Ander Iturraspek eta Mikel Ricok Athletic utziko dute ekainean. Bi erdilariei kontratua bukatzen zaie, eta taldeak jakinarazi du ez diela berrituko. Ez da ezusteko albistea, biek oso partida gutxi jokatu baitituzte sasoi honetan. Orain Markel Susaeta, Aritz Aduriz, Xabi Etxeita eta Sabin Merinoren etorkizuna argitzea falta da, haiei ere kontratua amaitzen zaielako.
Iturraspe eta Rico Athleticen ibilbide luzea eginik jokalariak dira, baina urteak pasatu hala pisua galdu dute. Iturraspek (30 urte) 11 sasoi egin ditu Athleticen eta 320 partida jokatu ditu guztira, baina bost baino ez sasoi honetan ligan. 2011-12 denboraldian 41 partida ofizial jokatu zituen, baina urrun gelditu dira garai haiek. Ricok (34 urte), aldiz, 174 partida jokatu ditu Athleticen eginiko sei denboraldietan. Sasoi honetan, baina, lau baino ez ditu jokatu. Ondo bidean biek ez dute arazorik izango jokatzen jarraitzeko.
Beste jokalariei dagokionez, egoera argitzeko dago. Susaeta taldearekin negoziatzen ari da eta Adurizek oso gutxi jokatu du. Etxeita, bere aldetik, Huescan utzita egon da eta partida asko jokatu ditu, Merinok, aldiz, hamabi baino ez Leganesen. Alex Remirok ere ez du jarraituko, eta litekeena da Realera joatea.
Athleticek ez die kontratua berrituko Iturrasperi eta Ricori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu