Zulai Agirre. Montargis taldeko jokalaria

«Bera Berak merezi zuen hau bizitzea»

Bera Beran hamabi urtez jokatu ondoren, bi urte pasatxoan hiru bider aldatu du taldea, eta tartean bi aldiz herrialdea: Euskal Herritik Norvegiara, eta handik Frantziara. Ondo ezagutzen du Larvik.

BERRIA.
Julen Etxeberria.
2013ko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Bizitzaren beste garai bat bizitzen» ari da Zulai Agirre (Bermeo, Bizkaia, 1981). Frantzian bizi da, Montargisen, Paristik ehun kilometro pasatxora. Hiriko taldean ari da, bigarren mailan, baina ez dio axola, berak hartutako erabakia izan baita, «lehentasun kontua». «Gustura» ari da, gainera.

Frantzian zabiltza. Zer moduz?

Oso ondo, oso gustura, beste bizimodu bat egiten. Lana topatu, frantsesa ondo ikasi... horiek dira nire lehentasunak orain. Eskubaloia bigarren mailan dago. Horregatik ari naiz Montargis taldean, Frantziako bigarren mailan. Baina oso gustura nago.

Nolatan lehentasun aldaketa hori?

Lan merkatua oso gaizki dagoelako. Orain bi urte, Itxako utzi nuenean jabetu nintzen nire lehentasunak aldatzeko ordua zela, baina ez nuen nahi kolpe batez egin. Poliki-poliki egin nahi nuen. Horregatik joan nintzen iaz Norvegiara, ingelesa ondo ikasteko. Eta horregatik nago orain Frantzian, frantsesa ere ondo ikasteko.

Egoerak behartutako erabakia izan da, beraz.

Bai. Ez da nik nahi nuena, bizitza guztian nahiko nukeelako eskubaloian jokatzen aritu. 32 urte ditut oraindik, eta ondo nago. Baina egungo egoerak behartu nau erabaki zail hau hartzera. Jendeak esaten dit «oso gustura ikusten zaitugu eskubaloian jokatzen, eta sasoiko zaude, zergatik aldaketa hori?». Eta denei erantzuten diet baietz, gozatu egiten dudala, ohituta nagoelako barruan dudan guztia ematera. Baina gero nire ingurua ikusten dut, lan merkatua nola dagoen... errespetu handia ematen dit. Hori bai, horrek ez du esan nahi agian datorren urtean maila gorenean aritzeko eskaintza bat jaso eta baietz esango ez nuenik. Baina egun garrantzi handia ematen diot formakuntzari eta esperientzia hartzeari.

Itxakon bizitako urte zailak behartu zintuen lehentasunak aldatzera? Diru arazo mordoa izan zenituzten.

Itxakon dena ondo joan izan balitz, agian eskubaloian bete-betean jokatzen segituko nuen orain. Ilusio handiz joan nintzen hara. Niretzat, gainera, aldaketa handia izan zen, hamabi urte neramatzalako Bera Beran. Halere, harro nago Itxakon jokatu izanaz. Han bizitakoak balio izan badit bizimodu berri bati ekiteko, bada, pozik.

Damu zara Bera Bera utzi izanaz?

Ez. Oso kontsekuentea naiz hartzen ditudan erabakiekin. Pena handia eman zidan Bera Bera uzteak, noski, baina orain irribarre batekin gogoratzen dut han bizi izandako garaia. Gainera, Donostia utzi ostean ere esperientzia politak bizi izan ditut.

Euskal Herritik Norvegiara joan zinen, Sola taldera. Zer moduzko esperientzia izan zen hura?

Ona eta aberatsa. Niretzat arrotza zen herrialde batera joan nintzen, eta horretarako psikologikoki prest egon behar duzu, eta gogo handia izan. Norvegiako ligan, gainera, ia ez dago atzerritarrik. Asko entrenatzen da. Gu, adibidez, ia egunero entrenatzen ginen, askotan goizeko zazpietan hasita. Zergatik? Jokalari gehienek eskubaloian jokatzeaz aparte euren lana ere bazutelako, eta hori zen era bakarra biak uztartzeko. Eta horretara ohitu beharra dago, eta ez da erraza, eta nire kasuan are gehiago, eskubaloiaz aparte ez nuelako beste ezer. Zorionez, oso ondo hartu ninduten, eta hara joan eta denbora batera nazioarteko haurtzaindegi batean hasi nintzen lanean. Horrek asko lagundu zidan, izan nituelako une tristeak.

Kirol ikuspegitik ez zen urte ona izan. Maila galdu zenuten.

Hala da, baina zorte txarra izan genuen. Sasoia hasi berritan hiru jokalari garrantzitsu gabe geratu ginen. Kirolari bati ez zaio gustatzen galtzea, eta porrotak zailagoak dira eramaten bakarrik eta etxetik urrun zaudenean. Nire kasuan, gainera, Itxakotik nentorren, dena irabaztetik. Baina esperientzia polita izan zen.

Munduko liga onenetako bat da Norvegiakoa, eta bertan Larvikek ez du aurkaririk.

Larvik eta Byasen dira Norvegiako ligako talde onenak. Haien azpitik, berriz, zazpi talde daude, denak oso maila bertsukoak. Haietako edonork gal dezake. Larvikek, ordea, ez du inoiz galtzen. Urteak daramatza partida bat galdu gabe. Sekulako taldea da. Larvikeko jokalariek izugarrizko lana egiten dute bai erasoan bai defentsan. Gai dira lasai hasi eta partida bukaeran hogei golen aldeaz irabazteko. Oso langileak dira, eta ez dute inoren akuilurik behar duten guztia emateko.

Bera Berak Larviken aurka jokatuko du gaur. Talde ohia gai ikusten duzu Larvik ustekabean harrapatzeko?

Oso zaila da. Bera Berak saiatu behar duena da pistan presiorik gabe aritzen, eta gozatzen.

Zer moduz ari zara ikusten talde ohia Txapeldunen Ligan?

Txapeldunen Liga beste mundu bat da. Taldeak esperientzia bat izan beharra du, eta Bera Bera iritsi berria da lehiaketa horretara. Elik [Pinedo] eta Matxalenek [Ziarsolo] soberan dute maila bertan jokatzeko, baina badira taldean jokalari gazteak, eta haientzat jauzi handiegia dago. Gainera, Larvik eta Vardarrekin daude multzo berean, Txapeldunen Liga irabazteko bi talderekin.

Harremana duzu taldekide ohiekin?

Noski, batzuk lagun minak direlako: Eli [Eli Pinedo], Matxalen [Matxalen Ziarsolo]... nire belaunaldikoekin dut harreman gehien.

Aurreko sasoian hiru titulu irabazi zituzten, eta orain Txapeldunen Ligan ari dira. Inbidia ematen dizu?

Ez. Izugarri pozten naiz haiengatik, eta klubagatik. Merezi dute hau bizitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.