Aurrerapauso handia eman zuen Baskoniak herenegun Moskun, Khimki menderatuta. Euroligako final-laurdenak jokatzeko txartela askoz gertuago dauka orain, baina lorpen hori ez dago guztiz lotuta, eta hurrengo osteguneko azken partidako azken minuturaino itxaron beharko da, F multzoko zein talde sailkatuko diren jakiteko —Bartzelona sailkatuta dago, multzo buru gisa—. Bete behar den lehen baldintza argia da. Baskoniak Siena menderatu behar du. Galtzen badu, kanpoan geratuko da, baina joanekoan Sienan pilatutako kontrako aldeak, 11 puntu, ez du garrantzirik izango. Siena ez da lau onenen artean egongo galtzen badu, eta ez da berdinketen jokoan sartuko.
Irabazita ere, Baskonia beste taldeen emaitzen baitan egongo da. Konbinazio batek final-laurdenetatik at utziko luke, italiarrak garaituta ere. Konbinazio hori aski zaila da, eta lasaitasun puntu bat ematen du. Olympiakos menderatu beharko luke Khimkik Atenasen, eta, aldi berean, Maccabi Tel Avivek Bartzelona ahaltsua Palaun. Olympiakosek ezin du lo hartu, porrotak berdinketen katramilan murgilduko lukeelako. Hamabi puntugatik edo gehiagogatik galdu beharko lukete ez sartzeko, baina irabazita bigarren postuan sailka daitezke, eta asko esan nahi du horrek: finla-laurdenetako partida erabakigarria etxean jokatzea. Maccabik Bartzelonan irabaztea ere ez da erraza, Euroligan han jokatutako guztia irabazi baitu ia-ia Xavi Pascualen taldeak.
Fuenlabrada eta Unicaja gaur
Euroligatik ACB ligara, Uxue Bilbo Basketek eta Baskoniak lehia baitute eguerdian. Bizkaitarrena hasiko da bietan aurrena (12:00, ETB 1). Fuenlabrada hartuko dute, eta hanka sartzerik ez edukitzea onena. Izan ere, olatuaren aparrean dabiltza Bilbokoak, Eurokopako finaleko txartela lortuta, baina ligan lau onenen artean zuten plazak ihes egin du, Manresan galdu ostean. Jaitsieratik urruntzeko borrokan murgilduta dago Fuenlabrada, eta ez da erraza izango hura menderatzea. Uxuek mesede handia egin diezaioke Lagun Arori, Madrilgo taldeari irabazita.
Ordu laurden geroago hasiko da Baskoniarena Malagan (12:15). Arabarrek ezer gutxi dute jokoan, sailkapeneko bigarren postua ondo lotua dutelako dagoeneko.
Baskoniak gertu du txartela, baina beste emaitzen baitan da
Sienari irabazi behar dio azken jardunaldian, eta Maccabik Bartzelonan eta Khimkik Atenasen galdu egin behar dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu