Baikortasun errealista

Nacho Vidalek uste du Osasuna «bide onetik» doala, baina azpimarratu du «aurrerapausoa» eman behar dutela; adibidez, gaur Sadarren Malaga liderra mendean hartuta (18:00).

enaut agirrebengoa
Iruñea
2018ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Bere burua «baikor» gisa definitu du Nacho Vidalek (Alacant, Herrialde Katalanak, 1995). Hala, ez du uste Osasunaren jarduna alarma pizteko modukoa denik, nahiz eta Nafarroako taldeak espero baino emaitza makalagoak lortu dituen Espainiako Bigarren Mailako ligako lehen laurdenean. Gorritxoak hamabigarren dira, lehen 11 partidetan hamahiru puntu eskas bildu ondotik, eta onenen taldetxoa urruntzen ari zaie pixkanaka. Jaitsiera postuak, berriz, nahi baino gertuago dituzte: bi puntu eskasera. Eskuineko atzelari gaztearen aburuz, baina, ez dute zertan artega egon, oraindik «goiz» delako, eta taldea «hobera» doalako. «Sentipenak onak dira, goranzko bilakaera baitugu. Aldaketa asko izan dira, eta zaila da dena brastakoan barneratzea. Egokitzapena ondo doa. Geroz eta hobeto gaude».

Hori horrela, funtsezkotzat jo du «aldarte onean eta lasai» jarraitzea: «Baikortasuna ez dugu galdu behar, mentalitate horrek batasunari eusten eta talde gisa hazten lagunduko baitigu». Dena den, errealista ere bada Vidal, eta badaki, emaitzei dagokienez, taldearen ibilia ez dela nahi bezain distiratsua izan orain artean. Horregatik, taldea «bide onean» dela deritzon arren, «aurrerapauso baten» premiaz mintzatu da. «Emaitza asko ez dira aldekoak izan, eta beste martxa bat sartu beharra dugu. Zenbait gauza ditugu hobetzeko». Halaber, ez du ezkutatu hainbat neurketa amorrazioz bukatu dituztela. «Anbizio handia dugu, eta, emaitza txarrak lortzean, haserretu egiten gara, noski. Jarrera horrek taldearen inkonformismoa erakusten du».

Bi aurpegiko talde baten gisara dabil Osasuna: sendo dabil etxean, baina bigun etxetik at. Bisitari moduan, hamasei puntutik bi baino ez ditu poltsikoratu. Horregatik dabil erritmoz aldatu eta sailkapenean gora egin ezinik. Zer ari zaio gertatzen Sadarretik kanpo? Vidalek ez daki arrazoi zehatza zein den esaten: «Partida guztiei modu berean heltzen diegu, eta azken partidetan ondo sentitu gara. Saiakerak egin ditugu emaitza hobeak lortzeko, baina ez da posible izan, xehetasun txikiengatik. Oso zaila da Bigarren Maila, eta halakoak gertatzen dira».

Nafarrak markagailuan aurrea hartzeko gai izan dira etxetik kanpo jokaturiko azken bi lehietan, baina ezin izan diote errentari eutsi. Atea hutsean utzi ezinik dabiltza: soilik bi partida bukatu dituzte golik jaso gabe, biak ere Sadarren. Arazo horren diagnosia garbiago du atzelari gorritxoak: «Uste dut gehiago hitz egin behar dugula gure artean. Eta ez naiz atzelariez bakarrik ari. Komunikazioa oso garrantzitsua da, eta hori egunero landu behar da. Arreta eta komunikazioa uztartuz gero, partida askotan utziko dugu atea hutsean».

Gabeziak gabezia, uste du eguneroko lana ona dela, eta azpimarratu du taldea eroso dagoela Jagoba Arrasatek ezarritako jokamoldearekin: «Agerikoa da gustura gaudela; uste dut hori zelaian igartzen dela. Jagobak bere mezua behar bezala transmititu digu, eta norabide onean goaz. Hasieran normala da egokitzeko denbora apur bat behar izatea, baina orain eroso gaude jada».

Vidal uztailean iritsi zen Osasunara, lau urterako kontratua sinatuta, jokalari gisa hazteko asmoz. Valentziaren harrobian zaildu eta lehen taldera igo ostean, ikusi zuen bertan ez zuela «jokalari gazte batek behar adina» aukera izan behar. Hala, udaran harturiko erabakia «urrats natural» gisa ikusten du. «Nire nahia jokatzea zen, eta Osasunara etortzeko aukera sortu zen. Klub historikoa da. Ez nuen bitan pentsatu. Lehiatzeko asmoz etorri nintzen, eta, oraingoz, ezin naiteke kexatu». Haren hitzetan, harrera «paregabea» egin diote klubean. «Erakutsi didate hau familia bat dela, eta jada familia horretako kide sentitzen naiz».

Burbuilatik at bizi da

Manuel Castellano Lillo du lehiakide atzeko eskuin hegalean, eta harreman oso ona omen du harekin: «Pertsona oso atsegina eta langilea da. Asko gustatzen zait aldamenean halako taldekideak izatea, beren grina kutsatzen baitute. Lehia oso osasuntsua dugu; batak bestea hobetzen du».

Arlo pertsonalean, zaletasun ugari ditu futbolaz harago. «Nire zaletasunetako bat fisioterapia da. Iaz bukatu nituen unibertsitateko ikasketak. Horrez gain, sukaldea, zinema eta irakurketa ere asko gustatzen zaizkit. Orain, ekonomiari buruzko gaietan dut interesa».

Halaber, uste du «aberasgarria» dela futbolaren burbuilatik irtetea. «Niretzat beharrezkoa da lanetik kanpoko jendearekin harremana izatea. Gozatu egiten dut futboletik harago dagoen bizitzarekin». Urte hasieran, oihartzun handiko artikulu bat idatzi zuen prentsan, futbola eta ikasketak bateratzeari buruz. Haren iritziz, geroz eta gehiago dira jantziak izan nahi duten jokalariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.