Zer diren kontuak. «Reala uztea aukeren artean dago». Urtebete ere ez da igaro Carlos Velak (Cancun, Mexiko, 1989) adierazpen horiek egin zituenetik. Uda nahasi baten ondoren, oin eta erdi Donostiatik urrun izan zuen iragan sasoian. Denboraldian ere makina bat komeria bizi behar izan zuen; besteak beste, Madrilen gauez irten, eta lan saio batera azaldu ez zenean. Ordea, urtebete eskasean ederki aldatu dira gauzak. Vela atzo mintzatu zen sasoi honetan estreinakoz kazetarien aurrean, Zubietan, eta bestelako jarrera bat azaldu zen. «Beste bi urterako lan hitzarmena daukat Realarekin, eta ziurtatzen dut beteko dudala. Oso gustura nago».
Inor gutxik espero zituen adierazpenak egin zituen mexikarrak. Aurrez ere esana zuen Realean jarraitu nahi zuela, baina bestelako heldutasun batekin hitz egin zuen. «Futbol arloan ez ezik, pertsonalki ere une zailak izan nituen joan den sasoian. Gaizki pasatu nuen, eta, noski, hori zelaian ikusi egin zen. Badira bi urte nire maila onenetik urrun nagoela». Horregatik, berriro ere lehengora itzultzea du helburu. «Orain, zoriontsu naiz; oso pozik nago bizitzarekin. Pasatu dira arazo guztiak, eta Realari zein zaleei eskertu nahi diet eman didaten babesa».
Babesa jaso izan du, baina kritikak ere bai; batez ere, zaleen aldetik. «Gauza batzuk gaizki egin ditut, eta arantza barruan sartuta daukat. Baina garbi dut jendeak maite nauela eta nik ere maite ditudala haiek. Egin dezakedan onena da futbolean ongi jokatzea eta gozatu zein gozaraztea». Garbi du ez duela falta horretarako gogorik eta motibaziorik, eta egunero ilusio handiz ari da lanean. «Emaitzak lortzeko, lana ongi egitea da sekretu bakarra, eta horretan ari naiz, sekula baino gogotsuago. Gauzak hobeto edo okerrago joan, ziurtatzen dut lana serio egingo dudala. Nire esku dagoen guztia egingo dut».
Gainera, denbora zen lan saio batean ez zela aste honetan bezain ongi sentitzen. Izan ere, luzaro iraun dio belauneko meniskoko lesioak, baina uste du erabat osatu dela. Udan, Estatu Batuetako espezialista batekin egon da, eta emaitzak agerian ditu. «Asko zaindu dut belauna, eta esan didate ebakuntzarik ez dudala behar. Hori beti da pozgarria. Azkenaldian, sasoi betean osatzen ditut entrenamenduak, eta ea partidetan mailarik onena ematen dudan». Iragan sasoiko lan eskasari ez dio aitzakiarik jarri nahi, baina garbi du lesioak ez ziola utzi onena ematen. «Nahi eta ezin ibili nintzen. Hiru lan saio jarraian egiten banituen, laugarrenean atseden hartzera behartuta nengoen, minagatik. Kalbario hutsa izan zen. Jendeak kritikatu egiten zuen nire lana, baina ezin nuen ezer egin. Mina nuen». Behingoz arazoak atzean uztea espero du. «Beti edukitzen da beldurra berriro lesionatzeko, baina ez gertatzea espero dut. Sasoiko nago».
Horregatik, Velarik onena gertu dagoela dio. «Konbentzituta nago hala izango dela. Bide onean nago. Gaztea naiz oraindik, heldutasuna irabazi dut, gogorik ez zait falta, eta konpromisoa daukat Realarekin. Futbolari batek behar duen guztia daukat goia jotzeko». Hori bai, berak ez ezik, taldeak ere gora egin behar du, haren esanetan. «Iragan sasoian gaizki ibili ginen ni neu eta Reala. Hitz eginda konpontzen dira arazoak. Gure artean sakondu ditugu gauza asko, eta Realik onena iritsiko da». Helburu bat eta bakarra du. «Zaleak Anoetara joan eta gozatzea. Merezi dute».
Oiartzabalen «maisu»
Behin helburu hori beteta, uste du sailkapenean xede jakinik ezin dutela finkatu. Hobe dela partidaz partida joatea. «Zuzendaritzak egin dituen fitxaketak gustatu zaizkit. Oso talde ona daukagu, baina denbora daramagu kontu berarekin. Horregatik, helbururik aipatu ez, eta lan egiteko garaia da». Fitxaketak ez ezik, harrobitik igotzen ari diren jokalari gazteak ere gustuko ditu. Mikel Oiartzabal, adibidez. «Jokalari bikaina da, eta uste dut biok bikote ona osatuko genukeela. Hori bai, gaztea da oraindik, eta lagundu egin behar zaio. Ez da Messi. Horregatik, zuhur jokatu behar dugu». Velaren laguntzarik ez zaio faltako. «Urteak daramatzat goi mailako futbolean, gauza asko ikusi ditut, eta nire esperientziagatik iruditzen zait Oiartzabali lagun diezaiokedala». Kapitainaren besokoa janztea ere gustatuko litzaioke. «Garai txarrak pasatu ditut, baina hortik gehiago ikasten da onetatik baino. Orain, baloratu egiten dut Realean dudana, lehen ez bezala, eta uste dut kapitain izateko ezaugarriak baditudala».
Kapitain izateko, ordea, hasieratik jokatu behar da, eta orain arteko bi partidak aulkian hasi ditu. «Hori ez da gustagarria, baina normala da. Denboraldi-aurrea ez dut gainerakoek bezala egin». Dena den, bide honetatik jarraituz emaitzak jasoko dituela uste du. «Denboraldi ona egingo dugun irudipena daukat».
Begirada aldatuta
Urtebetean, jarrera erabat aldatu du Carlos Velak. Ia bi oinak Realetik urrun izan zituen, baina txanponaren beste aldean dago orain. «Beste bi urterako dut kontratua, eta bete egingo dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu