Raul Neto. Lagun Aro GBCko jokalaria

«Asko zigortzen dituzte gure okerrak, eta buelta eman ezinik ari gara»

Lagun Aroko harribitxia da. Etorkizun oparoa du, baina zer hobetu asko ere bai. Ezin du argitu emaitza txarren zergatia, lan saioetan «ondo» ari direlako. Egutegi zailarekin «baikor» dago.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Loiolako Erribera auzoan bizi da Raul Neto, Donostian (Belo Horizonte, Brasil, 1992). Asteazken arratsaldean, euria goian behean, zaparrada handiak eta haizete indartsuak. Eta Neto, jertse arinarekin soinean. Urte eta erdian Euskal Herriko udazken petralera ohitu dela bistan da, baina bere jaioterriko gauza asko falta ditu: klima goxoa, familiaren berotasuna...

Urte eta erdi daramazu dagoeneko Donostian. Joan den sasoian ez zen aukerarik izan zu elkarrizketatzeko, eta epe horretako balantze bat egitea nahi nuke. Nola sortu zen Euskal Herrira etortzeko aukera?

Brasilgo selekzioarekin entrenatzen ari nintzen, eta Marcelinho Huertasek esan zidan nirekin eta nire aitarekin hitz egin nahi zutela Lagun Aroko kideek. Marcelinhok esan zidan Sito Alonso jokalari gazteontzat oso entrenatzaile ona dela, eta ACB ligan jokatzea amets bat da edozein jokalarirentzat.

Pentsatzen dut ez zela erabaki erraza izan. Dena atzean utzi beharra 18 urterekin: lagunak, sendia, etxea, aberria...

Ez zen erraza izan, baina erabakia hartu beharrekoa zen, lehenago edo geroago, Brasilen ez baitago jokalari gisa hazteko aukera handirik. Banekien egunen batean Europara jauzia eman beharko nuela, eta aukeran, ACB ligan jokatu nahi nuen; ezin nuen ezezkoa eman. Lagun Aro talde handia ez izateak ere lagundu zuen, banekielako jokatzeko aukera izango nuela.

Beste eskaintzaren bat jaso al zenuen?

Bai. AEBetako unibertsitateren batek eta Europako talde batzuk, ACB ligakoek ez, interesa erakutsi zuten ni kontratatzeko, baina Lagun Aroren aukera izan zen erakargarriena.

Hona iritsita, zer moduz moldatu zara?

Ondo. Aita etorri zen abenduan astebete, eta hilabete osoa denboraldi bukaeran. Gogorra izan zen aita eta ama gabe bizitzea, haiek dena egiten zidatelako Brasilen. Partidaren bat galtzean eta, falta izan ditut aitaren animoak, baina esperientzia ona izan da, eta klubak asko lagundu dit gauza askotan: etxea, janaria...

Zer izan da gogorrena zuretzat?

Lagunak. Kantxatik kanpokoak. Hemen lagunak baditut, lanbide kideak, baina kantxatik kanpo ez daukat lagunik, eta gogorra da hori. Partida bat bukatu, eta lagunarte on batean egotea.

Eta zer gustatu zaizu gehien?

Klubak eman didan laguntza. Jokalariek ere asko lagundu didate. Batez ere David Doblasek, afaltzera gonbidatzen ninduen bere etxean, eta Julen Olaizola eta Mikel Motosekin ere denbora dezente pasatzen dut, haiek ere gazteak direlako, ni bezala. Janaria ere ona da. Nahiago dut Brasilgoa, baina hemen ondo jaten duzue.

Zein zaletasun dituzue lan saiorik edo partidarik ez daukazunean?

Eguraldiaren araberakoa izaten da hautaketa. Eguraldi onarekin, Julen, Mikel eta Dani Diezekin osteratxoa egin ohi dut, eta euria ari badu, etxean, filmen bat ikusi, gurasoekin hitz egin lasai Skype-tik...

Bost urterako fitxatu zintuen klubak, etorkizun handiko jokalaria zarela pentsatzen dutelako. Non dago gaur egun Raul Neto, prozesu horretan?

Hobetzen ari naiz pixkanaka, baina asko daukat oraindik hobetzeko. Teknika lantzen dut asko Sito Alonsorekin, eta Javi Salgadok ere gauza asko erakusten dizkit, eskarmentu handia duelako. Erabaki zuzenak hartu, jaurtiketak landu... Horiek ere hobetu behar ditut.

Zertan moldatzen zara ondoen?

Dena ondo egiten saiatzen naiz. Fisikoki indartsua naiz barneraketak egiteko; lehen pauso azkarra daukat.

Partida batzuetan, hiruko onak saskiratzen ikusi zaitugu. Alor horretan asmatzen hasten bazara, oso jokalari arriskutsua izango zara.

Hirukoetan portzentaje onak lortu izan ditudanean jokatu ditut partida onenak. Nire parekoek pare bat metro ematen dizkidate, badakitelako jaurtiketetan ez naizela oso iaioa, baina asmatzen hasi naiz.

Zer gertatzen zaio taldeari sasoi honetan?

Ez dakit erantzun zehatza zein den. Entrenatzen-eta ondo ari gara, baina gero, partidetan, ez dugu asmatzen. Jokalari berri asko ditugu, eta haiei ere espero baino gehiago kostatzen ari zaie talde dinamikan sartzea. Oker batzuk egiten ditugunean sekulako zigorra jasotzen dugu, eta gero horri buelta eman ezinik aritzen gara.

Kluba erabakiak hartzen hasi da. Esan du azken bi partidetan zuen jarrera ez dela egokia izan, eta Iaroslav Korolev taldetik kanpo utzi du. Zer hitz egiten duzue jokalarien artean?

Ezin garela hondoratu, taldea denon artean bultzatu behar dugula. Baikorrak izaten saiatu behar dugula, jai daukagulako geure buruari gaizki gaudela esan besterik egiten ez badugu.

Joan den denboraldia bikaina izan zen, eta agian horregatik, 1-8 balantze eskasak espero baino kritika gehiago eragin ditu, zalantzak piztu ditu. Ados?

Joan den sasoiarekin gogoratzea alferrikakoa da, orduko taldea eta oraingoa erabat ezberdinak direlako. Woods, Ibekwe, Guille Rubio... daude orain, eta daudenekin lan egin behar dugu.

Egutegi zaila duzue hurrengo asteetan. Hurrena, Baskonia.

Gure mailako taldeekin ezin dugula nabaria da, eta handien aurka saiatu beharko dugu orain. Baikorra naiz, eta zaleei ere baikorrak izateko eskatu nahi nieke. Buelta emango diogu.

Gauzak normal badoaz, zure kirol ibilbidea beste hiriren batean bukatuko duzu. Non ikusten duzu zeure burua epe ertainean? NBAn, agian?

Hitz potoloak dira horiek. Gaur-gaurkoz, oso urrun ikusten dut NBAn jokatzeko aukera.

Donostiatik zuzenean, edo beste hiriren batetik?

NBAra iritsiko banintz, bigarren mailakoa litzateke hori, iriste hutsak balio ikaragarria daukalako. Gertatzekotan ere, urteak pasatuko dira. Beraz, lasai.

Mailari eutsiko al dio Lagun Arok?

Zer esatea nahi duzu nik? Horixe baietz. Kontrakoa esateak federik ez daukadala esan nahiko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.