ATHLETIC 0-3 BARTZELONA

Bartzelonak ez dio aukerarik eman Athletici

Athleticek hiru golen aldeaz galdu du Bartzelonaren aurka San Mamesen, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan, eta ia ezinezko du finala jokatzea. Aitanak bi gol sartu ditu lehen hamasei minutuetan, eta Paralluelok, beste bat 78. minutuan.

(ID_13678265) ESPAÑA COPA DE LA REINA
Bartzelonako jokalariak, Aitana Bonmatik sartutako lehen gola ospatzen, gaur, San Mamesen. JAVIER ZORRILLA / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko martxoaren 7a
20:52
Entzun

Bartzelona ahalguztiduna da: Txapeldunen Ligako egungo txapelduna da, baita Espainiako Ligakoa ere. Bi datuok ezin hobeto islatzen duten haren nagusitasuna: 29 partida jokatu ditu denboraldi honetan, eta 27 irabazi ditu, eta bi berdindu. Alde handiz gailendu da gehienetan, partidako lau gol baino gehiago sartu baititu.

Athletic izan da Bartzelonaren indarra sufritu duen azkena. Talde zuri-gorriak 0-3 galdu du haren aurka gaur San Mamesen, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan. Emaitza horrekin, Athletici izugarri zaildu zaio finala jokatu ahal izatea, are gehiago kontuan hartuta itzulikoa Bartzelonan jokatuko dutela, datorren ostegunean —Reala bezperan ariko da, Anoetan, Atletico Madrilen aurka—. Mirari kutsuko balentria egin beharko dute zuri-gorriek finala jokatu nahi badute.

Erronka itzela da Bartzelona mendean hartzea. Badakite Athleticen, eta horregatik, balentria hauspotzen aritu dira zozketak parez pare jarri zituenetik. Lehenbizi, San Mamesen alde egin zuten joanekoa jokatzeko. Argi zegoen helburua: zenbat eta jende gehiago bildu harmailetan, orduan eta babestuago ariko zen talde zuri-gorria. San Mames ahalik eta gehien betetzeko deia egitea izan zen bigarren pausoa. Horretan aritu da kluba bete-betean azken egunetan. Zaleek erantzun egin dute, eta milaka eta milaka izan dira estadioan: zehazki, 23.490. Festa izan da harmailetan.

Zaleen hauspoa

Horrek indarra eman die David Aznarrek entrenatutako jokalariei, eta gogotik saiatu dira Kataluniako taldea ezustean hartzen. Baina Bartzelonak ez du utzi ezustekorako zirrikiturik txikiena ere. Alde handia dago talde baten eta bestearen artean, eta hori agerian geratu da beste behin. 11. aldiz jarraian nagusitu zaio Kataluniako taldea Euskal Herrikoari. 11 partida horietan 38 gol sartu dizkio Bartzelonak Athletici. Zuri-gorriek, berriz, bakarra sartu diote, eta duela bost urte izan zen. Oso adierazgarria da.

Athleticek ondo ekin dio partidari, eta gai izan da Bartzelonari eusteko. Baina ordu laurden besterik ez du iraun parekotasunak. Aitana Bonmatik desorekatu du partida, bi gol sartuta. Ederrak izan dira biak: lehena, ezkerrarekin, area kanpotik, hamalaugarren minutuan; bigarrena, berriz, eskuinarekin, area barrutik, bi minutu eskas geroago. Erdilari kataluniarrak agerian utzi du zergatik den munduko jokalaririk onena. Neurketa hasi besterik ez zen egin, eta Bartzelonak oso bideratua zuen garaipena.

Zaleek lagundu egin diete jokalariei kolpeari aurre egiten. Baina jokalari bikainak ditu Bartzelonak, eta Claudia Pina hirugarren gola sartzear egon da 31. minutuan. Adriana Nanclaresek zapuztu du haren ahalegina, geldiketa bikaina eginda. Ingrid Engenek ere gertu izan du gola lehen zatia amaitzear zela, baina haren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Hala amaitu da aurreneko zatia. Nagusi ziren bisitariak, eta sufritzen ari ziren etxekoak.

Lehengo lepotik izan du burua bigarren zatiaren hasierak, eta Jonatan Giraldezek zuzendutakoak aldea handitzeko asmoz zelairatu dira. Baina zuri-gorriek ondo eutsi diete.

33 minutuz lortu dute helburua, 78. minutuan, zelaira irten berria zen Salma Paralluelok hirugarren gola sartu duen arte. Area barruan jaso du baloia, eta ez du barkatu.

0-3koarekin amaitu da lehia. Burumakur amaitu dute jokalari zuri-gorriek, baina zaleek haien atsekabea arintzen saiatu dira, txalo zaparrada handia jota. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.