Beldurra, salaketarako eragozpen

Emakumezkoen futbolaren inguruko aurreneko kongresua egin dute aste honetan, Irungo Ficoba erakustazokan. Hainbat gai jorratu dituzte: horien artean, futbolean gertatzen den sexu indarkeria eta botere abusua.

Emakumezkoen futbolaren nazioarteko biltzarra. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Emakumezkoen futbolaren nazioarteko biltzarra. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko azaroaren 22a
18:40
Entzun

Beldurra: eduki ditzaketen ondorioei beldurra. Horixe da abusu bat ez jakinaraztearen arrazoi nagusia. Hala baieztatu du Vero Boquetek Sexu abusuak eta botere abusuak futbolean izeneko hitzaldian. Galiziarrak ondo daki zeri buruz ari den; izan ere, bere larruan bizi zuen. Espainiako selekzioko entrenatzaile zen Ignacio Queredaren jazarpena salatu ostean, ez da inoiz Espainiako selekziora itzuli. Beldur hori, ordea, ondorio bat da, ez entzunarena egiten duen sistema baten ondorio. Hori azaltzen ahalegindu da hitzaldian, beste hainbat hizlarirekin batera.

«Hitzaldi oso interesgarria eta guztiz beharrezkoa». Hala aurkeztu du Cristina Gallo kazetariak futbolean gertatzen diren sexu abusuei eta indarkeriari buruzko mahai ingurua. Moderatzaile lanak egin ditu Gallok, eta bertan egin du beldurraren gaineko hausnarketa Boquetek, Irunen antolatu duten emakumezkoen futbolaren inguruko aurreneko kongresuaren barruan egin duten mahai inguruetako batean.

«Oso garrantzitsua da abusuak identifikatzea eta aurreikustea. Eta horretan lagunduko digute gure gaurko lau protagonistek», hala deitu ditu oholtzara, banan-banan lau hizlariak: Eleonora Giovio El País egunkarian abusuetan eta berdintasunean espezializatutako kazetaria; Isabel Abella Ruiz abokatua eta berdintasun aholkularia; Eukene Arana haurren eta nerabeen aurkako indarkerien prebentzioan aditua eta Boquete futbol jokalaria. Azken horrek bideo konferentzia bidez hartu du parte.

«Beldurra eragozpen handi bat da. Futbolarien kasuan selekzioak ez deitzeari beldurra, edo taldetik kanpo gelditzeari», hala adierazi du Boquetek. Gaineratu du horrekin sistemak arazo handi bat daukala. Ez hori bakarrik, sistemak konponbidea eman nahi ote dion ere zalantzan jarri du futbol jokalariak: «Sistemari ez zaio interesatzen hori zuzentzea; izan ere, batzuetan, errua gertuko lagun bati, osaba bati edo amari egotzi behar zaio. Nik uste dut sistemak askotan huts egin digula, eta, orain, harekin pixkanaka adiskidetzeko modua bilatu behar dugu. Gaur egun mesfidantza sortzen du, eta horrek, salatu beharrean, geure burua beste era batera babestea eragiten du». Jokalari profesional baten ahotik hori entzunda, ondorio argia atera du Aranak: «Jokalari profesional batentzat zaila bada, pentsa nerabe batentzat zer den horrelako zerbait salatzea».

Hori baino lehen, gaia testuinguruan kokatzen ahalegindu dira lehendabizi lau protagonistak. Abella izan da gaia lurrera ekartzen lehena: «Indarkeria matxistaren barruan tipologia asko daude, eta horietako bat da sexu indarkeria». Gioviok, berriz, azpimarratu du askotan goraipatzen direla kirolaren alor positiboak, baina gogorarazi du gizarteko beste edozein eremu bezalaxe ez dela «abusuetatik libratzen». Nabarmendu duenez, zoritxarrez, alor honetan ere arazo bat dago: «Gertatu diren abusuen inguruko datuak falta dira, eta, horren ondorioz, ezin da arazoa kuantifikatu. Beraz, ezin badugu arazoa kuantifikatu, gizartearentzat ez dago arazorik».

Legediari buruz eta trebakuntzari buruz aritu dira, batik bat. Legedia hizpide, Abella abokatuak azpimarratu du protokoloak beharrezkoak direla eta protokoloak betearaziko dituzten arduradunak, baina ezin zaiola kargu hori edonori eman: «Berdintasunerako protokoloak eta arduradunak beharrezkoak dira, baina prestakuntza orokorra eta espezializatua jasotzea funtsezkoa da beren funtzioak betetzen jakin dezaten».

Prestakuntza, beharrezkoa

Trebakuntza beharrezkoa da, bai, baina nola eskaini trebakuntza hori? Aranak eman ditu argibide batzuk. «Denok prestatu behar dugu horretarako, gazte zein heldu. Eta egin ditzakegun indarkeria guztiez jabetu behar dugu». Gainera, gogorarazi du herritar guztiek duten betebeharretako bat: abusuaren berri ematea. «Herritar gisa betebehar bat dugu, eta are gehiago arduradunak, senideak edo entrenatzaileak bagara. Norbaitek abusu bat jakinarazten digunean, jakinarazi egin behar diogu babes ordezkariari. Baina ezin dugu ardura guztia jarri nahiko prestakuntzarik ez duten pertsona horiengan soilik. Finean, jokalaria babes gabe egon den egoera horiei modu egokian aurre egin diezaieketen profesionalez lagundu behar ditugu; bestela, nekez iritsiko gara gaiaren muinera».

Nerabeekin egiten du lan Aranak, eta haiek pairatzen dituzten abusuez mintzatu da une oro. Horregatik, haien eskubideak ekarri ditu gogora: «Nerabeek eskubidea dute kirola espazio seguru batean egiteko. Guk, helduok, beren eskubideak ezagutarazi behar dizkiegu, eta eskubide horiek betetzen direla bermatu». 

Hitzaldiari amaiera emateko, galdera bat egin die Gallok: «Zein da egin beharko genukeen lehen aldaketa?». Erantzun batzuk eman dituzte: baliabideak ematea gazte mailetan ari diren entrenatzaileei; nerabeei erakustea babes gabe dauden egoera bat nola jakinarazi behar den; kirol agintearekiko independentea den erakunde autonomo bat sortzea, eta erantzukizun indibiduala eta kolektiboa hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.