Duela bost urte Donostiara heldu zenean ere ospe hori bazuen Carlos Velak. Jokalari bikaina bai, baina arrastoan sartzea kostatzen zitzaion horietakoa zela. Artean 22 urte zituen mexikarrak, Arsenaletik utzita zetorren, eta ordura arte talde bakar batean ere egonkortu gabea zegoen. Bada, Realean topatu zuen bere tokia. Ezbairik gabe, azken denboraldiotan taldeko erregea izan da, eta haren bizitza pertsonalak ez du aparteko oihartzunik sortu izan. 2013an, Philippe Montainer entrenatzaile zela, aulkian geratu zen partida batean, San Mamesen, aste barruan entrenamendu batera lanerako gauza ez zela iritsi zelako. Ordea, gutxienez azaldu zen Zubietara.
Joan den astelehenean, baina, hori ere ez zuen egin. Bezperan bana berdindu zuen Realak Levanteren aurka, Anoetan. Vela oso maila kaskarrean aritu zen. Hala eta guztiz ere, gauean Madrilera joan zen, Chris Brownen kontzertua zuzenean ikusteko, Antoine Griezmann taldekide ohia lagun zuela. Noski, klubaren baimenik gabe egin zuen bidaia. Hori gutxi ez, eta hurrengo egunean lanera ez zela agertuko eman zuen abisua jokalariak, ondoezik zegoela argudiatuta. Gezurrak hanka motza omen, eta sare sozialetako argazkiek azkar erakutsi zuten egia. Hondarribira (Gipuzkoa) ekarriko zukeen hegazkina galdu zuen Madrilen.
Ondorioz, ikusmina sekulakoa zen atzo Zubietan, jokalari guztiak Celtaren aurkako partida prestatzen hasteko lanera deituak baitziren 11:00etarako. Nola ez, Vela barne. Ordea, zelaian ez zen azaldu ere egin mexikarra. Ez zen gainerakoekin entrenatu. Bakarrik aritu zen lanean barruan. Hori bai, taldekideen aurrean aurpegia eman zuen, hedabideekin ez bezala. «Velarekin hitz egin dugu, eta barkamena eskatu digu. Oker jokatu duela onartu du, eta damututa dago. Guk ere esan diogu ez zaigula gustatu izan duen jarrera. Triste dago, ohikoa duen umoretik urrun. Etorriko diren erabaki guztiak klubaren eta entrenatzailearen esku daude, eta guk onartuko ditugu», azaldu zuen Xabi Prieto kapitainak, prentsaren aurrean.
Azken hilabeteak Realean
Taldekideekin ez ezik, administrazio kontseiluko kide eta Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariarekin ere bildu zen jokalaria. Bileraren ondoren, barne araudiaren araberako espedientea zabaldu ziotela jakinarazi zuen klubak. Zigor ekonomiko handia ekarriko dio horrek —kopuruaren zenbatekoa ez zuten jakinarazi—. Velak epe bat izango du orain bere burua defendatzeko. Kirol arloan, berriz, jokalaria taldetik baztertuta geratu da behin-behinean, eta bere kasa lanean jarraitu beharko du. Ikusi beharko da Eusebiok zer erabakitzen duen. Badirudi ez dutela sartuko Celtaren aurkako deialdian.
Joan den abuztuan ere taldetik irteteko nahia azaldu zion Velak zuzendaritzari. Nonbait, AEBetako ligako talde batera joatea zuen helburu. Klubak ez zion halakorik onartu, baina ematen du sasoia amaitzean Reala utzi egingo duela mexikarrak. Jokin Aperribairen lantaldearen helburua bat eta bakarra izango da: inbertitu zuten diru kopuru hura gutxienez berreskuratzea.
Belarrondokoa Velarentzat
Joan den astelehenean Zubietara azaldu ez zela eta, Velak barkamena eskatu die taldekideei. Klubak jakinarazi du zigor ekonomikoa jasoko duela. Kirol arloko ondorioa zehazteko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu