Beste aukerarik ez zuten

Sebastian Gonzalezek eta Aspek eten egin dute euren arteko kontratua, eta, hori eginda, amaiera eman diote azken bi urteetan aurrelariak eta enpresak izandako hamaika tirabirari.

Julen Etxeberria.
2013ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Kito. Akabo. Amaitu da Sebastian Gonzalez eta Asperen artekoa. Bi aldeek akordioa lortu dute euren arteko kontratua eteteko, 2015eko otsailean amaituko zena. Enpresak jakinarazi zuen atzo berria, webgunean jarritako prentsa ohar batean. «Bi aldeen arteko desadostasunek ezinezko egiten dutenez kirol harreman normalizatu bat izatea, Aspek erabaki du Sebastian Gonzalezen kontratua etetea». Hori dio prentsa oharrak.

Horrela, prentsa ohar labur batekin amaitu da ia hamabost urteko harremana, 1998ko urte amaieran hasi zena. Izan ere, datorren abenduaren 4an beteko dira hamabost urte Azkaineko (Lapurdi) aurrelariak profesionaletan debuta egin zuela. Urte horietan guztietan beti aritu da Eibarko enpresan (Gipuzkoa). Harekin lortu ditu bere garaipen zerrendako bi tituluak ere: Bigarren Mailako txapela, 2000an —22-15 irabazi zion Xabier Imazi Donostiako Atano III.a pilotalekuan— eta lau t'erdiko txapela 2009an —22-18 irabazi zion Juan Martinez de Irujori, berriz ere Donostian —.

Gonzalezen eta Asperen artekoa atzo amaitu zen ofizialki, baina bien artekoa aspaldi zegoen amaituta, hautsita. Agerikoa zen onena bakoitza bere aldetik joatea zela. Beste aukerarik ez zuten. Porrot egitera kondenatuta zegoen harremana zen haiena.

Orain bi urte hasi zen dena. Aurrelariak lesioa izan zuen hatz batean, eta, horren onodrioz, haren errendimenduak dezente egin zuen behera. Hori ikusita, Aspek 2002ko binakakotik kanpo utzi zuen. Enpresaren erabakiak sutan jarri zuen Gonzalez, eta kritika oso gogorrak egin zizkien Aspeko arduradunei. Egun batzuk geroago barkamena eskatu zuen.

Zauria itxita zegoen, baina orbaina hor zegoen. Eta orbainak urtebete eskas iraun zuen zornatu arte. Aspek tokia egin zion binakakoan, baina sei partida jokatu ostean, Joseba Ezkurdiarengatik ordezkatu zuen, «errendimendu faltagatik».

Tirabirek goia jo zuten banakakoan, maiatz aldean. Gonzalez ez zen azaldu aurkezpenera. Mikel Urrutikoetxearen aurkako partidako pilota aukeraketara ere ez zen azaldu. Azkenean, lehia ere ez zen jokatu, Aspek bertan behera utzi baitzuen. Arrazoia? Auto batek oin bat zapaldu ziola Gonzalezi, saltoki bateko aparkalekuan, Euskal Herritik ehunka kilometrora. Asperen erantzuna? Zigorra: bi hilabete jokatu gabe etasoldata jaso gabe. Gonzalezek «gehiegitzat» jo zuen zigorra, eta horregatik auzitara eraman zuen enpresa joan zen azaroaren 6an. Ez zen epaiketarik egon, bi aldeek akordiorako oinarri bat lortu baitzuten. Atzo lortu zuten behin betikoa.

Gonzalez, «lasai eta triste»

Gonzalezek sentimendu kontrajarriak ditu. «Batetik, lasaitua hartu dut. Bestetik, pena ematen dit horrela amaitzea hamabost urteko harremana», aitortu zuen atzo. Azkainekoaren ustez, bi aldeentzako «onena» da kontratua etetea eta «bakoitza bere aldetik joatea».

Ez du ezer Asperi leporatzeko, eta ez du uste enpresak gaizki jokatu duenik harekin. «Gauza batzuetan ez gara ados egon, baina ez naiz gaizki tratatua sentitu».

«Une politak» atzean utzita, «aurrera» begiratu nahi du orain. 36 urte bete berritan, ikusteko dago orain Gonzalezek zer egingo duen. Ez da ez egoera samurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.