Hogei urte dira Osasunak azkenekoz Santiago Bernabeun irabazi zuela. Beti da zaila Real Madrili nagusitzea, eta haren estadioan, are gehiago. Alde handia egon izan da bi taldeen artean. Arrakalak bere horretan jarraitzen du, bakoitzak duen aurrekontuari dagokionez, bederen. Ligako sailkapenak, ordea, aurkari zuzenak direla dio gaur-gaurkoz: 21 puntu dituzte gorritxoek, zuriek baino hiru gutxiago besterik ez. Bosgarren postuan dago Vicente Morenok gidaturiko taldea, eta beste koska bat igo nahi du gaur, munta handiko garaipena lortuta.
Real Madrilek galdu egin ditu etxean jokaturiko azken bi neurketak. Osasunaren konfiantza, dena den, ez da aurkariaren ezinean oinarritzen, bere jokalarien maila onean baizik. Defentsan, geroz eta sendoago dabiltza; atea hutsean utzi dute azken bi partidetan. Eta golak bilatzeko garaian, bi jokalari nabarmentzen ari dira: Bryan Zaragoza (Malaga, Espainia, 2001) eta Ante Budimir (Zenica, Bosnia eta Herzegovina, 1991). Lehena golen sortzailea da. Besteei baloia sareratzen laguntzen die, pase erabakigarriak eginez: goleko bost pase eman ditu dagoeneko. Horietako hiru Budimirrek probestu ditu. Guztira sei gol sartu ditu lehen hamabi partidetan. Haren kopuruak gora doaz urtez urte, eta klubaren historiako golegilerik finenen artean dago jada.
Aurrelariak eta hegalekoak konexio estua eratu dute zelaian, eta Osasuna etekin handia ari zaio ateratzen horri. Bryanen kasuan, Bartzelonaren aurka sartutako gol txundigarria gehitu behar zaie orain arte emandako azken paseei. Budimirrek, berriz, goleko pase bat eman du. Hori horrela, bi jokalari horiek parte hartze zuzena izan dute taldeak orain arte sarturiko hamazazpi goletatik hamahirutan. Hots: bata, bestea, edo biak izan dira tartean Osasunak sartutako golen %76tan.
Bryanek berpiztu egin du gorritxoen hegaleko jokoa. Abde Betisera joan ondotik, taldeak jokalari elektriko baten hutsunea zuen. Eta ederki bete du espainiarrak. Bayern Munichek utzita dabil, eta behin eta berriz erakusten ari da zergatik erakarri zuen Europa mailako talderik ahaltsuenetako baten arreta. Etenik gabe saiatzen da buruz buru aurkariak atzean uzten. Ezker hegalean erritmoa eta sakontasuna ematen dizkio taldeari, eta asko baldintzatzen du aurkarien defentsako jarduna. Hori gutxi balitz bezala, golak eskura ematen dizkie taldekideei. Bost asistentzia eginak ditu jada. Alor horretan, soilik Bartzelonako Lamine Yamal eta Raphina ditu aurretik –goleko zazpi eta sei pase eman dituzte, hurrenez hurren–.
Granadan loratu ostean fitxatu zuen Bayern Munichek, hogei milioi euro ingururen truke. Aurtengo otsailean iritsi zen Alemaniako taldera, eta gauzak ez zitzaizkion nahi bezain ongi atera. Osasunan, ordea, bere mailarik onena berreskuratzen ari da. Sasoia bukatzean Munichera itzuliko da, baina ez lehenago. Jokalariaren kontratuak ez du jasotzen aukera hori, ezta denboraldia amaitzean Osasunak erostekoa ere. Gorritxoek 250.000 euro ordaindu zituzten hegalekoa utzita ekartzeko.
Andonegiren arrastoan
Budimir, berriz, zortzi milioi euroren truke fitxatu zuten 2021ean, aurreko sasoian utzita aritu ondoren. Osasunak inoiz egindako apusturik handiena da, eta ez zaio damutu, aurrelaria sekulako maila ari baita ematen. Ez da harrapakari hutsa. Areaz kanpo ere eragin handia du, bai aireko baloiak kontrolatuz, bai bizkarrez jokoari arnasa emanez. Ordea, aurkarien atea zulatzeko gaitasunak egiten du berezi. Osasunaren golegile nagusia izan da azken lau denboraldietan. Aurrekoan lortu zuen markarik onena, hamazazpi gol eginda. Sei sartu zituen lehen hamabi partidetan, eta erritmo berean hasi du denboraldi berria. Modu askotan ari da asmatzen: penaltiz, buruz, kontrol bideratu eta erremate zehatzekin…
Lehen Mailan 63 gol sartu ditu orain arte: Osasunarekin 50, eta besteak Mallorcarekin. Txapelketan inoiz izan den kroaziarrik emankorrena da, Davor Sukerren atzetik. 2019an Espainiako ligara iritsi zenetik, soilik hiru jokalarik ospatu dute Budimirrek baino gol gehiago: Gerard Morenok (66), Iago Aspasek (70) eta Karim Benzemak (90). Tarte horretan, bere golekin puntu gehien lortu duen jokalarietan bigarrena izan da Budimir: 51 puntu eman dizkie bere taldeei. Benzemak baino ez du izan eragin handiagoa. Osasunaren golegileen zerrendan, berriz, Sabino Andonegi da Budimirren aurretik dagoen bakarra: 57 gol sartu zituen Lehen Mailan. Marka hori sasoi honetan bertan apurtu lezake kroaziarrak.
Budimirrek eta Bryanek mehatxu egin nahi diote gaur Real Madrili, eta aliatu nagusi bat izango dute: Aimar Oroz. Nafarraren kopuruak ez dira horren txundigarriak –gol bakarra sartu du, eta asistentziarik ez–, baina jokaldi onenak haren oinetatik igaro ohi dira. Talde indartsuenek bezala, erasoan hiruki magikoa du Osasunak.
Alavesek irabazi egin nahi du berriro, eta jaitsieratik urrundu
Arindu handia hartu zuen Arabako taldeak joan zen astean. Izan ere, azken bost partidak galdu ondotik, Mallorcari 1-0 irabazi zion Mendizorrotzan. Distira gutxiko norgehiagoka izan zen, baina helburua bete zuten gasteiztarrek: garaipenen bidera itzultzea. Bada, berriro irabazten saiatuko dira gaur, Vila-realen zelaian (16.15, Gol). Jaitsiera postuak hurbil dituzte, aurrez izandako puntu idortearen ondorioz, eta arnasa hartzeko aukera emango lieke beste partida bat irabazteak. Alavesen, ia jokalari guztiak egongo dira jokatzeko moduan; min hartutako Hugo Novoa eta Carlos Protesoni dira salbuespenak.
Vila-reali gol asko sartu dizkiote orain arte (19), baina Txapeldunen Ligako postuetan dago. Azken jardunaldian ez zuen jokatu, denboraleak eragindako hondamendiaren eraginez. Akuilu berezia izango du gaur.