Futbola

Barruan duena azaleratu ezinik

Alaves krisian dago: galdu egin ditu azken zazpi partidetatik sei. Apal dabil konfiantzaz, eta ez da gai bere benetako maila islatzeko. Gol asko ari zaizkio sartzen; erasoan, berriz, sormen arazoak ditu. Gaur, Atletico Madrili egingo dio bisita.

Carlos Martin, etsita, aukera bat huts egin ondoren. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Carlos Martin, etsita, aukera bat huts egin ondoren. RODRIGO JIMENEZ / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko azaroaren 23a
05:10
Entzun

Ligaren heren bat jokatu da dagoeneko, eta Alavesek argi-ilun handiak izan ditu orain arte. Lehen partidetan bikain jokatu zuen, eta emaitzak ere halakoxeak izan ziren. Horiek horrela, zazpigarren jardunaldira seigarren postuan iritsi ziren arabarrak. Puntu bakarrera zituzten Txapeldunen Ligako postuak. Alabaina, galdu egin zuten Real Madrilen aurka, eta, harrezkeroztik, beren mailaz oso azpitik aritu dira. Etxean oasia topatu zuten duela bi jardunaldi, Mallorcari irabazita (2-1). Baina jarraian, gogor zigortu zituen Vila-realek (3-0). Azken zazpi partidetatik sei galdu dituzte; Luis Garcia Plazaren agindupean direnetik, ez dute aurrez horren ahulaldi latzik izan. 

DENBORA BEHAR DU

Joan-etorri ugari

Teknikariak normaltasuna eman nahi izan dio egoerari. Azken batean, saihetsezina da urtean zehar gorabeherak izatea; areago, Alavesen mailako talde batentzat. Gainera, eraikitze fasean dago oraindik, sasoi batetik bestera aldaketa ugari egin ondoren. Berehalako egokitzapena iradoki zezakeen sasoi hasierako distirak, baina, behin lilura lausotuta, errealitate gordinarekin egin du topo Gasteizko taldeak. Hamar jokalari joan ziren udan, eta gehienak zutabetzat jo zitezkeen: Gorosabel, Duarte, Marin, Javi Lopez, Rioja eta Samu Omorodion, esaterako. Haiek guztiek 30 partida baino gehiago jokatu zituzten joan zen denboraldian. Hutsuneak betetzeko, oso jokalari onak fitxatu zituen Alavesek; 11 guztira. Kalitate aldetik, talde hobea du orain. Alabaina, berrien ekarpena, orain arte, ez da behar adinakoa izan.

KONFIANTZARIK GABE

Ezin kolpeei erantzun

Alavesen makalaldiak erro psikologiko nabaria du. Emaitza txarrak kateatu ahala, bere buruan sinesteari utzi diote jokalariek, zelaian garbi ikusi denez. Konfiantzarik ezean, oso zaila da irudimentsu eta sendo jardutea. Burumakur dabiltza, zalantzen gatibu, eta Rayoren kontrako neurketa izan zen erakusgarririk behinena: ordubete baino gehiagoan kopuruz gehiago izan arren, ez ziren gauza izan aurkaria estu hartzeko. Sendo aritu zen aurkaria, baina oztopo nagusia arabarren aldarte itzalia izan zen. Gola ezin sartu, eta jaso egin zuten azkenean. Guztiz etsita gelditu ziren. Getaferen kontra ere amildu egin ziren bigarren zatian, eta Valladolid eta Vila-realen aurka, berriz, nahigabea haserrearekin nahastu zitzaien, epaileek oso penalti zorrotzak adierazi baitzituen.

SARE ZULATUAK

Hauskorregi defentsan

Jada 22 baloi sareratu dizkiote Alavesi; gol gehien sartu dioten taldeetan bigarrena da, Valladoliden atzetik, eta Espanyol, Las Palmas eta Celtarekin berdinduta. Sasoia nahiko sendo hasi zuen, eta atea hutsean utzi zuen lehen sei partidetatik bitan. Haatik, azken zazpi lehietatik bakarra bukatu du golik jaso gabe; Mallorcaren aurka izan zen, eta partida hori irabazi egin zuten gasteiztarrek. Irmotasuna ezinbestekoa zaie garaipenak lortzeko, baina bolada txarrak ahuldu egin ditu erabat: hiruna gol sartu dizkiete Real Madrilek, Bartzelonak, Valladolidek eta Vila-realek, eta bi aldiz zulatu zien atea Getafek. Udako irteerek kalte berezia eragin dute defentsan, eta atzeko lerroa indartu ezinik dabiltza Manu Sanchez, Mouriño, Diarra eta Novoa. Hala ere, defentsako zenbakien errua ez dute soilik atzelariek. Talde guztia ari da huts egiten.

GOLAK, TANTAKA

Argitasunik gabe

Gol eskasiaren errua –ez dute golik sartu azken sei partidetatik lautan– ezin zaie soilik aurrelariei leporatu. Toni Martinezek eraginkortasun harrigarria erakutsi zuen Gasteizera iritsi berritan, baina idortzera egin du. Kike Garciaren kasuan, haren gol kopurua ez da egiten duen lan eskergaren parekoa. Taldeak gol aukerarik sortzen ez badu, aurrelariek nekez goza dezakete area barruan. Arabarrek joko bizi, zorrotz eta dibertigarria egin zuten lehen norgehiagoketan; orain, ordea, ez dira gai jokaldiak ehundu eta aurkariak mehatxatzeko. Carlos Vicente da erasoko jokalaririk onena, eta hark distira egin ezean, Alavesek ez du argitasunik. Jokaldien sorreran, Gebara ez dabil iazko mailan, eta Joan Jordan eragin urria ari da izaten. Zelaiaren azken laurdenean, berriz, gehiago eman behar dute Conechnyk, Stoichkovek, Abdek, Carlos Martinek eta Luka Romerok.

SENDABIDEA, ETXEAN

Batasunaren indarra

Okerren, bisitari bezala dabil Alaves: zazpi partida jokatu ditu etxetik kanpo, eta sei galdu. Bestea irabazi egin zuen, Realaren zelaian. Hirugarren jardunaldian izan zen. Geroztik, puntu bat bera ere ez du bildu Gasteiztik urrun. Hori horrela, susperraldiaren giltza Mendizorrotzan dago. Sendatzen bada, zaleen abaroan izango da. Mallorcari irabazi ostean, funtsezkoa litzateke etxeko hurrengo partidan ere gailentzea: Leganes hartuko du hurrena, azaroaren 30ean. Lehenago, baina, Atletico Madrilen zelaian jokatuko du, gaur, geldialditik bueltan (16:15, Dazn).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.