kalean, eta Hibaika, laugarrenean. Hasiera biziagoa egingo du Donostiako taldean, eta, arraunkera zabaldu eta egonkortu dutenean ere, aldeak alde izan ditu aurkari zuzenarekin. Lau segundoren koska ere izan du. Baina Orio gainera joaten hasi zaio badiatik kanpora, eta ziabogan berdinduta eman diete buelta traineruei. Atzerago zetozen, baina denbora berean, Hibaika eta Zumaia. 

Bueltako luzean hasi da bigarren estropada. Oriok hartu du estropada burua, baita zortzi segundoren aldea ere tarteren batean, badiara heldu aurretik. Ematen zuen banderaren zati hadi bat gaur bertan bereganatuko zuela, baina badiatik barrura, Donostiarrak aldea jan dio. Gainera joan zaio, eta ia elkarren parean sartu dira. Lehia ikusgarria izan dute, eta 2.22ren alde txikiak ikusgarritasuna eta zirrara ematen dizkio bigarren igandeari. Txanda itxi dute Hibaikak 21.6ra eta Zumaiak, 29.56ra. 

Arraun eta Tolosaldeak ere borroka estua izan dute lehen txandan. Antzekoa izan da bilakaera txanda horretan ere. Tolosaldea bikain joan da kanpora, bigarren kaletik, eta atzean utzi ditu Arraun (hirugarrenetik) eta Hondarribia (laugarrenetik). Askoz atzerago utzi du San Juan lehen kaletik. Ziabogan aurrenak izan dira Tolosaldekoak, Hondarribia hiru segundora heldu da, eta Arraun laura sartu da balizara. Barrurako luzean, berdindu egin da hiru traineruen arteko lehia, eta badia barruan erabaki da. Arraunek beroketan egin duen gauza bera egin du: olatu eder bat hartu, beroketan egin duen ia leku berean, eta hegan hartu dio aurrea Tolosaldeari. Ez du amore eman ia estropada osoa buruan joan den taldeak, eta, nola Hondarribia ere lehian zen, ia elkarren gainean sartu dira hiru taldeak. Baina aurrena Arraun izan da, gero Tolosaldea 3.94ra, eta Hondarribia ondoren 4.74ra. San Juan 27.28ra sartu da. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.